Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Azaroak 26

Laparrak lana banatzeari buruzko neurriak aztertzea "interesgarria" dela dio

Podemos-Ahal Duguren interpelazio bati erantzun dio eta baieztatu duenez "lan gutxiago egitea guztiok lan egin dezagun oso helburu goresgarria da", baina aplikatzerakoan "hanka ez sartzea garrantzitsua da"

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen lehendakariordeak, Miguel Laparrak, baieztatu du Nafarroan enplegua sortzeko formula gisa lana banatzeari buruzko neurriak aztertzea “interesgarria” dela, sektore pribatuan eta administrazio publikoetan esparru ezberdinak ezarriz.


Laparrak Podemos-Ahal Duguren interpelazioari erantzun dio eta esan duenez, une honetan “lana asko banatzen da baina ez zaio gustatzen nola egiten den, gakoa ongi banatzea da. Lanpostu berean txandakatzea, behin behinekotasuna areagotzea edo lanaldi partzialak lana banatzeko moduak dira”.


Lehendakariordeak baieztatu duenez, “lan gutxiago egitea guztiok lan egin dezagun oso helburu goresgarria da, baina izugarri garrantzitsua da aplikatzerakoan hanka ez sartzea, etorkizunean ez gaitzan hipotekatu”. Gainera, jakinarazi du 2014an 44 pertsona soilik administrazioan lana banatzeko aurreko Gobernuak abiarazi zuen foru dekretuari atxiki zitzaizkiola.


Miguel Laparrak adierazi du eztabaida honek bi alderdi dituela, batetik epe luzea eta bestetik motza. Horrela, epe motzari dagokionez, aitortu du “langabezian oso zifra garrantzitsuak ditugu eta lana banatzeari buruzko eztabaidak zentzua dauka, eta abian jartzeko eskera interesgarria da”.


Alabaina, Laparrak zehaztu duenez, “Nafarroak ez dauka gaitasun legegilerik araudi laboralaren funtsezko osagaietan, eta horrek elkarrizketa sozialaren lehenengo lerroan jartzen gaitu. Gauza asko egin ahal izango dira enpresa- eta sindikatu-erakundeekin adostasunak lortzen baditugu”.


Epe luzeari dagokionez, esan du “behar sozialak areagotzen ari dira, eredu energetiko iraunkor bat eraikitzeko behar medioanbientalak areagotzen ari dira, mundu osoan biztanleek dituzten oinarrizko beharrak areagotzen ari dira, eta horrek gizarte osoak lan handiagoa egin dezan eskatzen du”.


Ildo horretan, Laparrak Nafarroako Aurrekontuetan garapen ekonomikoaren eta teknologikoaren alde egiten den apustua eskertu du, “oso arrazoizkoa da, gero eta handiagoak diren behar horiek beteko dituzten enpleguak iraunkorrak bihurtzeko”.


Miguel Laparrak baieztatu duenez, “lanaldian eta ordainsarian murrizketa orokorrak planteatzen direnean, ondorioak ezberdinak izan daitezke: kasu batzuetan produktibitatea handitzea ekartzen du eta hortaz ez da enplegua sortzen, eta beste batzuetan lanaldia murrizteak sektore pribatuan lehiakortasuna kolokan jartzea ekar dezake, eta enplegua murriztea ekar dezake”.


Lehendakariordeak baieztatu duenez, “beste esparru batzuetan, produktibitatea egonkorragoa izan daitekeenetan, enplegu publikoa kasu, enplegua irabazi daiteke, baina kostuak areagotzeko arriskua dago”.


Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu) Nafarroako Gobernuaren hitzarmen programatikoak administrazioan lana banatzeko aukerei buruzko azterlan bat egitea eta 39/2014 Foru Dekretua aldatuta hura ezartzea aurreikusten duela oroitarazi du, betiere Funtzio Publikoaren Mahaiko sindikatuekin adostasunean.


Carlos Cousok esan duenez Nafarroan 41.900 langabetu daude eta “lana oso gaizki banatutako ondasun murritza bihurtu da”. Testuinguru horretan, adierazi du lana banatzea Podemos-Ahal Duguren “ekintza sozial eta politikoko printzipio bat” dela, “gure filosofiaren oinarri bat”.


Sergio Sayasek (UPN) esan duenez, “eztabaida asko ikusten ari gara non Gobernuak azterlanez, filosofiaz, planez, estrategiaz hitz egiten digun, hau unibertsitatea balitz moduan, eta hemen benetan konponbideak bilatu behar dituen Gobernu bat dago. Nafarrek ez diete Gobernuari ordaintzen azterlanak egitera etortzeko, etxetik ikasita etorri behar du eta neurriak ezarri behar ditu”.


Patxi Leuzak (Geroa Bai) jakinarazi duenez “Gobernua iritsi zen eta ez zegoen ezer” eta langabezia bere taldea “hasieratik bukaeraraino kezkatzen duen gai bat” dela esan du, “konpondu nahi dugun amesgaizto bat da”.


Adolfo Araizek (EH Bildu) langabeziaren tasa “oso altua” dela aitortu du eta langabezian dauden pertsonei erantzuteko neurriak hartu behar direla esan du. “Lana ondare murritza da eta tamalez gaizki banatua dago, hortaz eztabaida hau interesgarria da”.


Ainhoa Unzuk (PSN) azpimarratu du Gobernu zentralak onetsi zuen lanaren erreformak “klase sozial berri bat sortu duela, langile pobreena” eta esan du “lana benetan banatu nahi baduzu, lehenik eta behin kalitateko enplegua sortu behar da. Ezin dugu berez oso prekarioa den lan bat banatu”.


Ana Beltranek (PPN) adierazi duenez, “Nafarroako Gobernuaren lehentasuneko erantzukizun bat lanpostuak sortzea da. Hartu behar zituzten lehenengo neurriak ildo horretakoak izan behar ziren. Oraindik ez dugu neurri zehatzik eta denbora luzez ez ditugu izango, gizarte honen beharrei dagokienez argitu gabe jarraitzen dutelako oraindik”.


Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) esan duenez bere taldea “oso konprometitua dago lana banatzea bezalako neurriak ezartzeko beharrarekin, daukagun lan merkatuaren eredua funtsean aldatzea planteatzen duten proposamenekin”.