Lurralde Kohesiorako Batzordeak Gares eta Mendigorria arteko NA-601 errepidearen trazadurarako diseinatutako alternatiben azterlana ezagutu du
Azterlanak hiru alternatiba aurreikusten ditu 21+000 eta 22+500 KPen artean, eta horien bidez erradio oso txikiko zenbait kurba hobetu nahi dira
Lurralde Kohesiorako Batzordeak Gares eta Mendigorria arteko NA-601 errepidea bisitatu du gaur, Navarra Suma talde parlamentarioak hala eskatuta, 21+000 eta 22+500 KPen artean, Foru Komunitatearen intereseko errepide horren trazadurarako alternatiben azterlana ezagutzeko. Horren bidez, erradio oso txikiko zenbait kurba hobetu nahi dira.
Batzordeko kide hauek egon dira: Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), Jabi Arakama (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa). EH Bildu).
Batzordeari harrera egin diote Josetxo Pérez Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuko zuzendariak eta Rafa Díez de Arizaleta Azterlan eta Plangintza Ataleko buruak.
Bisitaren helburua, Javier Garcíak hitzaurre gisa adierazi duenez, honako hau izan da: “Mendigorriko NA-601 errepidearen trazadura hobetzeko egindako azterlanean jasotako hiru alternatibak ezagutzea, bai eta horretan lan egin duten teknikarien iritzia ere”.
Jarraian, Josetxo Pérezek Alternatiben Azterlanaren muina helarazi dio Parlamentuko ordezkaritzari. Alde batetik, “errepidearen diseinuan kontuan hartu beharreko daturik esanguratsuenak bildu nahi ditu”, eta, bestetik, “Mendigorritik hurbilen dagoen errepidearen zatian hainbat korridoreren trazadura aztertu. Izan ere, badira oso erradio txikia duten kurbak eta luzetarako malda handia, eta, dituzten ezaugarrien ondorioz, hobetu egin behar dira bide segurtasun handiagoa lortzeko.
Gaineratu duenez, lanak “ez du trazadura-proiektu baten zehaztasun-maila lortu nahi, baina bai eskaini xehetasun nahikoak trazaduraren proiektuaren inguruan. Horrela, alternatiba desberdinen irizpide anitzeko azterketa egin daiteke, eta egokiena hautatu”.
In situ eta teknikarien eskutik, parlamentariek planteatzen diren hiru alternatibak ezagutu dituzte, eta ondoen baloratutakoa lehenengoa izan da, kontuan hartuta ezaugarri funtzionalak, ingurumenekoak eta ekonomikoak, bai eta “ikusizko ezaugarriak zein sozialak” ere. Ikerketaren zuzendari Rafa Díez de Arizaletak azaldu duenez, alternatiba hori egungo errepidea hobetzean datza, “bihurgune atseginagoa eta uniformeagoa” planteatzen baitu. Gainera, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena dauka, eta hiru alternatibetatik aurrekontu txikiena eskatzen du.
Hitza hartzeko txandan, parlamentariek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekontu-ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.