Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Apirilak 27

Larraonako ikasleek Politikaren jardunbide egokiaren lehen kode etikoa aurkeztu dute Parlamentuan

Politika zerbitzu jarduera nobletzat aldarrikatu du Unai Hualdek eta ikasleek gizarteari eskainitako konpromiso eta jardunbide egokien dekalogoa eskertu du

Claret Larraona ikastetxeko ikasleek Politikaren jardunbide egokiaren lehen kode etikoa aurkeztu dute gaur Nafarroako Parlamentuan, "herritarren eskaerak eta nahiak" oinarri hartuta egindako konpromiso eta jardunbide egokien dekalogo "errealista" bat, gizarte osoari zuzendutako "autokritika" ariketa izan nahi duena.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen hitzetan, DBH eta Larraonako ikasleek egindako lana “berri ona” da, izan ere, “gazteek politikari balioa eta duintasuna ematen laguntzeak zerbitzu-jarduera noble horrekiko interesa adierazten du. Egia da ez dagoela bere onenean, eta horretan eragina dute, egunero ikusten dugunez, etika hausten duten eta politika ona galbidera daramaten jarrera eta hitzek".

 

Ildo horretan, Hualdek azpimarratu du “ideia batzuk defendatzea bezain garrantzitsua dela modu garbian egitea. Etika bat dator politikarekin, baina hainbeste ustelkeria eta praxi txar kasu deigarriren ondoren, etikak biltzen dituen printzipioen eta balioen multzoa aldarrikatzea ezinbestekoa da. Alderdi politikook duela urte batzuetatik hona kode etikoak gehitzen ari gara gure hauteskunde-programetan, ordezkatzen ditugun herritarrekin dugun kontratua da".

 

Unai Hualdek, amaitzeko, Larraonako ikasleen ekarpena eskertu du, eta Eduardo Ortiz irakasleak "gure erakundea ikasgeletara hurbiltzeko" egindako ahalegina eskertu du. "Zorionak eman nahi dizkizuet zuen ekimenagatik, are gehiago egun berezi hauetan, pandemiaren eraginez eskoletako bisitarik gabe, Hezkuntzaren aldeko Mundu Astea ospatzen baitugu".

 

Eduardo Ortiz proiektuaren arduraduna den irakasleak proposamen honen “izaera arriskatua” nabarmendu du, eta “seriotasunez” har dezaten eskatu die parlamentariei. “Ez interpretatu proiektu fresko soil bat bezala, adinaren ausardiaren emaitza bezala. Baloratu edukia. Gustatuko litzaidake kode honek politikariak eta herritarrak apur bat aldatuko balitu".

 

Javier Rodríguezek, Kode etikoaren egileen izenean, "herritar askok politikari eta politikarekiko duten mesfidantza eta interesik eza" azpimarratu du, "aldaketak egin behar direla” egiaztatzeko, “gauzak ez doazelako ondo". “Gure politika-tailerretik irizpide propioa izateko, parte hartzeko eta zubiak eraikitzeko lan egiten dugu, herritarrok ere arduratsuak garelako, ezin dugulako paso egin. Kode honekin, gure helburua klase politikoaren eta herritarren arteko topaketa bultzatzea da, gizartea indartzeko".

 

Ildo berean, Iván Hernández eta Leyre Juárezek, Kode etikoaren eraketak parte hartu dutenek, "baloreak berreskura daitezen" eskatu dute. “Politikak une zailak bizi ditu eta horrek konpromisoa eskatzen du, zerbait aldatzeko borondatea. Bilduma hau zuenganatu dezazuen gonbidatzen zaituztegu. Elkartzea hasiera bat da, elkarrekin lan egitea, berriz, aurrerapauso bat".

 

Hitzaldiak amaituta, Larraonako ikasleek Kode etikoaren ale bana eman diete Unai Hualde lehendakariari eta taldeetako eledunei.

 

Bertan izan dira, besteak beste, Isabel Olave, Jorge Esparza, Alberto Bonilla (Navarra Suma), Javier Lecumberri, Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).