Lurralde Kohesiorako Batzordeak bisita egin du Belateko tuneleko obretara
Bisita PSN talde parlamentarioak eskatuta egin da, tunelen eraikuntzan izandako aurrerapenak ezagutzeko
Gaur goizean, Lurralde Kohesiorako Batzordeak bisita egin du Belateko tunela bikoizteko obretara. Izaera estrategikoko azpiegitura da, azken urteotan Nafarroan egin den herri-lan proiekturik garrantzitsuenetakoa eta asmo handienekoa abiaraztean datzana.
Bertaraturiko batzordekideak izan dira Yolanda Ibáñez, Isabel Olave (UPN t.p.), Javier Lecumberri (PSN t.p.), Adolfo Araiz (EH Bildu t.p.), Pablo Azcona (Geroa Bai t.p.), Javier García (PPN t.p.) eta Miguel Garrido (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa t.p.).
Parlamentuaren ordezkaritzari Ultzamako Arraizko Bentan egin diote harrera Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusi Pedro Andrés López jaunak eta obren arduradun den aldi baterako enpresa-elkarteko kudeatzaile Ismael Pantoja jaunak, obraburu Jerónimo Pérez jaunak eta obra-zuzendaritzako geologo José Luis Cacho jaunak.
Azalpen tekniko labur baten ondoren, zeinean argibideak eman baitira lur-erauzketaren erritmoaz eta orain arteko lanetan aurkitu diren materialei buruz, parlamentariek obren abiarazpena zela-eta prestaturiko hondakindegi batean egin dute lehenbiziko geldialdia.
Gero, zuzenean tunelaren iparraldeko ahoraino joan dira, eta han barrenean zulaketaren erritmoari buruzko azalpenak eman dizkiete horretan diharduten teknikariek. Zehatz-mehatz, lanak sarreratik 260 metroko distantziaraino iritsi dira; horrenbestez, gaur den egunean egina dago tunel berriak izanen duen 2.885 metro inguruko luzeraren % 9.
Belateko tunelen bikoizketak modua emanen du zirkulazio-noranzko bereiziak dituzten bide norabidebakarrak edukitzeko eta, horrela, hodi bakoitzetik zirkulatzen duten ibilgailuen kopurua murrizteko.
Horrenbestez, bete egiten da Europako Parlamentuaren eta Europar Batasunaren Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 2004/54/EE Zuzentaraua, Transeuropar Errepide-sareko tunelentzako gutxieneko segurtasun-betekizunei buruzkoa.
Arazte automatizatua
Ingurumarietako errekasto baten uraren kalitatea babestearren, eta xede harturik lurgaineko euri-urak, zonako akuiferoetarako balizko kutsagaiak edo hondeaketa-lanek berek sorturikoak iragaztea, arazte-makina automatizatu bat paratu da, etenik gabe funtzionatzen ari dena. 150 metro kubikorainoko ur-emaria prozesatzeko ahala duen instalazio bat da.
Lurpeko bolborategia
Inguruan energia-eraikin eta -azpiegitura ugari dagoenez, oraingoan beharrezkoa izan da lehergai-biltegia lurpean kokatzea, gai honi buruzko araudia betetzeko. Gure herrian lehenago behin baizik erabili ez den instalazio-mota bat da, eta 4.500 kilo lehergai-goma gordetzeko edukiera dauka.
Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak aurreikusitako kronogramaren arabera, Belateko tunelak bikoizteko obrak 2027aren amaieran bukatzea da asmoa. Orduan, burututa egonen dira N-121-A errepidearen Arraizko Bentatik Oronoz-Mugairirako tartearen 7,6 kilometroko luzera zatikatuz bereizi diren bost faseak.