Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Irailak 15

Nafarroa Oinez 2023k Nafarroako ikastolen festa ospatzera gonbidatu du Nafarroako Parlamentua

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur Legebiltzarraren egoitzan Nafarroa Oinez 2023ren ordezkaritza bati, honakoek osatua: Elena Zabaleta, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Josu Reparaz, erakunde horretako zuzendaria; eta Izaskun Errazkin eta Iñigo Orella, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lehendakaria eta zuzendaria hurrenez hurren, aurten urriaren 8 izanen den iganderako aurreikusita dagoen festa hau antolatzearen arduraduna izaki ikastola hori.

 

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola 1969an fundatu zen, eta aurten, bere 54. urteurrenarekin bat, berea du, halaber, Nafarroako ikastolen festa antolatzeko zeregina. Lelotzat 'hotsein' harturik, Tafallako Garcés de los Fayos ikastolaren lekukoa hartu du, eta jada burutzear dauzka euskararen aldeko festa honek urtero erakartzen dituen milaka bisitariei abegi egiteko prestalanak.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Nafarroa Oinez 23ren ordezkarien ahotik izan du hilabeteotan egin duten lanaren berri, zeinak xedetzat baitu arrakastaz gauzatzea Nafarroako ikastolen festaren 42. edizioa, pandemiagatik 2020an bertan behera utzia eta 2021ean berreskuratua.

 

Unai Hualdek nabarmendu egin du Andra Mari ikastolak beste eragile sozial batzuekin batera Etxarri Aranatzen eta Sakana osoan euskararen prezatzearen alde bost hamarkada hauetan zehar egin duen ekarpen erabakigarria. "Gaur egun ere, sortua izan zenetik mende erdi baino gehiago igaroa denean, beharrezko izaten dirau bide-erakusle hauek goraipatzeak lingua navarrorum dugun honen normalizazioranzko erreibindikazio-jardunean".

 

Horrez gain, ordezkaritzak Nafarroa Oinez 23rako gonbidapen formala eman dio eskura Parlamentuko lehendakariari.