Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Irailak 7

Landa Garapen eta Ingurumen Batzordea bisitan joan da Lokizko akuiferoko putzuetara

Egaibarko alkateek eskatu dute Nafarroako Ubidean sartzeko data, zeina 2027rako aurreikusten baita, aurreratu dadin, eremu horretako hornidura –jasangarritasuna begiratuta– ziurtatzearren

Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk e I-Ek eskatuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko kideak bisitan joan dira gaur Lokizko akuiferoko putzuetara.

 

Honako parlamentari hauek joan dira bisitan: Miguel Bujanda, Pachi Pérez (Navarra Suma), Javier Lecumberri (PSN), Blanca Regúlez, Pablo Azcona (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Antzingo Udalean bertako alkate Isaac Corresek, Olexoako alkate Alfredo Vicentek, Iguzkitzako alkate Ignacio Urrak, Okoko alkate eta Egako Ureztatzaileen Elkarteko lehendakari Roberto Arbizuk, Murietako zinegotzi Felipe Ajonak, eta Salvemos el Ega-Ega Bizirik elkartearen ordezkari Juan Iriberrik.

 

Egaibarko alkateek eta Salvemos el Ega-Ega Bizirik elkarteak zehaztu dutenez, bisitaren xedea izan da “bertatik bertara azaltzea Jurramendiko Mankomunitateko eremuaren hornidura bermatze aldera egiten ari diren erauzte intentsiboek zer inpaktu duten Lokizko akuiferoan nahiz Ega ibaiaren emarian eta osasunean”.

 

Jarraian, segizioa San Faustoko iturrira joan da, Antzinen baitago, non Juan Iriberrik adierazi duen “egungo erauzte-mailarekin, 24 urtetik honako egoera jada kritikoa” dela. Lehen, gutxieneko ustiapenarekin, arazorik ez zegoen, Egak badauzkalako bost bat gune non udan modu naturalean birkargatzen baita. Iturri horiek ukitzen ez badira, edo gutxi ukitzen badira, emariak ez du sufritzen. Hori ikasi genuen 1989ko lehorte handian, Antzindik beheiti ez baitzen igarri ere egin. Hemen, San Fauston, ura geldi egoten zen. Orain, aldiz, ez. Urtean zehar euria batezbestekotik beheiti eginez gero, erabat lehortzen da sei hilabetean-edo.

 

Gauzak horrela, Antzingo alkate Isaac Corresen arabera, “oso garrantzitsua da gure daukagun natura-ondarea zaintzea. Solidarioak gara, eta ez diogu ezetz esaten partekatzeari. Ura beste leku batzuetara eraman daiteke, baina ez eremu hau behar adinako baliabiderik gabe utzita. Garapen jasangarriaren alde gaude, ibaia lehortzea herrietako bizitza lehortzea delako. Antzin beti izan da uraren herria, jendeak hala ezagutu du beti, baina Jurramendiko Mankomunitateak egungo erauzte-erritmoari eusten badio Estellerriko hainbat herri hornitzeko... Premiazkoa da konponbide bat bilatzea”.

 

Hala, agerian utzi ondoren, Auzitegi Gorenaren aurkako epaia gorabehera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eman beharreko baimenik eduki gabe (zeina ezinezkoa baita emari ekologikoa ezarri ezean), Mankomunitateak Mendazako ura erauzten jarraitzen duela, Corresek proposatu du “Nafarroako Ubidean sartzeko data, zeina 2027rako aurreikusten baita, aurreratzea, Lokiztik ura hartzen duten herrien hornidura ziurtatzeko”. Aurreratu egin beharko litzateke edateko uren araztegiaren eraikuntza nahiz beharrezkoak diren gainerako azpiegiturena. Horretarako, behar-beharrezkoa da talde parlamentarioak ados jartzea, aurrekontuan jaso beharra dagoelako”.

 

Juan Iriberrik, berriz, Uraren Ziklo Integralaren 2021etik 2030era bitarteko Plan Gidaria bete dadin exijitu du (iragan legegintzaldiaren bigarren erdialdean Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egin zuen azterlan hidrogeologikotik abiatuta taxutu zen plan gidaria).

 

Salvemos el Ega-Ega Bizirik elkarteak bat egiten du azterlan hartan ateratako ondorioekin, arrazoia ematen baitigu auziaren alderdirik nagusienean: iturriak lehortu eta murriztearekin zerikusia daukan guztian. Baina hori dena paper erre bihurtu da. Plan Gidariaren jarraibideen arabera, akuiferoaren arrazoizko ustiapena egin beharko litzateke, baina konponbidea 2027ra arte atzeratzeak kontzientzia falta izugarria erakusten du”.

 

Bere arrazoibidean sakonduta, Iriberrik ohartarazi du “akuiferoa oso sentibera dela, hala kontsumoei nola ez-kontsumoei begira, konfinamenduan eta deseskalatzean frogatu ahal izan denez. Orain euria ezberdin egiten du, baina ez gutxiago, sei hilabeteko lehorteak justifikatzeko beste. Horren erabilera intentsiboa da arazoa”.

 

Egako Ureztatzaileen Elkarteko lehendakari Roberto Arbizuk erdigunera ekarri du “uraren eskasia, gero eta gutxiago dago. Ustez, segundoko 320 litroko ureztatze-emakida daukagu, eta horietatik 120 edo 130 baino ez ditugu erabiltzen. Une honetan, ibaiak 500 litroko emaria du. 5.500 erregu inguruko, eta 1.500 ureztatzen ditugu. Sistemak ez du gehiagorako ematen”.

 

Mendazako putzuetako bisita bukatuta, Zuñigako iturburuaren ondoan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren eledunek eskerrak eman dituzte jasotako azalpenengatik, eta jasotako informazio hori aztertuko dutela adierazi dute, kasua bada, abiarazi beharreko ekimen politikoak nahiz aurrekontuaren arlokoak abiarazteko.