Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Bidasoako Bide Berdea bisitatu du
Bidea sustatzeak eta mantentzeak Baztan-Bidasoako udalerriei eragiten dizkien arazoak ezagutzeko
Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Bidasoako bide berdea bisitatu du gaur Doneztebe eta Igantzi bitarteko tartean, eta, amaitzeko, bilera bat izan da Lesakako Udalean.
Batzordeko kide hauek izan dira bisitan: Javier Trigo (UPN), Ibai Crespo (PSN), Mikel Zabaleta (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).
Inguruko zenbait alkatek egin diete harrera Parlamentuaren ordezkariei, horien artean Arantxa Arregi (Doneztebe), Ladis Satrustegi (Lesaka), Juan Carlos Unanua (Igantzi), Jon Telletxea (Beintza Labaien), Eva Martín (Elgorriaga) eta Natalia Rekarte (Donamaría), bai eta Uraren Bailarak, marka turistikoaren bi teknikari ere: Maxux Goñi eta Irantzu Pastor. Markak barne hartzen ditu Baztan-Bidasoako hamazortzi udalerri.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatuta izan da bisita, eta xede izan du “azpiegitura horren egoera eta mantentze premiak ezagutzea”.
Bisita hasteko, parlamentariek ibilbide bat egin dute bidearen zati batean zehar, eta gehien esku hartu behar den puntuetan gelditu dira. Hala, aukera izan dute ikusteko eguraldi txarrak eta uraren eraginak zer nolako narriadura etengabea eragiten duten trazatuan, harriak erortzearen, hegalak irristatzearen edota adarrak nahiz zuhaitzak erortzearen ondorioz narriadura handia pairatzen baitu, eta horrek udalen arreta eta baliabideak kontsumitzen dituen aldetik.
Jarraian, legebiltzarreko ordezkariak udaletako ordezkariekin bildu dira Lesakako Udalean, toki erakunde horiek Parlamentuari egiten dizkioten eskakizunak zehaztasunez adierazteko, azken horrek Nafarroako Gobernuari helaraz dakizkion.
Bidasoako bide berdeak Txikito Trenaren ibilbide ohiaren (Elizondo-Irun) zati bat zeharkatzen du 39 kilometrotan zehar, eta orografiak zeharo baldintzatzen du; alde batean, mendia, eta, bestean, ibaia. Muga horiek garestitu eta zaildu egiten dituzte bideak igarotzen dituen herriei eragiten dizkien arazoetarako soluzioak; hain zuzen ere, Nafarroako bide berdeetan erabiliena da Bidasoakoa.
Orokorrean egin beharreko jarduketak lirateke sastrakak kentzea, arekak garbitzea eta aldian-aldian bide berdearen ibilbidean zehar erortzen ahal diren zuhaitzak kentzea. Alabaina, baliabide nahikorik ez dute bidearen kudeaketari eta mantentze lanei heltzeko; izan ere, arreta etengabea behar da oinarria bere horretan mantentzeko: turismorako erakargarria da, baina komunikabide bat ere bai inguru horretako hiriguneentzako eta baserri txikientzako.
Maxux Goñi eta Irantzu Pastor Uraren Bailarak taldeko teknikariek adierazi dutenez, partzuergoko kide diren hamazortzi herriek “duten biztanle kopuruaren arabera, zerbitzuak eta ostatua ematen dituzte, Baztan-Bidasoako ingurua sustatzeko poltsa ekonomikoa. Alabaina, behin ibilbidea mantentzeko baliatzen duten dirua guztizkotik kendu ondoren, gerakinik ez da egoten apenas”.
“Ez da soilik udaleko diru-kutxatik baliabide ekonomiko ugari atertzearen kontua, beharrezko laguntzak kudeatzen ematen den denborak ere du ardura. Gure herrietako zenbaitek idazkaria partekatzen dute eta ez dago giza baliabide espezifikorik. Bestalde, uste dut etengabeko mantentze-zerbitzu bat beharko lukeela, Nafarroako Gobernuak errepideetan duenaren kidekoa”. Horiek izan dira Igantziko alkate Juan Carlos Unanuaren hitzak.
Ildo beretik, Lesakako Udaleko erregidore Ladis Satrustegik azpimarratu duenez, “herri askok ezin dute dirua aurreratu eta eskatutako laguntzen zenbatekoak jasotzearen zain geratu. Bide berdea buruhauste bihurtzen da, udal erakundeek eta Nafarroako Gobernuak epe laburreko ikuspegia dutelako, hasiera batean arazoak hein batean konpontzeko neurri inprobisatuak gainditzeko aukera mugatzen duena. Proiektu argi barik, itxi beharraren mehatxua beti dago mahai gainean”.
Ezbehar handiak sortzen dituenez, Nafarroako Parlamentuari eskatzen diote arau marko bat ezar dezala interes publikoak eta pribatuak bateratzeko, Bidasoako bide berdearen kudeaketa integrala, konponketa- eta mantentze-lanak eta berorren operatibitatea bermatzeko, zeinahi ere diren bideak igarotzen dituen udalerriak. Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen dute hori guztia bere gain har dezan Turismoko eta Lurralde Kohesiorako Departamentuen bitartez.
Bisita amaitu ondoren, parlamentariek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, beharrezkotzat jotzen dituzten ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.