Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Maiatzak 23

Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean haustura hidraulikoaren teknika erabiltzea gas ez-konbentzionala ikertzeko eta erauzteko teknika gisa debekatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Osasun eta ingurugiro arriskuak aipatzen dira, Nafarroaren kasuan, nekazaritza, nekazaritzako produktuen industria eta landa-turismoa ukitu ditzaketenak

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNk haren aurka emandako botoarekin, Nafarroan haustura hidraulikoaren teknika debekatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako Foru Lege proposamenaren xedea da “Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan haustura hidraulikoaren teknika edo fracking-a erabiltzea debekatzea, alegia, gehigarri kimikoen injekzioaren bidez gas ez-konbentzionala ikertzeko eta erauzteko teknika gisa debekatzea”.

Proposatzen denez, teknika hori erabiltzea “hirigintzako arau-haustetzat” hartuko da, Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Lurzoruaren Hirigintza-araubideari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

Legean xedaturikoa aplikatzekoa izanen zaie “jada emanda dauden baimenei edo izapidetzen ari direnei”, bai “legea indarrean sartu eta gero aurkezten diren” eskaerei ere.

Zioen azalpenean, bai osasunaren ikuspuntutik bai ingurumenaren babesaren ikuspuntutik planteatzen dituen galderetan babesten da, 2011ko ekainean Europako Parlamentuko txosten batek azpimarratzen duen bezala. Horrez gain, azpimarratzen da “gizartean kezka” badela teknika horrek ekar ditzakeen arriskuak direla-eta. Izan ere, Nafarroaren kasuan nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria ukitu dezake, bai eta “landa-turismoaren arloan nazioko erreferente” gisa duen maila ere.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2013-04-09koa)