Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Urriak 11

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 42. artikulua aldatzen duen Foru Lege proposamena onetsi dute

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 42. artikulua aldatzen duen Foru Lege proposamena onetsi du gaur.

UPN, SN, eta PP parlamentu-taldeek onetsitako Foru Legearen alde bozkatu dute; NaBai, Bildu-Nafarroa eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek ordea, kontra.

Onetsitako Foru Legeak udalez gaindiko eragina duten planen inguruko araudi berria du. Izquierda-Ezkerra taldearen ekimena izan da, eta Osoko Bilkuraren aurrean irakurketa bakarrean onetsi dute. Hasierako proposamena UPNk eta SNk aurkeztutako bederatzi zuzenketekin aldatu da.

Halaber, Bildu-Nafarroa eta NaBai parlamentu-taldeek Lurraldeari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamen bana aurkeztu dute, baina Osoko Bilkurak bazter utzi ditu. UPNk, SNk eta PPk NaBai eta Bildu-Nafarroa parlamentu-taldeen Foru Lege proposamenak arbuiatu dituzte; NaBai-k, Bildu-Nafarroak eta I-Ek ordea haien alde bozkatu dute.

Zioen azalpenean azaltzen denaren arabera, helburua da “udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialen araudi indardunaren ondorio horiek zuzentze aldera, horien definizio askoz ere zorrotzagoa eta beren izaerari doituagoa jasotzen da, bai eta betekizun zehatzagoak ere udalez gaindiko eraginaren deklarazioari dagokionez, segurtasun juridiko handiagoa ematen dutenak”.

Lege berriak honakoa dioen artikulu bakarra du:

“42. artikulua. Xedea.
 

1. Udalez gaindiko plan sektorialen xedea da etxebizitzen, ekonomia-jardueren edo zuzkiduren arloko jarduketak antolatzea, baldin eta horien eraginak, lurraldearen antolamenduari dagokionez, jarduketa egiten den udal-mugarteaz harantzagokoak badira edo jarduketa udal-mugarte bat baino gehiagotan egiten bada.
 

2. Udalez gaindiko proiektu sektorialen xedea da arautzea garraio sistemako azpiegiturak edo instalazioak, hidraulikoak, ingurumenaren kudeaketakoak, energia lorrekoak, telekomunikaziokoak eta antzeko gainerako guztiak, baldin eta beren eragina, lurraldearen antolamenduari dagokionez, beren tamaina, garrantzia edo ezaugarri bereziak direla medio, hartzen duten udalerriaz gaindikoa bada, edo udal-mugarte bat baino gehiagotan egiten bada.
 

3. Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialetan biltzen diren determinazioak, zeinak doituko baitira aplikatzekoak diren maila handiagoko lurraldearen antolamenduko tresnen determinazioetara, kasuko toki entitateen planeamendurako lotesleak izanen dira. Horretaz gainera, ukitutako toki entitateek beren hirigintza-planeamendua egokitu beharko dute, hari dagozkion determinazioetara, berrikusi edo aldatzen denean, betiere berrikuspen edo aldaketa horren xedea zuzenean ukitzen badute aipatu determinazioek.
 

4. Nafarroako Gobernuari dagokio plan edo proiektu sektorial bat udalez gaindikoa dela deklaratzea, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako. Horretarako, ondokoak arrazoitu eta justifikatu beharko ditu espedientean:
 

a) Aurreikusitako jarduketek edo azpiegiturek udalez gaindiko esparruan eragiten diotela lurraldearen antolamenduari eta lurraldea egituratzeko eginkizuna dutela, Nafarroako Gobernuaren, toki entitateen politika sektorialak edo Foru Komunitateko egoeraren inguruko politikak garatzeko, ezartzeko edo gauzatzeko balio dutela; edo, foru araudi sektorialean aurreikusitako erabakiei erantzuten dietela;
 

