Kulturaren Plan Estrategikoan aurrerapausoak iragarri ditu Nafarroako Gobernuak
Geroa Bairen interpelazio bati erantzunez, zeinak aurreko legealdiko ibilbide-orrira jotzen duen, eguneratu ondotik profesionalen egungo nahiei erantzuteko
Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kiroleko kontseilariak nabarmendu du bere departamentuak aurrerapausoak eman dituela 2017-2023 Kulturaren Plan Estrategikoaren garapenean, baita “pertsona guztientzako politika kulturalak ezartzean ere”.
"Plana aurrera doa, eta kontzeptuak eta lehentasunak ezartzen eta birkokatzen ari gara. Premiarik larrienak epe laburrean arintzeko lan egitera behartu gaitu Covid-19ak. 2017ko eta 2021eko errealitateek ez dute zerikusi handirik, baina planak eraldatzen joan daitekeen tresna erabilgarria izaten jarraitzen du", adierazi du Esnaolak, Geroa Baik Kontrolerako Osoko Bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez.
Kontseilariak gogorarazi du abenduan hiru urte bete zirela plan estrategiko hori abian jarri zenetik, eta plan horrek "logikoki berrikuspen eta egokitzapen bat" behar izan duela, "pandemia dela eta, baina baita kulturak funtsezko zeregina duen beste arrazoi batzuengatik ere, hala nola 2030 Agenda edo Garapen Iraunkorreko Helburuak direla eta".
Kontseilariak adierazi duenez, otsailean azaldu zuen beharrezkoa zela plana neurtzeko behar ziren tresnak eta adierazleak garatzea, "garatu gabe zegoen ezinbesteko prozedura". Eta Nafarroako kultur ekipamenduen mapa bat eta plan estrategikoa bistaratzeko tresna martxan jartzeko aurkezpena aurreratu du ekainaren 15erako.
Esnaolak zehaztu duenez, plan estrategikoak 10 ardatz ditu, eta horietatik bostek garrantzi berezia hartu dute pandemiaren garaian, "argi geratu baita kultura ezinbestekoa dela".
"Planean aurrera egiten ari gara, guztiontzako kultur politikak ezartzeko, eta publiko eginen den bisorea horren adierazle izango da. Herritarrek kulturan parte hartzeko formulak bilatzen eta sustatzen jarraitu behar da".
Halaber, kontseilariak "hilabete hauetan sortu diren elkarte eta erakundeak sostengatzearen eta babestearen" aldeko apustua egin du, haiekin elkarrizketa bat izateko eta plana bera berrikusteko. Aldi berean, udalekin lan egin behar da kultura-espazioak erabiltzeko".
Era berean, Kultura kontseilariak kultura alorrerako "behar adina diru" aldarrikatu du, "Gobernu honek hartu duen konpromisoa, eta apurka-apurka, eta egoera ikusita, gauzatzen ari dena".
"Planaren ekuadorrean gaude, argi dago epe ertain eta luzera garatu beharreko ardatz estrategikoak geratzen direla, baina egiten joango gara, eta betiere kulturaren arloko eragile publiko eta pribatuen parte-hartzea eta lankidetza izango dugu", azaldu du Esnaolak.
Kontseilariak azaldu duenez, bere departamentuan talde bat planaren jarraipena egiten ari da. Gainera, Nafarroako Kulturaren Kontseiluak "horrekin bat egingo du", eta "sektorearekin komunikazio arina" izango du. Adierazle argiak ditugu, eta aurten eta datozen urteetan lortu beharreko aurreikuspenak", gaineratu du.
Ana Ansak (Geroa Bai) azpimarratu duenez, Kulturaren Plan Estrategikoa koalizioaren "oinarrietako bat" izan zen aurreko legealdian, eta "legegintzaldi honetarako oinarrietako bat izaten jarraitzen du. Akordio programatikora eraman genuen, eta abian jartzeko lanean ari gara, kulturako profesionalen eta herritar askoren nahia jaso baitzuen. Horregatik, adierazleak landu eta ebaluatu behar dira "plana birbideratu edo birplanteatu ahal izateko informazioa ateratzeko".
Raquel Garbayok (Navarra Suma) "Gobernuaren kulturaren aldeko apustu eta ikuspegi falta" kritikatu du. "Kultura departamentua ez da bere konpromisoak betetzen ari. Gobernua aditua da planifikatzen eta ez jarduten, hitza ematen eta huts egiten. Galeriari begira, ekimen batzuk aurkezten dituzte, baina gero ez dituzte aurrera eramaten, ez dutelako baliabide nahikorik ematen. Edo betetzen ez dituzten akordio programatikoak sinatzen dituzte. Plan hau ez doa aurrera eta bazkideek ere esaten diote. Kulturaren arloan, Nafarroak atzera egin du karramarroen antzera”.
Carlos Menak (PSN) adierazi duenez, plana "beharrezkoa zen eta epe ertain eta luzerako politikak bideratzen zituen. Aurreko gobernuak ohituta gintuen gero ekintza politikoan islatzen ez ziren planak eta legeak hausnartzera. Gobernu honen bi urte bete diren honetan eta pandemia baten ondoren, Plan Estrategikoa kultur politikak ezartzen jarraitzeko oinarria izan da, ekitaldiz ekitaldi aurrekontua handitzearekin batera".
Maiorga Ramirezek (EH Bildu) nabarmendu du "kulturako arloko pertsonak egoera dramatikoa eta oso konplikatua" bizitzen ari direla, eta azpimarratu duenez, Nafarroako Parlamentuan sortutako ponentziarekin, "legegintzaldi hau benetako mugarria izateko aukera dugu, artistaren Nafarroako estatutuari helduz, kulturako profesionalen legea definituz edo kontratuen eta diru-laguntzen legeak egokituz". Kulturaren egiturazko arazoari eta prekarietateari heldu behar diegu".
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, hitzaldiak ikusita, "denok egin nahi dugu aurrera kultur arloan”, baina alderdien eta taldeen baitan beste gai batzuk lehenesten dira. “Oso inplikatuta gaude, baina dirurik gabe zaila da hori egitea. Presioa egin beharko dugu kultura bilera bateko minutu batzuk baino gehixeago izan dadin".
Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) Kulturaren lehen Plan Estrategikoa lortzeko egin zen "lan handia" goraipatu du. Adierazi duenez, kasu honetan ezin diot Kultura kontseilariari "gehiegi eskatu", izan ere, "2019ko abuztuaren 2an Chiviteren inbestidura izan zen eta martxoaren 14an pandemia garaian sartu ginen. Bidezkoa izan nahi dut, hala ere, ez da oztopo "asko dagoela egiteko uste izateko".