Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Maiatzak 11

Lurralde Kohesiorako Batzordea Zugarramurdin izan da

Herriguneko trafikoaren arazoak eta Udalak horiei buruz dituen asmoak ezagutzeko

Lurralde Kohesiorako Batzordeak gaur bisita egin du Zugarramurdira, talde parlamentario guztiek eskatuta, herriguneko trafiko arazoak eta Udalak horiei buruz dituen planteamenduak ezagutzeko.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Isabel Olave, Pachi Pérez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egitera azaldu dira Evaristo Mentaberri, Zugarramurdiko alkatea; Juan Miguel Ariztegi, Zugarramurdiko zinegotzia; María Urmeneta eta Saioa Rey, sarbide berriaren proiektuko arkitektoak; Joseba Otondo, Baztango alkatea; eta Florentino Goñi, Baztango Herri Lanetako zinegotzia.

 

Herrigunean elkartu dira lehenik, eta han ikusi dute 230 biztanle eskaseko herri horrek jasaten duen “zirkulazio arazoaren muina”. Kale nagusiko bi etxeren arteko estugune bat da, 3 metro zabal ozta-ozta, eta egunero batez beste mila bat ibilgailu pasatzen dira bertatik.

 

Evaristo Mentaberri Zugarramurdiko alkateak azaldu duenez, “arazoa larriagotu egiten da bisitari ugari etortzen diren egun seinalatuetan. Iazko estatistikek, pandemiaren eraginez murriztuta, 85.000 pertsona erregistratu zituzten leizeetan eta 40.000 Sorginen Museoan. Mugaz bi aldeetatik etortzen dira”.

 

Oporraldietako joan-etorri horiei gehitzen zaizkie Dantxarineko bentetara lanera edo salgaiak garraiatzera joaten direnak. Neurri handian, Beratik, Etxalartik edo Baztandik etortzen dira lanera edo hornigaiak ekartzera, “bide honetatik distantzia 50 kilometro laburragoa ere izan daitekeelako N-121-Btik baino”, erantsi du alkateak.

 

Jarraian, Udalak egin nahi duen jarduketaren proiektua ezagutu dute Parlamentuko ordezkariek, María Urmeneta arkitektoaren ahotik. Sarbide berri bat da, “kanpoaldeko saihesbide gisako bat”. Dantxarineko merkataritza guneak eta turismoak eragiten duten trafiko handia hartuko du, gaur egun hiriko plaza zeharkatu beharra baitago. Proiektuan jasorik dago, gainera, sarbide berria Zugarramurdiko turistentzako aparkalekuraino iritsiko dela kale nagusitik iragan beharrik izan gabe.

 

Hala ere, Mentaberrik esan duenez, konponbidea “ez da erraza, Saratik datorren bide nagusia Udalarena delako, eta horren tarte bat, gainera, Baztango Udalarena”. Kategoria horrek Nafarroako Gobernuaren jarduna mugatzen du eta laguntza ekonomikoa bilatzera behartzen du Udala, saihesbideko obraren 1,9 milioiko kostua ordaintzeko.

 

Hitz egiteko txandetan, parlamentariek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekontu-ekimenak abian jartzeko.