Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Irailak 21

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena produktu jasangarriak erostea sustatzeko gomendioa jaso zezan jantoki publikoen zerbitzuen esleipen eta emakiden baldintza-agiri teknikoetan

Jasangarritasunean oinarritutako ikuspegi aldaketa batproposatzen zen, biodibertsitatearen galera, baliabide naturalen agortzea, ekoizle txikien desagerpena eta klima-aldaketa iraultzeko

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko batzordeak mozio bat baztertu du gaur, Navarra Sumaren aurkako botoarekin, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioarekin eta Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “produktu jasangarriak erostea sustatzeko gomendioa jaso dezan jantoki publikoen zerbitzuen esleipen eta emakiden baldintza-agiri teknikoetan, hala hezkuntzaren nola osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloetan, animalien ongizateari dagokionez estandar handiagoak egiaztatuko dituztenak, sasoian sasoiko produktuak erabiltzeari lehentasuna emanen diotenak eta arrautza freskoak soilik erabiltzeko baldintza beteko dutenak, edo, kasua bada, 0, 1 eta 2 modalitateetatik heldu den oboproduktua”.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako mozioak egungo elikadura-sistemaren "eragin negatiboa" nabarmentzen zuen, “biodibertsitatea galtzea, natur baliabideak murriztea eta ekoizle txikiak arian-arian desagertzea dakarrelako; gainera, klima-aldaketa areagotzea ere badakar”.

 

Horrez gain, elikadura-ekoizpenean inplikatutako animalien higiene- eta osasun-baldintza txarren ondorio den antimikrobianoen (RAM) aurkako erresistentziak dakarren "karga sozial eta ekonomiko larriaren" berri ematen zuen, urtean 25.000 heriotza eragiten ditu soilik Europar B atasunean eta 700.000 munduan.

 

Hala, jantoki publikoetarako katering-zerbitzuen lizitazioen eta esleipenen lehiaketen irizpideek "eskaintza ekonomiko onuragarrienaren ideia babestu dutela eta eskainitako janarien eta zerbitzuen kalitatea kaltetzea ekarri dutela" azpimarratu ondoren, proposamena egin zutenek jasangarritasuna elementu nagusitzat hartzen duen ikuspegi-aldaketa baten alde egiten zuten, "faktore multzo gisa ulertuta, besteak beste, elikadura, landa garapen etikoa, ekoizleen eta banatzaileen beharrak, kontsumitzaileen interesak eta animalien ongizatea".

 

Horregatik guztiagatik, jantoki publikoen zerbitzuak esleitzeko eta emateko pleguetan produktu jasangarrien erosketa sustatzeko gomendioa sartzea proposatzen zen, jantoki publikoak "ezinbestekoak" direlako elikadura-ohitura osasungarri eta jasangarrietan hezteko orduan, ingurunea babesten laguntzeko, eta administrazio publikoak "funtsezko motorra" direlako ekonomia zirkularrerako trantsizio-prozesuan.

 

Blanca Regúlez (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Miguel Bujanda, Iñaki Iriarte, Elena Llorente, Isabel Olave, Pedro González, Javier García (Navarra Suma), Javier Lecumberri, Patricia Fanlo, Jorge Aguirre (PSN), Pablo Azcona (Geroa Bai), Laura Aznal, Adolfo Araiz (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón ( Izquierda-Ezkerra).