Kultura eta Kiroleko Batzordeak bisita egin du eraikin batera, non desgaituentzako bizitza beregaineko etxebizitzen proiektu bat gauzatzea aurreikusita baitauka ADISCO elkarteak
Aurretik, Parlamentuaren ordezkaritzak Sesman dagoen Nuestra Señora de los Remedios baseliza bisitatu du
Kultura eta Kiroleko Batzordeak gaurkoan Corellako Arrese Museoaren aldameneko eraikinera egin du bisita, non ADISCO-Corellako Desgaituen Elkarteak bizitza beregaineko etxebizitzetarako proiektu bat abiarazi nahi baitu desgaituentzat.
Bertan izan diren batzordekideak hauek dira: Raquel Garbayo, Miguel Bujanda (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa), Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote ADISCOko lehendakari Valentín Carranzak, ADISCOko zuzendari José Antonio Delgadok, Corellako alkate Gorka Garcíak eta proiektuko arkitekto Agustín Fernándezek.
Parlamentu-ordezkaritza duten talde guztiek eskatuta eginiko bisita horrek helburutzat izan du Arrese Fundazioak lagatako eraikinaren egoeraren berri izatea eta Kultur Intereseko Ondasun gisa sailkatuta egoteagatik horren eraberritzeak duen problematika ezagutzea.
Proiektuaren helburua da, José Antonio Delgadok esplikatu duen bezala, "bizitza beregainerako etxebizitza-baliabide bat eskaintzea, apartamentuka antolatua, pertsona desgaituen autonomia indartzea erraztuko duena, beste gizarteratze-elementu gisa, aldi berean errotze- eta hurbiltasun-elementu gisa balio duena laneratze-xedeetarako".
Horretarako, La Encarnación Museoaren jabe den Arrese Fundazioak Museoaren aldameneko eraikina dohaintzan eman dio elkarteari, adierazitako helbururako erabiltzearen baldintzapean. Delgadok azaldu duenez, orubea kultur intereseko ondasun baten ingurunean kokatuta egoteak behartzen du Vianako Printzea Erakundearen oniritzia izatera, bai proposamenerako, bai horren mamitzerako".
Vianako Printzea Erakundeak jaulkitako txostenak orain dagoen eraikin hondatua birgaitzera behartzen du, baina aukera hori bateraezina da aurrera eraman nahi den ekintzarekin, dituen ezaugarriengatik, kontserbazio-egoerarengatik eta, batik bat, hormen lodiera, banaketa eta diseinuagatik, bateraezinak direnak gauzatu nahi den asmoak beharrezko dituen espazio- eta diseinu-premiekin", gehitu du Delgadok.
Bestalde, Valentín Carranzak baieztatu du elkartea prest dagoela, "ezin bestela, noski, inguruaren estetika" mantentzera. "Hondatuta dagoen eraikin bati irtenbide duina emateko proiektua dugu, aldi berean pertsona zaurgarrientzako baliabide bat sortzen duena".
Elkarteko kideek hizpide hartzen dituzte udalbatzaren ahobatezkotasuna, talde parlamentario guztien adostasuna eta proiektuaren komenigarritasuna, eraikinak kultur intereseko ondasuntzat sailkatuta egoteari utz diezaion erraztuko duten legegintzazko neurriak har daitezen exijitzeko.
ADISCO elkarteak abiarazteko asmoa duen proiektua pertsona desgaituentzako egoitza babestu txiki bat da, 10 logelaz osatua, egongela txiki bat eta bainugela bat ere badituztenak, bai eta sukalde- nahiz jangela-zerbitzu amankomuna eta lagundutakoa ere. Horrela, lortu nahi da bertako egoiliarrek nolabaiteko beregaintasunezko bizitza bat egin ahal izatea, baina aldi berean hurbileko laguntza eta kontrola dutelarik, une oro eskuragarri dagoena.
Sesmako Nuestra Señora de los Remedios baseliza
Lehenago, Kultura eta Kiroleko Batzordeak Nuestra Señora de los Remedios baselizara egin du bisita, Sesman. Eraikin barrokoa da, XVIII. mendearen lehen erdian eraikia, eta hondatuta dagoena, "gainbehera etortzearen" arriskuarekin, ez baitzaio mantentze-lanik egin.
Batzordeari harrera egin diote Nuestra Señora de los Remedios baselizaren lagunen elkartearen ordezkari den Vicente Vitoriak, Sesmako zinegotzi Ángel Morrásek eta herriko biztanle-talde batek.
Bisita Navarra Suma talde parlamentarioaren eskariz egin da, eta xede izan du irailaren 15ean Nafarroako Parlamentuan eginiko lan-bilkura osatzea, zeinean Ermita de los Remedios baselizaren lagunen elkartearen kide batzuek eraikinaren egoera azaldu zuten, eta berehala esku hartzera premiatu.
Vicente Vitoria Mangadoren ardura izan da elkartearen izenean eraikinaren kronologiaren berri ematea. Oroitarazi duenez, eraikina "Sesmaren nortasunaren parte da. Ukaezina da duen ondare-balioa, eta batzuetan sinistarazi nahi izaten zaigu baliorik gabeko harri- eta adreilu-puska zahar batzuk baizik ez direla".
Jakitera eman duenez, nahiz eta 2020aren bukaeran Artzapezpikutzak Udalari ofizialki eskualdatu beharrekoa izan, toki administrazioak bere jarrera birpentsatu zuen, argudiatuz "ezin dugu gure gain hartu herria erreka jotzera eraman dezakeen eraikin bat".
Horregatik, "urgentziaz" eskatu du 2022ko ekitaldirako aurrekontuetan zuzenketa bidez partida bat jasotzea, "gutxienez ere lehen faseari heldu ahal izateko; hots, azterlan bat egin eta eraikina zurkaiztea, horri eusteko eta ez dadin gainbehera etor".