Nafarroako Foruzaingoaren lanaldiak, ordutegiak eta ordainsariak arautzeko Foru Legea onetsi da
Forma-akatsagatik baliogabetutako erregelamenduaren edukia errespetatzen da agenteen % 80ri sortutako kalte ekonomikoa saihesteko, 2016tik ordainsariak murriztuko litzaizkiekelako
Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroako Foruzaingoaren lanaldiak, ordutegiak eta ordainsariak arautzeko Foru Legea onetsi du PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, EH Bilduren eta I-Eren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin.
Irakurketa bakarrean izapidetuta, PSNk sustatutako ebazpenaren helburua da 79/2016 Foru Dekretuaren edukia indarrean mantentzea, erabat deuseztatua izapidetzean forma hutseko akats bat atzemateagatik, ekidite aldera Foruzaingoaren kideen % 80ri sortutako kalte ekonomikoa; hau da, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainsari osagarriak murriztea.
Gauzak horrela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako lau epaiak onartzeak dakarren "proportzioz kanpoko ondorioa" saihesteko, kontuan hartuta xedapen materialak ez direla inongo zuzenbideren kontrakotzat deklaratu, 79/2016 Foru Dekretuak jasotzen duen Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien erregelamenduaren edukia indarrean mantentzea ebazten da.
Arauak jasotzen duenez, aldi baterako egiten da, harik eta, Nafarroako Polizien azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoa aplikatzearen ondorioz Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldiak eta ordainsariak arautzeko onesten den araudi berria –erregelamenduzko garapenerako urtebeteko epea 2019ko azaroan amaitu zen–indarrean sartzen den egunera arte.
Aurreko Nafarroako Gobernuak 15/2015 Foru Legetik abiatuta egindako 79/2016 Foru Dekretuak (PSNk sustatua eta Bilduren, Aralar-Nabairen eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin onetsua) –Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legea aldatu zuen– 816 agenteren soldatak igotzea eta 242renak jaistea ahalbidetu zuen, eta zenbait sindikatu eta goi agintarik helegitea jarri ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak arrazoia eman zien. Kaltetuek jaso ez zituzten zenbatekoak 4 milioi inguru dira.
Osoko bilkuran egindako eztabaidan, EH Bilduk aurkeztutako 3 zuzenketa eztabaidatu eta onartu dira, lege honen izaera "iragankorra" azpimarratzeko, bai eta 23/2018 Foru Legearen lanaldiei, ordutegiei eta ordainsariei buruzko xedapenen indarraldia nabarmentzeko ere; izan ere, onartu berri den Legea erregelamendu bidez garatu behar da. Garapen hori amaitutakoan, legea iraungi egingo da.
EH Bilduren hirugarren zuzenketak zerikusia du 23/2018 Foru Legearen Hirugarren Xedapen Iragankorrean proba fisikoei buruz xedatutakoa mantentzearekin. Beraz, agenteek konpentsazio ekonomikoaren (mailaren hasierako soldataren % 17) edo orduen (urtean 126) artean aukeratzen jarraitu ahal izango dute. Salbuetsita geratzen dira 2018. urtearen amaieran sartutako poliziak, eta pizgarri ekonomikoa soilik aukeratu ahal izango dute proba fisikoak gaindituz gero.
Nafarroako Poliziei buruzko 23/2018 Foru Legeak soldata-egitura berri bat ezartzen du, kontzeptu eta portzentaje-kuantifikazio berrietatik abiatuta. 2018ko azaroaren 15ean onartu zen, UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (3) alderdien aldeko botoekin, PSN, PPN eta I-E alderdien abstentzioekin eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (4) aurkako botoekin.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (33. NPAO, 2021-03-09koa)