Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea Funesera joan da Arga ibaiaren leheneratzea ikusteko
Uholdeen eraginak gutxitzeko lanak ikusi ditu, lan horiek lagungarriak baitira era berean Arga ibaiaren beheko zatiko meandroetan dauden habitatak hobetzeko
Gaur goizean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea Funesen izan da, Arga ibaiaren beheko zatiko meandroetan lotura hidrologikoa egiteko eta habitatak hobetzeko proiektuaren 3. faseko lanak bisitatzen.
Batzordeko kide hauek joan dira: Miguel Bujanda, Yolanda Ibáñez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiáin (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa). Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria ere haiekin izan da.
Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote honako hauek: Ignacio Domínguez (Funesko alkatea); David Gargantilla eta Alfonso Calvo (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa); Luis Sanz, Eva Zaragüeta eta Ana Varela (GAN-NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoa); Guillermo Cobos (obren zuzendaria); eta Javier Martínez (TRAGSA enpresa). Bestetik, Funesko Udaleko kide eta zinegotzi batzuk ere egon dira.
Bisita Nafarroako Gobernuaren gonbidapenaren ondorio izan da, eta helburua izan da “uholde-arriskuak murrizteko Nafarroako Gobernuaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren artean koordinatuta egindako lanen eta estrategiaren berri ematea”.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoko, GAN-NIK enpresako eta Funesko Udaleko kideek adierazi duten moduan, “lanek beren eraginkortasuna erakutsi dute eta jarduketaren helburuak bete dituzte: Funesko udalerriaren uholde-arriskua gutxitzea, eta habitatak hobetzea, oso baliagarriak baitira ibaiaren baldintza ia naturalak berreskuratzeko. Gainera, birnaturalizazioa bateragarria izan da nekazaritzako erabilerekin”.
Parlamentuko ordezkaritzak “Arga ibaiaren beheko zatiko meandroetan lotura hidrologikoa egiteko eta habitatak hobetzeko proiektuaren” 3. faseko lanak bisitatu dituzte. Lan horiek proiektuaren azken fasekoak dira, eta egun aurrera jarraitzen dute. Azkeneko fase horrek 3,9 milioiko aurrekontua dauka. Arga ibaiaren ibilgua eta Soto Sardillasko meandroa berriz lotzea du xede nagusia, meandroan bertan luzetarako jarraitutasuna berreskuratzeko eta Funesko herrian uholde-arriskua gutxitzeko. Horri esker, 300 m3/s-tik gorako uraldietan ibaiko urak Soto Sardillasko meandrotik zirkulatuko du, meandroko ura saneatu eginen da eta bi ibilguak berriz konektatuko dira.
Ibilgu hori eraikitzearekin batera, lanek meandroaren luzetarako jarraitutasuna berreskuratuko dute, gaur egun dauden oztopoak iragazkor bihurtzeko eta uraren zirkulazioa errazteko. Obrek irauten duten bitartean, bi zubi berri eraikiko dira. Bat kanal berriaren sarreran egonen da, eta besteak industrialdeko sarrera eta irteera erraztuko ditu NA-6630 errepiderantz.
Arga behereko HUArako egungo pasabidea ere eraitsiko da, eta aurreko zubien tipologia bereko beste zubi batek ordezkatuko du. Azkenik, Las Mesicasen presa txiki berri bat eraikiko da, deribatutako emaria gainaldetik igarotzen utziko duena.
Arga ibaiko ezohiko uraldietan, urek egungo kanalizazioa gainditzen dutenean ezkerraldetik, 2021eko abenduan gertatu zen bezala, ubide berriak gainezka egindako urak bilduko ditu. Horrela Arga ibaira bideratuko dira, baita ibai horren eta Aragoi ibaiaren arteko bilgunera ere, Soto Sardillasko meandroan zehar. Ondorioz, drainatzea erraztuko da eta uholdeen iraupena eta urak hartutako eremua murriztuko dira.
1. eta 2. faseak 2016an eta 2017an egin ziren, hurrenez hurren, 8,3 milioi euroko inbertsioarekin, eta honako hauek izan zituzten helburu: Soto Sardillasko meandroan uren kalitatea hobetzea, uholde-lautada berreskuratzea eta Arga eta Aragoi ibaien bilgunea hobetzea, bi ibaiak Ebrorantz batera atera daitezen.
Parlamentariek inplikatutako agente guztien eskutik ezagutu dute jarduketa hori, zeina adibide eta ekintza pilotu gisa aurkeztu baita uholde-arriskuaren kudeaketa eta ibaien leheneratzea batzen dituzten beste esku-hartze batzuetarako. Horixe da Ebro Resilience estrategiaren kasua, Ebroren erdiko tartean.
Obrak bisitatu ondoren, Ebro Resilience estrategiaren jarduketa-ildo nagusiak aurkeztu dira. Estrategia horren helburua uholdeen inpaktua murriztea da, eta ur-masen eta ibaiertzeko habitaten egoera hobetzen laguntzea. Gainera, uholdeen aurrean prebenitzeko, babesteko, prestatzeko eta lehengoratzeko neurriak hartzen ditu, bai eta ibai-ekosistemak hobetzekoak ere.