b) Deklarazio hori beharrezkoa dela ondokoak ziurtatzeko: plan edo proiektuaren xede diren jarduketak, azpiegiturak, zuzkidurak eta instalazioak behar bezala txertatzen direla lurraldean; kasuko sare eta zerbitzuekiko lotunea, daudenen funtzionaltasuna kaltetu gabe; kokalekuaren inguruneari egokitzen zaizkiola, eta lurralde nahiz hirigintzako planeamendu indarduneko determinazioekiko artikulazioa, edo haiek eskuduntza duten administrazioek onetsitako planetan edo programetan justifikatuak egotea; edo foru araudia sektorialaren erabakietan;
 

c) Nafarroako Gobernuak foru lege honen 45.1.b artikuluak erreferentzia egiten dion planaren edo proiektu sektorialaren udalez gaindiko eragin deklarazioa onetsi edo baztertu aurretik, hura kasuko gizarte-eragile eta lurralde-eragileekin parte-hartze eta sozializazio prozesu batean sartzea; betiere, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean aurreikusten diren berme, baldintza eta eskubideak aztertuko dituen parte-hartze publikorako plan baten bidez”.

Foru lege berriaren xedapen iragankorra honela idatzita geratu da, UPNren eta SNren zuzenketa baten ondoren: “Foru lege honetan xedatutakoa aplikatzekoa izanen zaie, indarrean sartzen den egunetik aitzina, prestatzen eta izapidetzen ari diren eta Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko eragin deklarazioa oraindik adostu ez duen udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialei”.

Foru Legearen proposamenaren zioen azalpenean, proposatu duen taldeak honakoa oroitaraziz justifikatu du ekimena: “tresna-mota horien hasierako xedea zen arautzea udal-interes hutsetik harantzagoko intereseko azpiegitura, zuzkidura eta instalazioen ezarpena (errepideak, autobiak, obra hidraulikoak, energia-garraioko obrak …). Geroago, tresna horien xedea zabaldu egin da, eta bizitegi-jarduketak ere hartzeraino iritsi da, lehengo udal hirigintzako planeamenduaren zehaztapen tipikoak zirenak ukituta. Kasu egiazki salbuespenekoetara eta justifikatuetara mugatu behar da –aurreikusitako jarduketak hala exijitzen duen kasuetara, zeinetan antolamendua ezin baita egin hirigintzako planeamendu arruntaren bidez– Nafarroako Gobernuak duen ahalmena, ez soilik hirigintza arloko toki-eskumenak baldintzatzekoa, ezpada horien gauzatzea zuzenean bereganatzekoa ere, udal planeamendu indarduna aldatuz, halako moduan non toki entitateak ez baitira eskumenik gabe geldituko. Halere, lurraldearen antolamendu arloko tresna horien kontzeptuazioa lausoegia gertatzen da gaur egun, eta arriskua dago duten berezko xedeaz harantzago erabiliak izateko, hirigintzako planeamenduaren ordezko balira bezala; hau da, foru gobernuak horien erabilera diskrezionala egin lezake, udalen berezko eginkizunak ordezteko hala komeni zaionean, ez lurralde antolamenduaren arloko arrazoiengatik, baizik eta interes politiko, administratibo edo ekonomikoko arrazoiengatik.
 

Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialen araudi indardunaren ondorio horiek zuzentze aldera, horien definizio askoz ere zorrotzagoa eta beren izaerari doituagoa jasotzen da, bai eta betekizun zehatzagoak ere udalez gaindiko eraginaren deklarazioari dagokionez, segurtasun juridiko handiagoa ematen dutenak”.

Bildu-Nafarroa eta NaBai parlamentu-taldeek aurkeztu dituzten bi proposamenek Foru Legean txertatu nahi zuten udalez gaindiko eragina duen plan eta proiektu orok Parlamentuaren gehiengoaren onespena izan behar izatea.

www.parlamentodenavarra.es
Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 70. zk., 2012ko irailaren 7koa)