Lehendakaritza eta Berdintasun Batzordearen aburuz, Nafarroako Gobernuak bete du gardentasunaren nahiz publizitate aktiboaren arloetako betebehar guztiak bete ditzan eskatzen zion ebazpena
UPNren ekimenak 5/2018 Foru Legean jasotako printzipio eta konpromisoak aldarrikatzen zituen, jarduera publikoan eta gobernu-ekintzan gardentasuna behin betiko bultza dadin eskatzeko
Lehendakaritza eta Berdintasun Batzordeak gaur ebatzi du PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen kontrakoekin, Nafarroako Gobernuak bete duela gehienez ere 9 hilabeteko epean Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legeak gardentasunaren nahiz publizitatearen arloetan ezartzen dituen betebehar guztiak oso-osorik bete ditzan eskatzen zion ebazpena.
Lehendakaritza eta Berdintasun Batzordearen erabakia heldu da, hain zuzen ere, Erregelamendu berriaren 222. artikuluak mozioak bete ote diren kontrolatzeko prozedura arautzen duelako, halako moduan non, epe zehatzik ezarri ezean, lau hilabeteko epea ematen baitzaio Nafarroako Gobernuari agindu zaiona bete ote duen azal dezan.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak ekainaren 11n igorri zuen ebazpenaren betetze-mailari buruzko informazioa, eta Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman zuen informazio hori ekainaren 17an.
222. artikuluan ezarritako azterketa- eta egiaztapen-mekanismoak baliatuta, UPNren Lehendakaritza eta Berdintasun arloko eledunak abuztuaren 28an eskatu zuen –mozioaren alde bozkatu zuen beste edozein taldek egiten ahal zuen eskaria– Batzordeak azter zezala ea onetsitako ebazpena bete ote duen Nafarroako Gobernuak.
Aurreko legegintzaldiaren amaiera aldean Erregelamendu berria onetsi zenez geroztik, Nafarroako Parlamentuak zazpigarrenez aztertu du ea Gobernuak ebazpen bat bete ote duen eta hori dela-eta zer erantzukizun dagokion.
Juan Luis Sánchez de Muniáin (G.P. UPN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak hauek izan dira: Marta Álvarez, Cristina López, Isabel Olave (G.P. UPN), Kevin Lucero, Javier Lecumberri, Ainhoa Unzu (G.P. PSN), Irati Jiménez, Mikel Zabaleta (G.P. EH Bildu), Blanca Regúlez (G.P. Geroa Bai), Maribel García Malo (G.P. PPN), Miguel Garrido (G.P. Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (A.P.F. Vox).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (18. NPAO, 2023-10-16koa)
• Onetsitako ebazpena (39. NPAO, 2024311-27koa)
• Álvarez Alonso andrearen eskaera (UPN)