Muturreko Pobreziari eta Giza Eskubideei buruzko Nazio Batuen errelatoreak hitzaldi bat eman du online Nafarroako Parlamentuan
Unai Hualdek zorionak eman dizkio Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako Nafarroako Sareari lan egindako hiru hamarkadengatik, eta kohesio sozial handiagoa izateko gehiago ahalegintzearen alde agertu da
Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako Nafarroako Sareak hitzaldi bat antolatu du gaur Nafarroako Parlamentuan, urriaren 17an ospatzen den Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren inguruan egin den “Urria, pobreziaren aurkako hilabetea” proiektuaren markoan.
Ekitaldian izan dira Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilari Carmen Maeztu eta Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako Nafarroako Sareko presidente Andrea Corera.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde arduratu da hasierako ekitaldiaz eta, hasteko, zorionak eman dizkio Sareari hiru hamarkadatan zehar egin duen ahaleginagatik “Nafarroa bidezkoago, berdinzaleago eta hobe bat eraikitzeko. Plazera da alderdi bidezkoak eta egingarriak eskatzen dituzten kolektiboekin lan egitea. Ez da erraza, baina legebiltzar honetan ordezkatuta dauden talde guztiek amaiarazi nahi dute bazterketa”, adierazi duenez.
Azaldutakoaren harira, nahiz eta “konparazioko analisiak” erakutsi Foru Komunitatea beste lurralde batzuekin alderatuta egoera hobean dagoela, Unai Hualdek azpimarratu du “larrialdi seinaleak” ikusten hasi direla eta “gehiago ahalegindu behar garela, hemen ere egoera okerragotu delako. Guztion onerako lan egiteko eginkizuna dugu, gizarte politikarik onenak eta zerbitzu publikorik onenak bilatzeko. Une ona da eztabaidari heltzeko, aurrekontu orokorren proiektua laster iritsiko delako, eta urteko legerik garrantzitsuena da”, azaldu duenez.
Amaitzeko, lehendakariak berriz ere eman dizkio eskerrak Sareari, eta azpimarratu du Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako 2021-30 aldirako Nafarroako Itunarekin konpromisoa dutela. Betetzen den “ebaluatu nahi da batzorde espezifiko baten bidez, eta espero dugu ahalik arinen hasi ahal izatea lanean PESekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera desberdinkeria tasa murrizteko. Zuen gogoetei erne egonen gara. Ohorea da Muturreko Pobreziari eta Giza Eskubideei buruzko NBEren errelatorea entzun ahal izatea. Mundua ez dago momentu onean. Nahiz eta gezurrezkoa iruditu, gerren eta Palestinako genozidioaren izugarrikeriak berebiziko bihurtzen dute giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea bete daitezela aldarrikatzen jarraitzea”, esan du amaitzeko.
Bestalde, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilari Carmen Maeztuk azpimarratu du garrantzitsua dela erakunde publikoek pertsona guztien alde lan egitea. Bere hitzetan, “politika publikoak harresi sendoa dira gorrotoaren aurka, zaurgarritasun egoeran daudenentzako babesa eta blindajea”.
Ondoren, Pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako Nafarroako Sareak Muturreko Pobreziari eta Giza Eskubideei buruzko Nazio Batuen errelatore Olivier De Schutter jaunaren parte hartzeaz gozatu du online.
Giza Eskubideen Batzordeak muturreko pobreziari eta giza eskubideei buruzko Nazio Batuen errelatore berezi izendatu zuen Schutter 2020ko martxoan. Aktiboki lagundu du Europar Batasuneko oinarrizko eskubideen babesa indartzen. Gainera, zenbait lan argitaratu ditu eskubide ekonomiko eta sozialei buruz.
Pobreziaren aurkako Nafarroako Sareak Olivier De Schuterrek parte har dezala nahi izan du nafar gizarteari kanpoko ikuspegi aditua emateko pobreziaren eta gizarte bazterketaren inguruan.
Gaur egun diskurtso aporofoboak goraldian daudenez, sareak funtsezkotzat jotzen du gai horien inguruan hausnartzea eta ikusaraztea, inklusioa eta pertsona guztienganako errespetua sustatzen dituen elkarrizketa bultzatzeko.
Hitzaldian, De Schuterrek bere azken bi txostenak aurkeztu ditu: “Pobrezia desagerraraztea hazkundetik harago” eta “Zirkulua haustea: etxegabetasunaren eta pobreziaren kriminalizazioa amaiaraztea”, biak 2024an argitaratuak.
Analisian, errelatoreak pobrezia kriminalizatzearen arazoari heldu dio, errealitate hori duten pertsona asko baitaude Nafarroan, eta eskatu du inklusioa eta giza eskubideenganako errespetua sustatzen dituen agenda bat sor dadila.
“Bi argitalpen horiek nabarmendu nahi izan ditugu Nafarroan oso hurbil ditugun errealitateen isla direlako. Gure Foru Komunitatean 115.000 pertsona baino gehiago daude pobreziako nahiz gizarte bazterketako egoeran”, Sarearen presidente Andrea Corerak azaldu duenez.
Pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako Nafarroako Sareak defendatu du datuek pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontzeptuak barnean hartzen dituzten “egoeren dibertsitatea” erakusten dutela. Dibertsitate horri, sareak azaldu duenez, “30 urte gizarte aldaketaren alde” deritzun proiektuaren bidez heldu diote, eta 30. urteurrena dela-eta egin dute proiektua.
“Pobreziaz eta gizarte bazterketaz mintzo garenean, errealitate askoz gara mintzo. Horregatik Saretik beti defendatu dugu Nafarroako Gobernuak borroka horretan esku hartu behar duela. Ez pertsonen bizitza departamentutan banatzeko, baizik eta politika guztien helburuen erdigunean jartzeko giza eskubideen defentsa”, Corera Ripodasek aldarrikatu duenez.
Ekitaldiaren amaieran Pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako Nafarroako Sarearen presidenteak aldarrikatu du zeinen garrantzitsua den pobrezia politika guztien erdigunean jartzea, eta hura desagerraraztea ez izatea soilik gainerako areen ondorio, baizik eta helburua bera.