Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Nafarroako ikasleen gaitasunak hobetzeko plan estrategiko bat aurkez zezan
UPNk sistemaren “kalitate eta ekitate mailak okerrera egitea" azken bi gobernuen "helburu politikoei" egotzi die
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentua premiatzen baitzen “2023/2024ko ikasturtea amaitu aurretik Legebiltzarrean aurkez dezan Nafarroako ikasleen gaitasunak hobetzeko plan estrategiko bat, honako hauek jasotzen dituena: lortu nahi diren helburuak; horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak; hezkuntza-maila bakoitzean ezarri beharreko neurriak; horiek gauzatzeko epeak; eta hezkuntza-komunitate osoak parte hartzeko modua, bakoitzak planean bere ardura-maila izanda”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak adierazten zuen urte askotan zehar “jatorriari edo egoera sozioekonomikoari dagokionez ikasleen artean zeuden desberdintasunak orekatzen asmatu zuen” sistemak okerrera egin duela kalitate eta ekitate mailari dagokionez, eta Hezkuntzara bideratutako aurrekontuak, berriz, gora egin duela.
Narriadura horren arrazoien artean, hezkuntza eredua 2015eko gobernu abertzalearen "helburu politikoen" menpe egotea eta PSNk "aukeratzeko askatasunari eraso egiteko eta curriculum ideologikoa inposatzeko etengabeko ahalegina" aipatu ditu.
Proposamena egin duenaren esanetan, honen guztiaren ondorioz hezkuntza-sistemak “jada ez du aurrerapen pertsonala eta soziala bermatzen. Ez du jadanik balio pertsona guztiei aukerak emateko”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (12. NPAO, 2024-01-30ekoa)