Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 17

Nafarroako Gobernua 2030 Agendaren ezarpenean buru izan dadin premiatzen duen ebazpena

Osko Bilkuran onetsia. 2019ko urriaren 17an

1.- Nafarroako Gobernua premiatzen da 2030 Agendaren garapen jasangarriko helburuak eta jomugak betetzen jarrai dezan zeharkako izaeraz, eta agenda hori erakundeen mailarik gorenean koka dezan, halako moduan non Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen baita 2017an eratutako departamentuen arteko batzordearen burua eta Lehendakaritzako Departamentua batzorde exekutiboan sar dadin, inplementazioa betetzen dela koordinatzeko eginkizunekin, zeharkako izaera hori bermatzeko.

 

2.- Gobernuari eskatzen zaio GJHen lorpenean buru izan dadin, gizartearen egiazko transformazioa ekarriko duten eta egungo nahiz etorkizuneko erronkei bermeekin aurre egitea ahalbidetuko duten politika publiko aitzindariak eginez. Aitzindaritza hori oinarri, gizarte zibileko erakundeekin batera lan eginen du Nafarroako erakunde guztiek nola enpresa-, gizarte- eta toki-sareak ezagutu eta jorra ditzaten 2030 Agendaren 169 jomugak eta Nafarroa 2030 Agenda betetzearen buru jarriko duten politikak egin ditzaten.

 

 

3.- Nafarroako Gobernua premiatzen da albait lasterren gara dezan, bere ekintza planean bertan jasotzen den bezala, 2030 Agendaren komunikazio eta hedapen plan bat, erabakitasunez bultzatuko duena “Jasangarritasunaren Kultura” nafarren artean. Plan horren barruan egon beharko du eraikitako Visor Web-en hedapena, herritar guztiek kontsultatu ahal izan ditzaten datuak, garapen jasangarriko helburuak betetzeari dagokionez. 2030 Agendaren komunikazio- nahiz ezagutarazpen-planak Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko dira. Garapen Jasangarriko Helburuen erdiespenean izandako aurrerapausoei buruz egiten diren ondoz ondoko bilakaera-txostenak, zeinak bidaliko baitzaizkie bai erakunde sozial, enpresarial, sindikal eta abarri bai toki-, autonomia-, nazio- nahiz nazioarte-mailetan diharduten erakunde politikoei, Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan jaulkiko dira.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak lan talde bat eratuko du bere ibilbidea burutzeko eta hala 2030 Agendaren garapen jasangarriko helburuak betetzeko.

 

PSN talde parlamentarioak aurkeztua.

 

Aho batez onetsia.