Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Otsailak 3

Kultura eta Kirol Batzordeko kideak bisitan egon dira Guelbenzu jolaslekuan eta Larrabide Kirol Teknifikazioko Zentroan

Egindako obren ondoren instalazioak nola dauden ikusi dute eta bertako jarduera eta bete gabeko premiak ezagutu dituzte

PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerraren ekimenez, Kultura eta Kirol Batzordeko kideak bisitan egon dira gaur Guelbenzu Jolaslekuan eta Larrabide Estadioko Kirol Teknifikazioko Zentroan. Bi instalazio horiek Nafarroako Gobernuak kudeatzen ditu. Guelbenzu Jolaslekua kirolerako eta aisiarako instalazio publiko bat da, kirol- eta aisia-jarduerak sustatzeko erabiltzen dena, eta Larrabide Estadioa instalazio publiko bat da, goi mailako kirolarien prestakuntzarako erabiltzen dena, teknifikazio programen eta hautespenen bidez.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Isabel Olave, Raquel Garbayo, Alberto Bonilla (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Bisita eskatu duten parlamentariek azaldu duten bezala, bisitaren helburua izan da “bertatik bertara ezagutzea bi zentro horietan egindako birmoldatze- eta egokitze-lanak, dotazio horietan egiten den jarduera eta gaur egun oraindik ere bete gabe dauden premiak”.

 

Parlamentuko ordezkaritzari honako hauek egin diete harrera Gelbenzuko instalazioetan: Alfonso Gogorcena, Larrabide Estadioko Kirol Teknifikazioko Zentroko zuzendaria, José Ramón Santesteban, Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren zuzendariordea, Nuria Madoz, egindako obren arkitekto teknikoa, eta Pablo Almarcegui, instalazioen koordinatzailea.

 

Batzordeko kideek Guelbenzuko instalazioak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte berriki egindako obrak, guztira 724.306 euroko kostua izan dutenak. Alfonso Gogorcenak azaldu duenez, inbertsio garrantzitsuenetako bat igerilekuko ontzia eta ingurua indarreko araudira eta Osasun Publikoko baldintzetara egokitzea izan da. Obra horrek 241.656 euroko kostua izan du.

 

Gainera, egokitzapen-lan txikiak egin dira, hala nola arotzeria berritzea, polikarbonatoak aldatzea, argiztapena hobetzea, igerilekua arazteko sistema aldatzea eta abar. Era berean, pandemiak langile gehiago kontratatzera behartu du zentroa segurtasun-neurriak betetzeko, esate baterako garbiketa eta edukieraren kontrola, erabiltzaileentzako material gehiago erosi behar izateaz gainera.

 

Inbertsiorik handiena, ordea, igerilekuko estalki mugikorra berreraikitzea izan da, 2019ko abenduan haize-bolada handi batek kapota zaharra erauzi ondoren; horren ondorioz, instalazioak 6 hilabetez itxi behar izan ziren. Berreraikitzeko obrak (367.650 euro) 2020ko uztailean amaitu ziren.

 

Gogorcenak azaldu duenez, gaur egungo premiak honako hauek dira: “Igogailua eraikitzea eta arkitektura-oztopoak kentzea, erabiltzaile asko adineko pertsonak baitira”, askaldegiaren eremuko lurzorua aldatzea, instalazioetarako sarrera berritzea eta estali gabeko pilotalekua eraberritzea, jarduera anitzetarako espazio bihurtzeko. “Jendea erakartzea da helburua; izan ere, zentroa estalkiko obrengatik eta, ondoren, Covid pandemiarengatik ixteak abonatuen kopurua % 25 jaistea ekarri du”.

 

Amaitzeko, zentroak Arrosadia auzoan egiten duen “gizarte-lan garrantzitsua” azpimarratu dute: “ezinbesteko baliabidea inguruko auzokoentzat eta instalazioa erabiltzen duten federazio eta erakundeentzat”.

 

Jarraian, Parlamentuko ordezkaritzak Larrabide Kirol Teknifikazioko Zentroaren instalazioak bisitatu ditu. Zentro hori Nafarroan errendimenduko kirolariak teknifikazio-programen eta selekzioetarako programen bidez prestatzeko zereginetarako instalazio publikoa da, eta Nafarroako atletismo-pista homologatu bakarra du.

 

Egindako azken inbertsioen artean, aipagarrienak pabiloiaren estalkia konpontzea (240.025 euro) eta Atletismo-pistako argiak ordeztea (159.720 euro) izan dira.

 

Halaber, obra txikiak egin dira espazioak handitzeko eta zentroaren funtzionamenduarekin jarraitu ahal izateko, pandemiari aurre egiteko beharrezko neurriak betez.

 

Alfonso Gogorcenak, bere aldetik, aitortu du Larrabidek bere ahalmenaren mugan funtzionatzen duela, “oraingo egoera honetan, non edukierak murriztu eta espazioak handitu behar ditugun". Nabarmendu du atletismo-instalazio bat gaitu behar dela kirol horretan hasi nahi duten haurrentzat, zeren eta “gurea gaitutako pista bakarra denez, kirolarien pilaketak sortzen baitira”.

 

Larrabide Estadioan, goi-errendimenduko lehiakideentzako Kirol Teknifikazioko Zentroaz gain, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ) eta “Printzearen Gotorlekua” kirolarientzako egoitza daude.

 

Amaitzeko, legebiltzarkideek KAIMZ bisitatu dute. Bertan, zentroko zuzendari Esteban Gorostiagak ikerketa-lana, kirolarientzako laguntza, bertatik egiten den gaixoentzako prestakuntza eta tratamendua eta laborategian egindako azken hobekuntza-lanak azaldu dizkie.

 

Bi zentroetako instalazioak eta inbertsioak ezagutu ondoren, Nafarroako Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunek eskerrak eman dizkiete emandako azalpenengatik, eta egindako obrak direla-eta adostasuna adierazi dute.