Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Maiatzak 23

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko Foru Legea aldatzen duen Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Zaintzaren nahitaezkotasuna malgutzen da, mila hektareatara murrizten da barruti bat eratzeko eskatzen den gutxieneko azalera eta jarduera zigortzailea aldatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, PPNk eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, Bildu-ren eta Aralar-Nabairen abstentzioarekin eta I-Ek haren aurka emandako botoarekin, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.

UPNk aurkeztutako Foru Lege proposamenaren xedea araudia egungo beharrizanetara egokitzea da, hartara, besteak beste, zaintza sistemaren nahitaezkotasuna, barruti bat eratzeko eskatzen den gutxieneko azalera, debeku intentsiboen zehaztasunak eta jarduera zigortzailea berrikusten dira.

Zaintza sistemak, zeina 17/2005 foru legean jasotze baita eta erregelamenduaz ezartzen denari jarraikiz aurtengo otsailetik aurrerako indarraldia baita, “ika-mikak” eragin ditu eta, ondorioz, 51. artikulua aldatzea proposatzen da, halako moldez non barrutiaren titularrak ezarriko baituen beharrezkoa ote den barrutian ehiza-zaintzako sistema bat edukitzea, zeina aurrerantzean ez den derrigorrezkoa izanen.

Zaintza ezartzea erabakitzerakoan aurreikusitako ehiza aprobetxamenduaren “ezaugarriak” hartu beharko dira kontuan, eta “behar adina ziurtatze” aldera ehiza-espezieen aprobetxamendu egokia egiten dela eta nahitaezko izaeraz ezarritako “kontrol eta jarraipen” neurriak ezartzen direla.

Edonola ere, proposatzen da barrutiak ehiza-zaintzako sistema bat eduki beharko du “salbuespeneko ehiza-baimenak” betetzeko, bai 39. artikuluan jasotako metodo debekatuak erabiltzeagatik, bai ohiko ehiza-denboralditik kanpo egiteagatik.

Gainera, zaintza beharko da untxiak udan ehizatzeko, populazio-hazkuntzarako (salbu eta hazitako ehizakien eremuetan egindako askatzeak), oreinak zelatan ehizatzeko, monterietarako, populazioen urtealdi-kontroletarako eta erregelamenduz gara daitezkeen bestelakoetarako.

Bestalde, proposamenak 1.000 hektareatik gorako tokiko barrutiak eratzea baimentzearen alde egiten du, baldin eta ehiza larria bada aprobetxamendu nagusia eta barrutiaren kudeaketa zuzenean egiten badu toki entitate titularrak, edo enkanteen bidez egiten bada.

Ehiza-barrutien aprobetxamenduari dagokionez, Ehiza Antolamendu Planean xedatutakoaren arabera egingo da.

Zehapen-araubideari eta 89. artikuluan jasotzen diren arau-hauste oso larriei dagokienez, kalifikazio hori merezi duen jarrera bat gehitzen da, hain zuzen, “ehiza-espezieak baimenik gabe sartzea edo askatzea edo baimenean ezarritako baldintzak ez betetzea”.

Halaber, arau horren lehenengo idatz-zatia aldatzen da, hartara, “pozoiak eta amu pozoituak jartzea eta legedi indardunak debekatutako substantzia toxikoak erabiltzea” zigortzeko.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 39. zk., 2013-04-15ekoa)