Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 16

Laneko istripuak ekiditeko plan bat abian jartzeko eskatzen duen erabakia onetsi du Parlamentuak

Espainiako Gobernua premiatzen du kontrol eraginkorrerako behar beste baliabide teknikoz eta giza baliabidez horni dezan Lan Ikuskatzaileen kidegoa

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki baten bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da “haintzat har eta abian jar dezan Helburua: batere lan istripurik ez izeneko plan bat, enpresak bultzatuko dituena lan-istripuak gutxitzeko edo desagerrarazteko helburua daukaten neurriak ezartzera. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak sustatu beharko du plan hori”.

Plan horrek, zehazten denez, “honako hauek bilduko ditu bere jarduketen artean:

a) Txosten bat prestatzea, laneko arriskuen prebentzioaren arloko legedia Nafarroako enpresa eta lantoki guztietan modu formalean ez ezik materialki eta eraginkortasunez ere betetzeari buruzkoa.

b) Enpresek, sindikatuek, langileek eta edozein interesdunek laneko arriskuen prebentzioaren arloko legedia eraginkortasunez aplikatzea lortze aldera egiten dituzten proposamenak biltzea.

c) Laneko arriskuen aurkako babesa hobetu eta handitzen duten gomendioak eta proposamenak egitea.

d) Aplikatu beharreko araudiaren hitzez-hitzekotasuna betetzeaz gain, c) puntuan adierazitakoaren arabera laneko arriskuen prebentzioaren arloko berariazko legedia hobetzeko bide gisa aurkezten diren gomendioak eta proposamenak aplikatzen dituzten enpresak eta lantokiak aitortzea”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, halaber, Espainiako Gobernua premiatzen da “Lan Ikuskatzaileen Kidegoa behar beste baliabide teknikoz eta giza baliabidez horni dezan, zerbitzua eraginkorragoa izan dadin eta halatan kontrol handiagoa egin dadin istripu-tasaren jatorrian dauden laneko baldintza-narriadurako egoeren gainean”.

Bestalde, jada hirugarren puntuan, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen III. tituluko III. kapitulua alda dezan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako agintari autonomikoek (teknikariak) eskumen gehiago izan dezaten: exekutiboak, laneko arriskuen prebentzioaren arloko espedienteak ofizioz sustatzekoak, eta aplikatu beharreko araudiaren urraketak salatzekoak”. Hirugarren puntu horretan PPNk aurka bozkatu du eta PSN abstenitu egin da. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen babesaz onetsi da puntu hori.

PSN parlamentu-taldeak gehitzeko zuzenketa aurkeztu du, baina ez dio onartu Podemos-Ahal Dugu taldeak, ekimenaren titularrak. Zuzenketa horren bidez "laneko arriskuen prebentziorako Foru Komunitateko ordezkariaren figura" berreskuratu nahi zen, eta "laneko arriskuen prebentziorako aholku organoen eta erakundeek parte hartzeko organoen eginkizuna sendotu". Gainera, Espainiako Gobernuari proposatzen zion "Langileen Estatutuaren 42.1 artikulua aldatzea, azpikontratatutako langileek besteek bezalako lan baldintzak izanen dituztela bermatzeko".

Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiak, zioen azalpenean, 2015ean laneko istripuak “nabarmen ugaritu” direla azpimarratzen du, eta horri dagokionez baieztatzen du langile-klasearen prekarietatea dela istripu-tasa handi horren eragile.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, “2015eko urtarriletik irailera bitartean 9 istripu hilgarri, 44 istripu larri eta 5.602 istripu arin egon dira”.

Hala eta guztiz ere, “Espainiako Gobernuaren gaurdainoko politikak krisitik ateratzeko heldu dion bide kaskarra da kolokako enpleguarena, lansari txikiena eta hainbat desberdinkeriarena: emakumeengan eragin negatiboa duten genero-desberdinkeriena; adin desberdinkeriek eragin negatiboa daukate gazteengan eta 45 urtetik gorakoengan; eta, amaitzeko, herritartasun-desberdinkeriek etorkinak diskriminatzen dituzte”.

Proposatzailearen iritziz, horrek guztiak zerikusia du laneko istripu asko gertatzearekin.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (63. NPAO, 2016-05-06koa)