Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 15

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Europako Itun Berdea eta horrek Espainiako ekonomian izan dituen ondorio larriak salatu zitzan

Ganberaren gehiengoak uko egin dio 2030 Agendaren osagarri gisa 2020an onartutako Europako Itun Berdean oinarritutako politika guztiak sistematikoki indargabetzeari

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta PPN eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Espainiako Gobernuaren eta Europako erakundeen aurrean sala zitzan Europako Itun Berdea eta horrek Espainiako ekonomian, bereziki lehen sektorean, izan dituen ondorio larriak”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “bere eskumenen esparruan, Europako Itun Berdean eta 2030 Agendan inspiratutako politika guztiak indargabetzea susta dezan, bereziki Baserritik Mahaira Estrategia eta Biodibertsitatearen aldeko Estrategia”.

 

Era berean, eskatzen zitzaion “ingurune naturalaren benetako kontserbazioa bultza dezan, gure lehen sektorearen jarduera babestu eta errespetatuko duena”.

 

Ildo horretan, Gobernua premiatzen zen “behar diren neurriak har ditzan, autonomien eskumenen esparruan bermatze aldera gure elikadura-subiranotasuna, lehia desleiala ezabatzea eta Europar Batasuneko produktuen lehentasunaren printzipioa indartzea”.

 

Gainera, eskatzen zen “hirugarren herrialdeekin egindako merkataritza-akordioak berrikustearen alde ager dadin, berehala eteteko gure ekoizleei inposatutako eskakizun fitosanitarioak betetzen ez dituzten produktuak inportatzeko aukera ematen dutenak, eta Espainiako Gobernuaren bidez agintari eskudunei eska diezaien gure lehen sektorea babesgabetuko duen merkataritza-akordiorik ez berresteko”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboa premiatzen zen “babesa eta errespetua adieraz diezaien landa-eremutik haien bideragarritasuna arrisku larrian jartzen duten politika ekologisten berehalako amaiera eskatzen duten herritarren protesta eta aldarrikapen legitimoei”

 

Zioen azalpenean, Vox parlamentarien elkarteak sustatutako mozioak 2020an onartutako Europako Itun Berdea indargabetzea aldarrikatzen zuen, "lehen sektorearen bideragarritasuna oztopatzen duelako, klima-helburuak landa-eremuaren ekoizpenaren eta industrien bideragarritasun ekonomikoaren gainetik lehenesten dituelako", eta horiek guztiek "esportazio-merkatuen lehiakortasun-galera" ekarri behar dute.

 

Adibide gisa, proposamena egin duenak ziurtatu du NPEren kobrantza arautuko duten arau berrien ondorio kaltegarriak 2023ko urri-abendua aldian nabaritu direla, eta "580 milioiko murrizketa izan dela Espainiako landa eremura bideratutako zuzeneko laguntzetan".