Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 2

Mozio bat baztertu da, Espainiako Gobernua premiatzen zuena USE-Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioko proba bakarra ezar zezan

Osoko Bilkuraren gehiengoak deszentralizazioa eta hezkuntza-sistemaren izaera inklusiboa defendatzen ditu Voxen argudioen aurrean

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta PPNren eta Voxek aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Nazioko Gobernua premia dezan egin beharreko lege-aldaketak egitera Unibertsitatean Sartzeko Proba bakarra ezar dadin Espainiako lurralde osoan, espainiar ikasleen arteko berdintasuna bermatzeko, proba zein tokitan egiten den ere”.

 

Zioen azalpenean, Vox foru parlamentarien elkarteak sustatutako mozioak dio egungo eskumen-antolamendua “zeharo eragingabea dela” espainiar ikasle guztiei unibertsitatean sartzeko aukera-berdintasuna bermatzeko orduan, eta hori dela eta, berdintasunaren printzipioa aldarrikatzen du, “ordenamenduaren balio goren gisa”, hezkuntza sistemaren erreforma bat eskatzeko, tartean, USE-Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioko proba bakarra ezarriz.

 

Ildo horretan, "zentzugabekeriatzat" jotzen da hamazazpi USE eredu desberdin egotea, eta PISA azken txostena aipatzen da, adierazteko Espainiako ikasleen batezbesteko puntuazioa 481 puntukoa dela, ELGAko batezbestekoa baino nabarmen baxuagoa (489) eta Europar Batasunekoa baino nabarmen baxuagoa (494). Txosten horretan agerian uzten dira Espainiako erregioen arteko desberdintasunak ere. Halatan, ondorioztatzen da sistema autonomikoan oinarritzen den hezkuntzaren deszentralizazioa “negatiboa” dela eraginkortasun hutsaren ikuspuntutik, eta bestalde, “urratu egiten duela espainiarren arteko berdintasun-printzipioa, eta egoera bidegabeak gertatzea ahalbidetzen du”.