Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Nafarroako Errege Artxibo Nagusia bisitatu du
Ezagutu nahi izan ditu instalazioak, bertako jarduna, dokumentu-funtsak eta dokumentuen kontserbazio eta lehengoratzerako lanak
Gaurkoan, Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Nafarroako Errege Artxibo Nagusia bisitatu du, zeina Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura atxikita baitago eta egoitza Iruñeko behinolako Errege Jauregian baitauka.
Bertaraturiko batzordekideak izan dira Félix Zapatero, Javier Trigo (UPNren talde parlamentarioa), Ibai Crespo (PSNren talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta, Txomin González (EH Bilduren talde parlamentarioa), Itxaso Soto (Geroa Bairen talde parlamentarioa) eta Daniel López (Contigo-Zurekinen talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egiteaz arduratu dira Artxiboko zuzendari Félix Segura Urra eta Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llansó.
Bisitaren eskatzaile izan dira PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Navarra-Zurekin talde parlamentarioak, eta helburua izan da "ezagutzea instalazioak, bertako jarduna, dokumentu-funtsak eta dokumentuak kontserbatu eta lehengoratzeko lanak".
Félix Segura eta Joaquim Llansóren eskutik, parlamentariek ezagutu ahal izan dituzte Nafarroako dokumentu-ondarea kontserbatzeko, antolatzeko eta ezagutarazteko zerbitzu guztiak biltzen dituzten instalazioak. Zuzendariak nabarmendu duenez, "Estatu-mailako artxiborik garrantzitsuenetariko bat da, zeren eta Nafarroaren dokumentu-ondarearen aberastasuna eta askotarikotasuna handiagoa baita beste edozein autonomia erkidegok daukanarena baino".
Nafarroako Errege Artxibo Nagusian 30 teknikari baino gehiagok dihardute, eta horietatik % 30 baizik ez dira Nafarroako Gobernuko funtzionario; hots, 10 pertsona. Zuzendariak dioenez, "nahiz eta badagoen lantalde tekniko finkatu bat, plantilla ez da handitu 2004ko inauguraziotik, eta hori handicap bat da Artxiboaren funtzionamenduarentzat, zeren eta azken urteotan eraikina biziberritu egin baita, kontsulta-eskaerak izandako ziztuzko gorakadarekin", halako moldez non behartuta suertatu baitira kanpo-kontratazioak egitera.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak dokumentazio-kontsulta presentzialaren zerbitzua eta dokumentu-erreprodukzio zerbitzua eskaintzen dizkie erabiltzaileei. Horretarako, jendaurreko zonan, Artxiboak dokumentu-funtsen kontsultarako areto bat dauka, 32 banakako lan-mahaiz eta gailu informatikodun 8 postuz hornitua. Dokumentuak lokalizatzeko, informatikoak nahiz paperezkoak diren deskribapen-tresna desberdinak daude. Dena den, badago zenbait dokumentazio, digitalizatua eta "Archivo Abierto" web aplikazioaren bitartez eskuragarria.
Halaber, Artxiboak badauka liburutegi espezializatu bat, funts bibliografiko eta hemerografikoa kontsultatzeko 24 postu indibidual dituena, gehi sare-konexiodun lau ekipo, lineako katalogo eta datu-baseetarako irispidea ematen dutenak. Mikrofilm-irakurgailuak ere badaude, prentsa-bilduma kontsultatzeko.
Sarbide murriztuko barrutian, Kultura, Kirol eta Turismo Batzordea dokumentu-gordailuraino heldu da, non 600 dokumentu-funts eta -bilduma gordetzen baitira gaur egun. Guztira 30 gordailu dira, 40 kilometro apalategiz hornituak, non zorrotz bermatzen baitira dokumentuen kontserbazio-premien arabera egoki diren tenperatura- eta hezetasun-baldintzak.
Seguraren hitzetan, horien kopurua etengabeko hazkundean dago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta beste administrazio batzuek sorturiko dokumentazio historikoaren eskualdaketen poderioz. Artxiboak orobat jasotzen ditu pertsonek, familiek eta entitate pribatuek eginiko dohaintza mardulak. Horrenbestez, dohaintza-emaile horiek lortu egiten dute beren artxiboen babestutasuna bermatzea.
Parlamentuaren ordezkaritzak dokumentu-ondarearen lehengoratze eta digitalizazioan espezializaturiko lantegi teknikoetara ere egin du bisita. Lehengoratze-lantegi teknikoan gauzatzen dira egoera onean dagoen materiala kontserbatzeko zereginak, bai eta hondaturiko dokumentuak lehengoratu eta berreskuratzekoak ere; eta digitalizazio-lantegian bereizmen eta kalitate ahalik eta handieneko irudiak hartzen dira, argazki-artxiboa osatzeko. Bi zerbitzu tekniko iraunkor dira, kanpoko entitateen esku-hartze proposamenak salbuespen modura onartzen dituztenak; batez ere, udal-administrazioarenak.
Bisita bukatutakoan, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta Voxen bozeramaileek eskertu egin dituzte azalpenak, eta informazioa bildu dute beharrezko deritzen ekimenei heltze aldera, hala erabakiz gero.