Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Irailak 17

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Espainiako Gobernuari exiji diezaion gehieneko defizit-mugara iristeko baimena ematea

Navarra Sumaren ustetan adostutako muga ez da nahikoa izanen Foru Ogasunaren diru-sarreretan gertatu den jaitsiera ikusita, eta erkidegoarentzat lehiarako desabantaila ekar dezake

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Espainiako Gobernuari exiji diezaion AIREF-Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak 2020rako eta 2021erako baimentzen dion gehieneko defizit-mugara iritsi ahal izatea”.

 

EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duela, eta Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “bi hilabeteko epean foru lege proiektu bat onetsi eta Parlamentuan aurkez zezan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari, Sozietateen gaineko Zergari, Ondarearen gaineko Zergari eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko araudi indarduna aldatzeko, halako moduz non errentarik handienen, ondare aberatsenen eta irabazi gehien dituzten enpresen zerga-presioa areagotuko baita, zuzeneko eta berezko diru-bilketa areagotu eta, ondorioz, zorpetzea gutxitzeko xedez.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak krisi sanitarioak eragin duen “gastuen izugarrizko igoera” azpimarratzen zuen zorpetzeko gaitasunaren eskaera arrazoitzeko. Espainiako Gobernuarekin negoziatutako defizit-muga (% 2,3koa, lehendakariaren arabera, % 2,6raino zabaldu daitekeena) AIREF-Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak Nafarroarentzat onartutako defizit-mugaren azpitik baitago (% 2,9 eta % 3,9 artekoa).

 

Sustatzailearen ustez, gehieneko muga hori, Nafarroa zigortzen duena Euskal Autonomia Erkidegoarekin alderatuz (honi %2,6ko defizit muga aitortu baitio AIREF-Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak erkidego horretarako onartutako tartearen maila gorenarekin bat eginez), beharbada “ez da nahikoa izanen” Foru Ogasunaren diru-sarreretan gertatu den jaitsiera ikusita, eta, murrizketez gain, lehiarako “desabantaila” ere ekar dezake erkidegoarentzat.

 

Gauzak honela “beharrezkoa da Espainiako Gobernuak Nafarroari gure erkidegoak jasan dezakeen defizit-muga handiena aitortzea, eta, ondoren, Nafarroako Gobernuak tarte horren barruan behar dena erabiltzea, aurrean dugun krisi ekonomiko eta sozial honi aurre egin ahal izateko”.