Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Martxoak 2

Migrazio Politiketako eta Justiziako Batzordeak Lantxotegiren egoitza berria bisitatu du Iruñean

14 eta 30 urte bitarteko migratzaile gazteei harrera, laguntza eta prestakuntza eskaintzen dizkien Ahlan Bek programa ezagutzeko

 

Migrazio Politiketako eta Justiziako Batzordeak gaur bisita egin du, Iruñean, gazte migratzaileei harrera eta laguntza eskaintzeko Ahlan Bek bulegora. Irabazi-asmorik gabeko Lantxotegi erakundeak zuzentzen du, gizarteratzeko eta gizarte- eta hezkuntza-inklusiorako lanetan jarduten baitu.

 

Parlamentari hauek joan dira: Jorge Esparza, Ángel Ansa (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).

 

Parlamentuko ordezkariei honako hauek egin diete harrera: Alberto Górriz, Ahlan Bek programaren koordinatzailea; Santiago Rabadán, gizarte langilea; Irune Ansa, Ana Alemán eta Sara González, hezitzaileak; eta Aitor Escalada, praktikak egiten ari den gizarte langilea. Han izan dira programako erabiltzaile eta ikasle batzuk ere, Europar Batasunaz kanpoko herrialdeetatik etorritakoak.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek eskatu dute bisita hori, eta helburua izan da “in situ ezagutzea Ahlan Bek proiektua garatzen ari den bulegoa, zeina Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen baitu migratzaileentzako harrera eta laguntza proiektuetan diharduten gizarte erakundeentzako laguntzen deialdien esparruan.

 

Ondoren bilera egin da eta Lantxotegiko arduradunek programaren nondik norakoak azaldu dituzte. Besteak beste, honako hauek biltzen ditu: gaztelaniaz alfabetatzeko ikastaroak, lanerako orientazioa, eta teknologia berriak ikasteko eta oinarrizko gaitasunak lortzeko prestakuntza.

 

Horrekin batera, bulegoak migratzaileentzako akonpainamendu zerbitzua antolatu du haien funtsezko beharrak asetzeko, izan prestakuntza premiak, lan arlokoak, etxebizitza arlokoak nahiz aisialdikoak. Horretarako, Ahlan Bek programaren esparruan, gizarte langile batek gidari lanetan dihardu eta behar diren deribazioak egiten ditu.

 

“Gazteen benetako inklusioa lortzea da helburua. Alde batetik, gaztelania irakatsiz, ezinbesteko baldintza baita beste baliabide batzuk eskuratzeko; izan ere, gehienak arauz kanpoko egoeran daude, eta laguntza behar dute beste baliabide batzuk lortu eta erabiltzeko”.

 

Lantxotegiko arduradunek azaldu dutenez, bulegoa astelehenetik ostiralera dago zabalik, 09:00etatik 15:00etara. Alfabetatze ikastaroak hiru taldetan ematen dira, Kideak programarekiko hitzarmen bat dela medio. Talde bakoitzean gehienez 15 lagunek ikasten dute (ordu eta erdi).

 

Prestakuntza programak goizez ematen zaizkio 40 laguneko talde bati, eta ikasleek askotariko ezaugarriak dituzte: badira beren herrialdean unibertsitate ikasketei ekin dieten gazteak eta oinarrizko ikasketarik gabe iritsi direnak.

 

Ikasleek azpimarratu dute hizkuntza ez jakitea dela zailtasunik handiena, lanerako eta hezkuntzarako aukerarik gabe uzten dituelako. Ildo beretik, Santiago Rabadán gizarte langileak nabarmendu du arazoak izaten dituztela beren ikasketa tituluak homologatu eta hezkuntzan aurrera egin ahal izateko. Onena litzateke, Alberto Górriz Ahlan Bek programaren koordinatzaileak esan duenez, eskaintzen zaizkien ikastaroetan “uztartzea lanerako trebetasunen garapena eta gaztelaniaren ikaskuntza; horrela azkarrago gizarteratu eta laneratuko lirateke, eta hori oso garrantzitsua da, ez baitute bizibiderik”.

 

Prestakuntza ekintza horien guztien indargarri diren praktiken bitartez, ikasitakoa finkatzen dute, beren aukerak handitzen dituzte eta gizarte bazterkeria saihesteko tresna pertsonal gehiago eskuratzen dituzte. Beste elkarte komunitario batzuek bitartekari jardun ohi dute, besteak beste Gaztelan eta SARE erakundeek, eta horiekin koordinatzen dira.

