Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Maiatzak 11

Larunbatetik aurrera ‘Parlamentu baten Irudiak’ erakusketa Faltzesen egongo da eta ekainaren 4ean bertan ospatuko da Mahaiaren eta Eledunen Batzarra

Gizarte etxean ekainaren 3ra arte egongo den erakusketak, Nafarroako Parlamentuaren eta eskaera politiko, sozial eta sindikalen arteko loturaren laburpen bat eskaintzen du

‘Parlamentu baten Irudiak’ erakusketa Faltzesko Pedro Iturralde Gizarte Etxean egongo da larunbat honetatik ekainaren 3ra arte. Izaera ibiltaria duen argazki erakusketa bat da, gure ordezkarien Ganberaren ibilbidea erakusten duen “lau hamarkadako historiaren” lagin bat Foru Komunitateko txoko guztietara eramateko helburua duena. Ekainaren 4ean, bestalde, Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak astelehenero burutzen duten saioa Faltzesko Udaletxean egingo dute.

 

Pasa den abenduaren 1ean ospatu zen erakusketaren inaugurazio ekitaldia Legebiltzarreko egoitzan, Nafarroaren Eguna zela eta, eta bertan Lehendakariak azaldu zuenez, “Parlamentuak Parlamentuko benetako protagonistentzat, hau da, herritarrentzat eginiko erakusketa da”, izan ere, Ganbera “Komunitate honetan bizi izan dira herritarren aldarrikapenen, gizarte hausturen eta borroka politiko–sindikalen islada baita, eta gure komunitatea anitza da, dinamikoa, elkartasunez betetakoa, polemikari lotua batzuetan eta kontsentsurako joera duena bestetan”.

 

Horrez gain, Aznarezek azpimarratzen du erakusketak “Parlamentuaren bizitzaren momentu esanguratsuenetako batzuk jasotzen dituela, horietako asko aldarrikapenekin, mugimenduekin eta garai bakoitzeko gertaera sozialekin zuzenki lotuak”.

 

Hala, Lehendakariak adierazten du erakusketak islatzen duela “Foru Legebiltzarrean ETAren indarkeria bezalako auziek izan duten eragina, edo izaera politiko edo poliziala izan duten beste auzi batzuek, ala memoria historikoaren esparrukoak, Leitzarango Autobiak, Itoizko urtegiak, intsumisoen mugimenduak, genero indarkeriak edo LGTBI sexu jazarpenak. Irudi mosaiko bat azken finean, Ganbera baten dinamismoaren ideia ematen duena, gero eta zorrotzagoak diren eta bere eskubideen gero eta kontzientzia gehiago duten herritarrekin guztiz lotuta dagoen Ganbera”.

 

Imágenes para un Parlamento/Parlamentu baten Irudiak erakusketa neurri handiko (40 x 50 zm) 55 argazkik osatzen dute Legegintzalditan banatuta eta informazioa ematen duten hamaika panel daude. Erakusketak azalpen liburuxka bat eskaintzen du. Ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai Gizarte Etxean.

 

Hala eskatzen duten Nafarroako herri guztietara eramango da, eta Foru Legebiltzarreko egoitzatik kanpo burutzen diren Mahaia eta Eledunen Batzarraren bilkuretara (Parlamentu ibiltaria) eramango da.

 

Nafarroako Parlamentuko Prentsa Zerbitzuak egin du zuzendaritza eta errealizazio lana, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuaren laguntzarekin. Zuzendaritza artistikoan Adolfo Lakunza Eguaras aritu da, Ganberako argazkilari ofiziala.

 

Erakusketarako argazkiak utzi dituzten argazkilariak hauek dira: Javier Sesma, José Antonio Cordovilla, José Antonio Goñi, Jorge Nagore (DIARIO DE NAVARRA), Javier Bergasa, Patxi Cascante (DIARIO DE NOTICIAS), Jesús Diges, Villar López (Agencia EFE), Jagoba Manterola, Lander F. Arroyabe (ARGAZKI PRESS), Xabi Ventura (NAVARRA HOY), Joxe Lacalle (Egin), Cristina Abadía, Luis Azanza eta Adolfo Lakunza.