Legebiltzarrak ekitaldi bana egingo du asteartean eta ostiralean, Diabetesaren Munduko Eguna eta Haurren Munduko Eguna ospatzeko
Ganberak uko egin dio Espainiako Alderdi Komunistaren mendeurrena (1921-2021) ospatzeko zigilua jaulkitzea bertan behera uzteko erabaki judizialaren aurka agertzeari
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu azaroaren 14an ospatzen den Diabetesaren Mundu Egunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Adierazpenak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du azaroaren 14an ospatzen den Diabetesaren Mundu Egunarekin. Nafarroako Parlamentuak ANADIrekin batera ekitaldi bat eginen du azaroaren 15ean.
2. Nafarroako Parlamentuak bere fatxada urdinez argiztatuko du azaroaren 14an.
3. Nafarroako Parlamentuak erakunde eskudunak premiatzen ditu diabetes gaixotasunari aurrea hartzeko politikak sustatzen jarrai dezaten.
4. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du gaixoen eta profesionalen diabetes arloko prestakuntza eta hezkuntza areagotzeko neurriak sustatzea.
5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela diabetesaren ikusgaitasuna sustatzea, eta aldeztu egiten ditu ANADIk Diabetesaren Mundu Eguna dela-eta antolatu dituen jarduerak”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu azaroaren 20an ospatzen den Haurtzaroaren Mundu Egunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.
Adierazpenak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du azaroaren 20an ospatzen den Haurtzaroaren Mundu Egunarekin. UNICEFekin batera, ekitaldi bat eginen da Atalondoan, azaroaren 18an, 12:00etan.
2. Nafarroako Parlamentuak “Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren” printzipioekiko konpromisoa erakusten du: haien interes gorena, bizitzarako eskubidea, bizi-iraupen eta garapenerakoa, parte hartzeko eskubidea eta diskriminatuak ez izatekoa.
3. Nafarroako Parlamentuak dagozkion ekintzak sustatuko ditu Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak eta Parisko Ituna bete daitezen, COVID 19ren pandemiak eragindako krisialdia haurren orainean eta etorkizunean inbertitzeko aukera bihurtuz horrela.
- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak baztertu egiten baitu Madrilgo Administrazioarekiko Auzien 30. Epaitegiaren erabakia, Espainiako Alderdi Komunistaren mendeurrena (1921-2021) ospatzeko zigilua jaulkitzea bertan behera uzteari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.
Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute; Geroa Bai abstenitu egin da; eta Podemos-Ahal Duguk alde bozkatu du. EH Bilduk ez du hitzik hartu.
Adierazpen instituzionalerako proposamen errefusatuak honako hau zioen:
"1. Nafarroako Parlamentuak baztertu egiten du Madrilgo Administrazioarekiko Auzien 30. Epaitegiaren erabakia, Espainiako Alderdi Komunistaren mendeurrena (1921-2021) ospatzeko zigilua jaulkitzea bertan behera uzteari buruzkoa”.