 

Ondoren, Migrazio Politiketako eta Justiziako Batzordeko kideek in situ jarraitu dute eskoletako bat, eta ikasleek aukera baliatu dute galdetzeko zer-nolako lana egiten duen Parlamentuak haiena bezalako zaurgarritasun egoeren inguruan. Eskerrak ere eman dizkiete Lantxotegiko hezitzaileei, bai ikasgeletan bai tutoretzetan sumatzen dieten “konpromisoagatik”.

 

Hitz egiteko txandetan, eledunek balorazio positiboa egin diete programaren helburuei, eta gazte migratzaileen eskura dauden baliabideen sarea hobetzeko aukeraz aritu dira, uste baitute gazte horiek gizarteratzea gizarte osoaren onerako dela.

 

Jorge Esparzak (Navarra Suma) sareak ehuntzeko aukera aipatu du, hartara, Lantxotegin lantzen den dinamikatik abiatuta, hizkuntza bestelako egoeretan eta beste pertsona batzuekin ere ikas dezaten sustatzeko. Horri buruz, Ahlan Bek programako gizarte langileak adibide gisa aipatu du NUPeko Gizarte Lanaren Sailarekin hasitako lankidetza, xede duena gazteek beren aukerak zabaltzea, adinean eta interesetan haiekin bat etor daitezkeen beste gazte batzuk ezagutuz. Gainera –erantsi du–, aisia eta kirol jarduerak sustatzen dira zentroa zabalik dagoen ordutegitik kanpo.

 

Virgina Magdalenok (PSN) gogora ekarri du Parlamentuan lanean ari direla, azaldutakoen antzeko egoeretarako babesa eskainiko duten legeak onesteko. “Autonomia-erkidegoen eta Hezkuntza Ministerioaren arteko hitzarmen bat negoziatzen ari da, eskolarako adina izan eta egoera irregularrean dauden gazteek Lanbide Heziketarako sarbidea izan dezaten administrazio-baimenak lortu bitartean”.

 

Blanca Regúlezek (Geroa Bai) adierazi du Parlamentuaren asmoa dela Lantxotegik garatzen duena bezalako programak ez egotea beti finantzaketa lortzearen menpean beren helburuak gauzatu ahal izateko.

 

Ildo berean, eta egonkortasunari begira, Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen ekonomiko bat egitearen alde azaldu da. “Garrantzitsua litzateke oinarrizko gizarte zerbitzu eta auzo-unitateekiko loturak sendotzea, programaren hartzaileek hura ezagut dezaten”.

 

Patricia Peralesek (EH Bildu) programara hurbiltzen diren  “neskei etorkizun bat eskaintzeko” deia egin du, zeren eta “normalean egoera pertsonal ahulagoa izaten baitute”. Galdetu du, halaber, “zenbat pertsona artatzen dituzten, eta, bereziki, zenbat gelditu diren kanpora eta zer irizpide erabiltzen diren ikastaroetan parte hartzen uzteko. Espero dut Parlamentuari zuen lorpenen berri ematen jarraituko duzuela”.

 

Nesken egoera dela-eta, neska-mutil erabiltzaileek adierazitakoarekin bat etorriz,  Marisa de Simónek ohartarazi du emakumezkoek “Nafarroan bizitzen askoz urte gehiago egin eta gero jasotzen dutela prestakuntza. Atzerapen horrek bizitzan aurrera egiteko aukerak murrizten dizkie”.

 

Lantxotegi Pertsona eta Gizarte Lan Sustapenerako Elkartea 1983an sortu zuen Berriozarko bizilagun talde batek. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta gizarteratu eta laneratzeko zailtasunak dituzten gazteen eta sektoreen sustapenaren eta prebentzioaren arloan dihardu.

 

Gaur egun hiru hezkuntza programa kudeatzen ditu: Curriculum Programa Egokitua (CPE), 16 urte arteko gazteentzat; Nekazaritza eta Lorezaintzako eta lore konposizioetako Oinarrizko Lanbide Heziketa, DBHko gradurik ez duten 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzat; eta Eraikinen Mantentze Lanetako Lanbide Tailerra (LT), DBHko gradurik gabeko 16 eta 21 urte bitarteko gazteentzat.