Nafarroako Dantzarien Biltzarreko 50 bat dantzarik Parlamentura bisita egin dute lehen aldiz
Hamasei herritako beste hainbeste dantzari talderen ordezkariak joan dira, eta atarian dantza egin dute
Nafarroako Dantzarien Biltzarreko berrogeita hamar bat dantzarik lehen aldiz Parlamentura bisita egin dute iragan asteburuan. Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzaren eskaintzari erantzunez egin dute bisita, gonbita egin baitzien Legebiltzarraren egoitza ikustera eta hango atarian dantza egitera joateko.
Dantzarien harreran parte hartu dute, halaber, Geroa Baiko Patxi Leuza, María Solana eta Consuelo Satrústegui eta EH Bilduko Asun Fernández de Garaialde parlamentariek. Guztiek dantzariei lagun egin diete Nafarroako Parlamentua ikusteko bisita gidatuan.
Parlamentura bisita egin duten dantzariek Nafarroa osoko 16 dantza talde ordezkatzen zuten: Iruñeko Iruña Taldea, Lau Urrats, Jaso, Oberena, Amaiur eta Muthiko Alaiak, Izabako Kurrukla, Iribasko Basakaitz, Lizarrako Francisco Beruete, Atarrabiako Mikelats, Tuterako Donibaneko Makil Dantza, Agoizko Angiluerreka, Noaingo Ardantzeta, Burlatako Larratz, Nafarroako Dantzazaleak eta Nafarroako Txistularien Elkartea.
Bisitaren ondoren, opariak trukatu dituzte eta taldeko argazkia egin dute bilkura aretoan. Gero berrogeita hamar bat dantzarik Hegi, Ostalerrak, Baztango zortzikoa eta beste dantza batzuk egin dituzte Parlamentuko atarian.