Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Ekainak 21

Mercedes Ferro, José Ángel Andrés, Javier Onieva eta Juana García Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko kide berriei harrera egin die Parlamentuko lehendakariak

Unai Hualdek Ganberaren babesa helarazi die Fundazioaren gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoko ordezkariei

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Mercedes Ferro, José Ángel Andrés, Javier Onieva eta Juana Garcíari harrera egin die gaur, Nafarroako Parlamentuak ekainaren 9an Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronaturako hautatutako bost kideetako lauri -bostgarrena Pilar Aranburo da-.

 

Bilkuran, Legebiltzarraren ordezkari gisa izendatutako patronatukide berriek, 2/2014 Foru Legea aldatu ondoren bi gehiago direnak, “Fundazioaren proiektu estrategikoari ekarpenak egiteko, honi buruz hausnartzeko eta proiektua aurrera eramateko gogoa” helarazi diote lehendakariari.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, adierazi die Legebiltzarra prest dagoela “Fundazioaren Patronatuko ordezkari berriek behar duten guztian laguntzeko”. Era berean, gogorarazi du araututa dagoela patronatukide berriek urtero Ganberaren aurrean agerraldia egitea, kudeaketaren berri emateko.

 

“Nafarroako Gobernuak patronatu berrian izango dituen hiru ordezkariak berehala izendatuko dituenez, patronatua ziurrenik uda baino lehen abiatuko da”.

 

Fundazioaren gobernuan, ordezkaritzan eta administrazioan dauzkaten ahalmenez gainera patronatukideek fundazio berezia sortu duen entitatea eratu zenetik sortutako dokumentazioa zainduko dute, eta horren barruan sorburuaren arabera dagozkien egin beharreko berreskuratze-kudeaketak eginen dituzte.

 

Gainera, dokumentazioa eskuratzeko protokoloa prestatu beharko dute, zaintzapean dauzkaten agiriak Parlamentuaren eta Nafarroako gainerako erakunde publikoen esku jartzeko.

 

Estatutuen arabera, Patronatua bederatzi kidek osatuko dute. Horietatik bost Parlamentuak izendatuko ditu, Nafarroako Gobernuak hiru patronatukide izendatuko ditu eta Udalak gainerakoa izendatuko du.

 

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Zenbait fundazioren zuzendaritza organoak arautzen dituen otsailaren 17ko 2/2014 Foru Legearen aldaketa onetsi zuen urtarrilaren 20an aho batez, egungo errealitate juridiko eta sozialarekin bat etorriz, kontrol eta parte-hartze publiko handiagoa erraztuko duen araubide berri bat lortzeko, gardentasun-arauekin bat etorriz.

 

Jatorria eta berezitasuna kontuan hartuta, Parlamentuak egokitzat jo zuen Nafarroako Kutxa Fundazioari (CANen oinordekoa) fundazio arrunten araubidea ez den beste bat ematea, behin aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzeari utzi ondoren.