Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Nafarroako Liburutegia bisitatu du
Foru Komunitatearen ondare bibliografiko eta filmografikoaren “babeslekua” izateaz gain, elkartzeko, ikasteko, irakurtzeko, kontsultatzeko eta aritzeko tokia ere bada
Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak gaur Nafarroako Liburutegia bisitatu du, 2011ko martxoan inauguratutako ekipamendua, Nafarroako ondare bibliografiko eta filmografikoa kontserbatu eta ezagutaraztea helburu duena. Milioi bat ale baino gehiago gorde ditzake, eta erabilera publikoko gune zabalak eskaintzeko tokia ere badu.
Batzordeko kide hauek joan dira: Javier Trigo, Félix Zapatero (UPN), Ibai Crespo (PSN), Mikel Zabaleta (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Asun Maestro Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak, Anabel Olaso Nafarroako Liburutegiaren Ataleko buruak, Fernando Ross Liburutegien Sarearen Ataleko buruak, Virginia Oyarzun Informazio Baliabideen Bulegoko buruak, Laura Irulegui Liburutegiak Koordinatzeko Bulegoko buruak, Clara Flamarique Liburutegietako Proiektuen Bulegoko buruak eta Martín Saragüeta Zerbitzu Digitalen Bulegoko buruak.
Bisitaren helburua izan da, talde parlamentarioen eledunek azaldu dutenez, “jakitea zer nolako egoera eta beharrak dituen Nafarroako Liburutegiak, zer jarduera egiten dituen, bai eta Liburutegiak eta haziak programa, zabalkundeko beste ekintza batzuk eta funts bibliografikoak kontrolatzeko funtzioa ere”.
Asun Maestro Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak adierazi du 2011n inauguratutako Nafarroako Liburutegia gune “jasangarria, errentagarria eta baliagarria, elkartzeko, ikasteko, irakurtzeko, kontsultatzeko eta aritzeko tokia” dela. Nafarroako ondare bibliografiko eta filmografikoaren babeslekua eta haren lege-gordailuaren arduraduna dela gehitu du, eta Foru Komunitateko “organo bibliografiko gorena”ren eginkizunak dituela.
Nafarroako Liburutegia liburutegi publikoa da eta, aldi berean, ondare-liburutegia, “Nafarroako ondarea jaso, kontserbatu eta ezagutarazteko eginkizuna” duena. Hori dela-eta, Nafarroako liburutegi zerbitzuen eskariaren erronkei erantzutea bermatzeaz gainera, “milioi bat ale baino gehiago” gorde ahal ditu. Gaur egun ia 500.000 alek osatzen dute bilduma, eta horietatik 136.000 jendearen eskura daude.
Maestrok Nafarroako Liburutegiaren “moldakortasuna” azpimarratu du. Izan ere, beharrak azaldu ahala moldatuz doa, guneak erabilera desberdinetarako egokituz. Hain zuzen ere, irisgarritasun unibertsal fisiko eta digitalaren plan “handinahi” bat ezartzen ari dela eta “pixkanaka” martxan jarriko dela iragarri du.
Egokitze hori, Maestrok gehitu duenez, Nafarroako Liburutegiak Covid-19aren pandemiaz geroztik egin duen “jauzi digital garrantzitsuak” berresten du, ez bakarrik Administrazio elektronikoari dagokionez, baita eduki digitala sortzeko apustuari, marka-irudiaren diseinuaren sorrerari, streaming bidezko solasaldien eta hitzaldien eskaintzari eta abarrekoei dagokienez ere.
Nafarroako Liburutegiko jarduera, lantegi eta ekimen eskaintza zabalaren balioa nabarmendu ondoren, Maestrok langile urritasuna aipatu du, plantillan 21 pertsona baino ez baitaude. Ildo horretan, nabaria da plantilla handitzeko eta “Liburutegi Zerbitzuaren egitura sendotzeko” beharra.
Jarraian, Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeko kideek Liburutegiak eta haziak, kultur asaldurako saiakuntza bat programa ezagutu dute. Ekimen horrek xede du “hemengoak edo interesekoak diren barazki eta fruta barietateen haziak bildu, kontserbatu eta partekatzea, baratzeetan erabili eta ugaldu daitezen”, eta, era berean, “haiei lotutako jakintza guztia bildu eta zabaltzea, biodibertsitatearen, tokian tokiko nekazaritza jasangarriaren eta elikadura-burujabetzaren inguruko kontsulta eta mailegu material aukeratuekin batera”.
Ekimen horren helburua da, Clara Flamariquek adierazi duenez, irakurketa zentroak “kulturgune gisa haztea, ez bakarrik ohiko zentzuan, informazioa, jakintza eta ikerketa eskuragarri jarriz”, baizik eta, bereziki, “lurra lantzearen zentzuan ere bai, horixe baita kultura hitzaren jatorrizko adiera”. Azken batean, asmoa da “haziak eta jakintza landu eta barreiatzea, bai haziak bai haziei lotutako jakintza gorde daitezen”.
Jarraian, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute Liburutegiko geletan zehar. Liburutegia 25 milioi euro inguru kostatu zen, eta 2011ko martxoaren 1ean ireki zen, ekipamenduz erabat hornitu eta San Frantziskoko Liburutegian eta gainerako kokalekuetan gordetzen ziren funts, liburu eta dokumentuak lekualdatu ondoren