Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Ekainak 13

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena farmazia-bulegoen ordutegiak eta guardiak manten ditzan

Exekutiboa lantzen ari den foru dekretu berria atzerapausoa izango litzatekeela argudiatzen zuen UPNk

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPN eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “konprometitu dadin gutxienez ere mantentzera farmazia-bulegoak irekitzeko gutxieneko ordutegiak, Nafarroako Foru Komunitateko guardiako farmazien kopurua eta farmazilarien presentzia fisikoa farmazia-bulegoetan”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “dekretu honen osagarri diren neurriak definitu eta ezar ditzan, Nafarroako farmazia bulegoen bideragarritasuna hobetzeko eta herritarrentzako zerbitzuaren kalitatea bermatzeko”. Gehitzeko in voce zuzenketa baten emaitza zen atal hau.

 

Era berean, EH Bilduk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du baina UPNk ez du onartu. Xede zuen  Nafarroako Gobernua premiatzea “farmazia-bulegoen jendaurreko ordutegia, guardiako zerbitzua eta aldi baterako itxiera arautuko dituen foru-dekretu berrian Farmazia Laguntzarako Batzorde bat jaso dezan, Farmazia Laguntzari buruzko 12/2000 Foru Legean jasotzen zenaren antzekoa. Bertan ordezkaritza izanen dute Nafarroako Farmazialarien Elkargoak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Osasun Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuaren Osasuneko zuzendari nagusia izanen da batzordeburua. Batzordeak araudi berriaren jarraipena eta ebaluazioa eginen du eta farmazia-bulegoetako langileen lan kontziliazioa eta herritarren arreta egokia bermatuko dituzten aldaketak eta iradokizunak proposatu ahalko ditu”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak zalantzan jartzen du gaur egun Nafarroako Gobernua lantzen ari den foru dekretuaren proiektuaren izaera “murriztailea”; izan ere, dioenez, astelehenetik ostiralerako eta larunbateko gutxieneko ohiko ordutegia murrizten ditu, gutxieneko ordutegia murrizten du eta guardiako farmazien kopurua mugatzen du.

 

Proposatzailearen arabera, foru dekretu berria "atzerapausoa" litzateke indarrean dagoen araudiarekin alderatuta, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa (NUKF) bat dator iritzi horrekin; izan ere, ohartarazten denez, "kontrako txostena egingo du".