Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 4

Mozio bat atzera bota dute, Espainiako Gobernua premiatzen zuena LOMLOEn “eskari soziala” sar dezan Hezkuntza-plangintza egiteko oinarrizko irizpide gisa

Legebiltzarrak LOMLOE babestu du eta ez du Navarra Sumaren interpretazioa onartu, zeinak itundutako irakaskuntzaren aurkako erasoa salatu duen eta irakaskuntza bereiziarekin itunak manten daitezen eskatu duen

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baitzen “LOMLOEn “eskari soziala” sar dezan hezkuntza-plangintza egiteko oinarrizko irizpide gisa”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “berma dezan seme-alabentzat nahi duten hezkuntza motari buruz erabakitzeko familiek eduki beharreko askatasuna, ikastetxe publikoetan eta itunduetan behar beste plaza jarriz eta Espainiako eta Nafarroako hezkuntza-sisteman bi irakaskuntzek, publikoak eta itunduak, egiten duten lan garrantzitsua aitortuz, zeren eta proiektu pedagogikoak askotarikoak izateak aniztasuna bermatzen baitu eta gizarte guztiz demokratikoaren oinarriak jartzen baititu”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “irakaskuntza bereiziko ikastetxeekiko itunak bermatzen jarrai dezan, zeren eta Konstituzio Auzitegiak horri buruzko epaiak eman baititu, esate baterako 31/2018 epaia, zeinetan ikastetxe horiei hezkuntza-itunak eskuratzeko eskubidea aitortzen baitzaie”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak “Espainiakoa bezalako gizarte askotariko eta demokratiko” batentzat eskolarik egokiena “anitza, doakoa eta unibertsala” dela defendatzen du, non bizikidetza “tolerantziaren bidez” bermatzen den. Hori dela eta, “LOMLOEk irakaskuntza itundurarekiko erakusten duen areriotasuna” gaitzesten du, “hezkuntza publikorako eskubide” bat asmatzen baitu, egungo eskubide bakarra “hezkuntzarako eskubidea” den arren, eta “zuzenean erasotzen dio Nafarroan ikasleen ia % 40ri arreta ematen dion hezkuntza-sektore bati, irakaskuntza publikoari arreta esklusiboa eskainiz sektore hori desagertzera kondenatzen baita”.

 

Gaineratzen denez, “hezkuntza-eredu bakarra lortu nahi da, ez publikoa, baizik eta estatukoa, eta eredu horrek eskari soziala ezabatzen du hezkuntza-eskaintza planifikatzeko irizpide gisa, eta bidea ematen du administrazioak ikasleak banatzeko edo eskolatzea zentralizatzen du, hura familien eskubidearen gainetik jarriz”.

 

Amaitzeko, sustatzaileak Lomloek aldezten duen “aukera desberdintasun” agertokia errefusatzen du, hezkuntza- eta pedagogia-proiektu propioak dituzten ikastetxeak defendatzen ditu eta ondorioztatzen du “itundutako irakaskuntzaren aurkako legeak egitearekin ez dela desiratutako hezkuntza publiko eta kalitatezkoa lortzen”.