Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Irailak 8

Mozio bat baztertu da xedetzat zuena Nafarroako Gobernua premiatzea erretira dezan estepako hegaztiak berreskuratzeko plana onesten duen foru dekretuaren proiektua

Navarra Sumak dio ez dagoela lege estaldurarik eta desoreka dagoela bizikidetza jasangarria sustatzeko politiken eta ingurumenaren babesaren artean

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak baztertu egin du xede hau zuen mozioa: Nafarroako Gobernua premiatzea “erretira dezan Nafarroako estepako hegaztiak berreskuratu eta kontserbatzeko plana onetsi eta ‘Nafarroako agroestepak’ izeneko babes bereziko eremua izendatzen duen foru dekretuaren proiektua”.

 

PSN talde parlamentarioak in voce zuzenketa bat aurkeztu du, baina ekimenaren titularra zen Navarra Suma talde parlamentarioak ez du onartu. Mozioak honela zioen:

 

“1.- Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak “Nafarroako estepako hegaztiak berreskuratu eta kontserbatzeko planean”, foru dekretuaren proposamenaren bidezko horretan, aurkezten dituen neurriak ahalik eta adostasun handiena izan dezaten toki entitateen, interesa duten taldeen eta, oro har, ukitutakoen aldetik. Horretarako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak fase bat irekiko du, ukitutako entitateekin eta planarekiko interesa erakutsi dutenekin negoziazioa eta kontsultak egiteko, konpromisoa hartuz dekretua ez aurkezteko fase hori amaitu arte.

 

2.- Negoziaziorako aldi horretan Departamentuak xeheki atertuko ditu, ukitutako udalerri eta jabeekin ados jarrita, behar diren formulak, lortze aldera, helburu globalak arriskuan jarri gabe, ezinbestekoa den azalera ukitzea eta murriztapenak definitu eta doitzea, lurretan izan daitekeen edozein ondorio kaltegarri minimizatzeko, bereziki energia berriztagarriak eta ureztalurrak garatzeko mugapenei dagokienez.

 

3.- “Nafarroako agroestepak” izeneko HBBEak ezartzearekin batera, konpentsaziorako formula egokiak jar daitezen, halako moduz non udalerri ukituenek ordaina jasoko duten aipatu eremu babestuak deklaratzeak ekartzen dituen eragozpenengatik.

 

4.- Nafarroako estepako hegaztiak berreskuratu eta kontserbatzeko planaren edukia Nafarroako hazkunderako eta kohesiorako helburu estrategikoekin bateragarria izan behar da eta haiekin bat etorri, bereziki nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien industriaren garapenarekin duen loturagatik, bultzada emanez Nafarroako ubideari eta Nafarroako Energia Planari, energia berriztagarrien garapenari dagokionez”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Sumak sustatutako mozioak argudiatzen zuen “proportziorik gabea, negatiboa eta behar ez dena” izanen litzatekeela hegaztientzako babes bereziko eremu bat deklaratzea (HBBE bat, ia 100.000 hektarea lur hartzen dituzten 23 gunetan banatua), “zuzeneko erasoa egiten diolako lurzoru pribatuen eta toki entitateen lurzoruen erabilera orori eta jabeak inongo aukerarik gabe utziko dituelako lurzoruen erabilera erabakitzerakoan, besteak beste ekonomia, nekazaritza, abeltzaintza, industria, energia (berriztagarria) eta ehiza arloei begira”.

 

Horren harira, eta “justifikaziorik eza” azpimarratuz, auzitan jartzen da foru dekretua baliatzea jabetza pribatuko eta udal jabetzako lurretan esku hartzeko legegintzako tresna gisa, zeinean “batere konpentsaziorik gabe” ezartzen baitira “muga eta debeku izugarriak, Europako araudiarekin bat ez datozenak”, ezta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoari dagokionez ere, “epaitegiek deuseztatu egin baitute”.

 

Horregatik guztiagatik, eta jasorik utzi ondoren ez zaiela informaziorik eman “ez ukitutako udalerriei ez eragile ekonomikoei” –baieztapen hori berresten dute “ekarpen gisa jasotako 46 alegazio-txostenek”–, nabarmentzen da “aukerak eta lehiakortasuna galtzea” ekarriko lukeela foru dekretua onesteak, eta gaineratzen da “zuzeneko erasoa eginen litzaiekeela Nafarroako Ubideko lehenengo faseko zabalpena garatzeko eremuei eta bigarren fasekoei”.