Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena pentsioen egoera azter zezan eta beharrezko urratsak egin zitzan pentsio-sistema propio baterantz aurrera egiteko
Lan-mahai bat sortzea proposatzen zen sindikatu, politika eta gizarte arloetako parte hartzearekin, beharrezko segurtasun juridiko eta bideragarritasun ekonomikorako baldintzak lortzeko bidean
Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, PSN eta I-Eren abstentzioarekin eta UPN, Geroa Bai eta PPNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “hiru hilabeteko epean azterlan guztiz zehatz bat aurkez zezan Nafarroako pentsioen egoeraren gainekoa, urte anitzeko plan errealista bat edukiko zuena, pentsioen ondoz ondoko igoerarako, 1080 euroraino iritsi arte. Zenbateko hori Europako Gutun Sozialean agertzen da pentsio duintzat jo daitekeen gutxieneko zenbateko gisa”.
Baztertutako ebazpenak bigarren puntu batean Foru Exekutiboari eskatzen zion “behar diren urratsak egin zitzan pentsio-sistema propio baterantz aurrera egiteko, hura garatu ahal izateko legegintzako tresna eta berme juridiko guztiekin. Horretarako, lan-mahai bat sortuko zuen, sindikatu, politika eta gizarte arloetako parte hartzearekin. Era berean, pentsio-ereduaren, ezaugarrien eta bideragarritasun ekonomikoaren azterketa guztiz zehatza egitea proposatzen zen”.
Geroa Baik ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, eta ezartzen zuen “Nafarroako Parlamentuak, Ganberako Erregelamenduko 61, 62 eta 62 artikuluek ezartzen dutenaren arabera, Batzorde Berezi bat sortuko lukeela Nafarroako pentsioen errealitatea aztertzeko eta, Lorafnak Gizarte Segurantzaren inguruan 54. artikuluan ezartzen duena Estatuari eskatzeko aukerari buruz proposamen bat egiteko”.
Gainera, bere lurraldearen barnean, “Nafarroak aitzineko idatz-zatiak aipatzen dituen gaiei dagozkien zerbitzu guztiak antolatu eta administratu ahal ditu, eta haiekin zerikusia duten erakunde, entitate eta fundazio guztien tutoretza eginen du”.
Era berean, eta 54. artikuluan ondorioztatzen denaren arabera, “Estatuari dagokio artikulu honetako ahalmen eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskapena”.
Zioen azalpenean, EH Bilduk sustatutako ebazpenak gaitzesten zuen “botere ekonomiko eta politikoaren aldetik babes publikoaren aurka dagoen ofentsiba globala, helburu bakarra izanik pentsioen sistema publikoak higatzea, sistema pribatuen garapena sustatzen duen bitartean”, eta zentzu horretan, azpimarratzen du “pentsioak ez direla Estatuaren opari bat, langile bakoitzak eskuratutako eta finantzatutako eskubide bat baizik”.
Esparru horretan, oroitarazten da “Nafarroan neurriak hartu direla pentsio baxuenak hobetzeko, nahiz eta horiek Estatuaren eskumenekoak izan”, eta aurrerapen bat izan arren, irabazitako eskubide hau hobetzeko aurrerapausoak ematen jarraitu beharra azpimarratu dute, “pentsioak pobreziaren prebentziorako mekanismo nagusietako bat baitira”.
-
Mozioaren argitalpena (NPAO, 39.zk, 2018-04-05ekoa)