Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Otsailak 22

Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi da

Esnetarako eta haragitarako behien ustiategi berriek ezingo dute 1.250 unitate baino gehiago eduki, eritasunak zabaltzea eta horien ondorioak ekiditeko prebentzio neurri gisa

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi du gaur. Testuak esnetarako eta haragitarako behien abeltzaintzako ustiategien gehieneko neurriak ezartzen ditu, ez daitezen 1.250 AzLU (azienda larriko unitate) baino gehiago izan, eritasunak zabaltzea prebenitzeko eta hauen kontrol eta desagerraraztea errazteko.

 

Zehazki, arauak egungo Abereen osasunari buruzko Foru Legearen 28 eta 39. artikuluen testua aldatzen du, distantziei eta abere-dentsitateari dagokionez eta abeltegiari ematen ahal zaion gehieneko kalte-ordainaren zenbatekoa mugatzeari dagokionez, hurrenez hurren. Era berean, abeltegiaren gehieneko neurriak ezartzen dituen eranskin bat gehitzen du.

 

28. artikuluaren testu berriak dioenez, esnetarako eta haragitarako behien ustiategi berriek edo orain daudenen handitzeek (zezenketetarako azienden ustiategiak barne) ezingo dituzte 1.250 unitate baino gehiago izan. Gainerako ustiategien kopuruek ez dute aldaketarik izanen.

 

Bestalde, bosgarren xedapen gehigarri bat ezartzen da, arauak indarra hartzean ezarritako gehieneko neurriak gainditzen dituzten abeltegiei, indarrean duten ingurumen lizentzian aurreikusitako neurria aitor dakien abeltegiaren gehieneko neurri gisa. Edonola ere, ezin izanen dute gehieneko neurri hori handitzea dakarren aldaketarik egin instalazioan, ez eta ekoizpenaren orientazioan ere.

 

Irizpenak hirugarren xedapen iragankorra birplantetatzen du, ahalbidetzeko 1.250 AzLU baino gehiago dituzten behi-aziendaren abeltegiak jarri edo handitzeko abeltzaintzako baimenetarako eskaerak, 2021eko maiatzaren 20a baino lehen aurkeztu eta maiatzaren 10eko 8/2021 Foru Legea aplikatuta tramitazioa etenik dutenak, haien ingurumen lizentziaren eskaeran aurreikusita zeuden neurrien arabera tramitatzea, aplikatuz eskaeraren egunean indarra zuen araudia.

 

Oroitu behar da 8/2021 Foru Legeak etenaldi bat ezarri zuela, Lege proiektu hau izapidetu bitartean, “1.250 AzLU baino gehiagoko behi-aziendaren abeltegiak ezarri edo handitzeko abeltzaintzako eskaerak onartu eta baimen berriak emateko”. Edozein kasutan ere, 2022ko maiatzaren 30 arte.

 

Talde batek ere ez du babestu EH Bilduk defendatutako hirugarren xedapen iragankorra kentzeko zuzenketa. I-E abstenitu egin da eta gainerakoek kontra bozkatu dute.

 

Halaber, bertan behera geratu da EH Bilduk 1. artikulua aldatzeko aurkeztu duen zuzenketa, abeltzaintzako ustiategien gehienezko ekoizpen-ahalmena murrizteko, behien (esnea eta haragia) eta txerrien kasuan, 850 eta 720 AzLUraino, hurrenez hurren. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute. I-Ek bakarrik babestu du neurria.

 

Distantziei dagokienez, Abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituen 31/2019 Foru dekretuan ezarritakoak mantentzen dira, guztiak gaixotasunen eragina eta zabalkundea ekiditeko prebentzio-neurriak.

 

Distantziak zehazteko, kontuan hartuko dira inguruabar geografikoak eta abere espezieen ezaugarriak, ustiategiaren neurria, ustiategi mota eta arrisku epidemiologikoa. Ustiategien izaera estentsibo edo intentsiboa baldintzatzat hartzea baztertu egin da. Asko horrekin aurkeztu du EH Bilduk zuzenketa, eta baztertu egin da Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin. I-Ek alde bozkatu du.

 

Azkenik, 39. artikuluaren 2. atala aldatzen da (animaliak nahitaez hiltzea) eta 1.500.000 euroko kalte-ordaina zehazten da ustiategi bakoitzeko, behi-aziendaren tuberkulosia, behi-aziendaren bruzelosia, ardi- eta ahuntz-aziendaren bruzelosia, mihi urdina eta entzefalopatia espongiforme kutsakorrak bezalako gaixotasunen kontrako borroka, kontrol edo desagerrarazteko programa nazionalen barruan abereak hiltzeagatik.

 

Batzordean egin den eztabaidan EH Bilduk aurkeztutako 7 zuzenketak eztabaidatu eta baztertu dira, idazketa-hobekuntzak edo terminologia-aldaketak sustatzen zituztenak barne, hala nola gehienezko tamainak gehienezko ekoizpen-ahalmenarekin ordezkatzea.

 

Irizpena onetsita, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko Foru Legearen aldaketa osoko bilkuran eztabaidatu eta behin-betiko bozkatuko da, aurreikusten denez, martxoaren 3an.

 

Blanca Regúlez (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Miguel Bujanda, Pachi Pérez, Raquel Garbayo, Jorge Esparza, Isabel Olave, José Suárez (Navarra Suma), Javier Lecumberri, Ainhoa Unzu, Virginia Magdaleno (PSN), Pablo Azcona (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).