Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Martxoak 17

Kultura eta Kirol Batzordeak Pompeloko Togadunaren erakusketa bisitatu du Nafarroako Museoan

Iruñean 1895ean aurkitu eta mende bat baino gehiagoz galduta egon den eskultura horren inguruan egiten ari diren lanen berri izateko

Kultura eta Kirol Batzordeak gaur Pompeloko Togadunaren erakusketa bisitatu du Nafarroako Museoan. Erakusketa monografikoa da, orain 128 urte Iruñean aurkitu zuten Kristo ondoko II. mendearen lehen erdiko brontzezko eskulturari buruzkoa.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Iñaki Iriarte (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Honako hauek egin diete harrera Parlamentuaren ordezkariei: Susana Irigaray, Nafarroako Gobernuko Museoen Zerbitzuko zuzendaria; Susana Herreros, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria; Mercedes Jover, Nafarroako Museoko zuzendaria, eta Berta Balduz, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zaharberritzailea.

 

Sarrerako hitzaldietan Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduko eledunek zehaztu dutenez, bisitaren helburua izan da bertatik bertara ikustea Pompeloko Togadunaren inguruan egiten ari diren lanak. Eskultura hori New Yorketik ekarri zuten 2022ko maiatzean, eta 2024ko apirilera arte Nafarroako Museoari laga diote aztertzeko eta erakusteko.

 

Iberiar penintsulan aurkitu den bigarren brontzezko estatua togaduna da. Berezko giza neurrietara hurbiltzen da (127 cm-ko garaiera) eta ez dauka bururik; arrazoia, ziur aski, horrelako eskulturen artean trukatzen ahal ziren bustoak egiteko garai hartako ohitura da. Soinean tunika luzea eta toga daramatzan gizonezko baten irudia da. Toga deitzen zaio Erromako herritarrek bakarrik janzten ahal zuten mantu zabalari. Jendaurrean maila sozial handia adierazten zuen. Luis Romerok eta Rubén Montoyak duela gutxi (2015ean) egin duten ikerketak Kristo ondoko II. mendearen bigarren erdian kokatzen du kronologikoki.

 

Susana Irigarayk piezaren historia azaldu du: Nabarreria kalean aurkitu zuten 1895ean, eta haren arrastoa galdu zen 1906an, jabeak Monumentuen Batzordeari erreklamatu zionean, gordailuan utzia baitzion. “XX. mendearen hasierako uneren batean Togaduna Espainiatik atera zuten, antza denez Frantziara eramateko, eta antzinateko gauzen eta artelanen merkatuan bueltaka ibili zen, baina transakzio haietaz datu batzuk baino ez dira jakin. Badakigu, adibidez, 1970eko hamarkadan Versallesen zegoela eta 1985ean jada Estatu Batuetara eramana zutela. Azken urte hauetan New Yorken egon da”, azaldu du.

 

Erromatartzeari buruzko aretoan kokatuta, erakusketak bereziki nabarmentzen du berreskuratutako pieza, eta hainbat testu ere jarri dira haren ondare-historia eta egin duen ibilbidearen mugarriak azaltzeko eta Antzinateko berebiziko artelan bat dela nabarmentzeko. Erakusketaren komisarioak Jesús Sesma eta Luis Romero Novella arkeologoak dira.

 

Piezaren ondoan Museoko bildumako beste hiru obra ikus daitezke. Testuingurua argitzen laguntzen dute, haietako bi Pompelo hiri erromatarrean aurkitu baitira, eta hirugarrena, Santakaran aurkitua, antzinako metalezko estatua gehienak desagerrarazi zituen amortizazio prozesuaren erakusgarria baita. Halaber, eskulturaren alboan proiektatzen den ikus-entzunezko baliabide batek “Togadunari bizia itzultzen dio”.

 

Berta Balduz, bestalde, kontserbazio eta zaharberritze lanetako profesionalak eta teknikariak egiten ari diren ikerketa historiko-artistikoei buruz mintzatu da. Orain arte proba ez-inbaditzaileak egin dira, hala nola 3Dko fotogrametria, argi ultramorearen bidezko azterketa, X izpien bidezko azterketa edo X izpien fluoreszentzia bidezko azterketa, eta hemendik aurrera mikroskopia elektronikoa, Raman mikroskopia eta mikroskopia erradioaktiboa erabiliko dira azterketak egiteko. “Oraindik ez ditugu jaso egindako proben emaitzak. Helburua da txosten historiko eta kontserbazio-txosten zehatza eta mardula egitea, Pompeloko Togadunaren ezaugarri fisikoak eta oraingo egoera deskribatuko dituena, baina horretarako prozesu asko, jende espezializatua eta denbora behar dira”, erantsi du.

 

Ildo horretan iragarri du datorren urtean Eskulturaren Bilera eginen dela Iruñean, eskultura erromatarrei buruzko espezialistak eta adituak etorriko direla eta espero dutela “handik datu gehiago bildu eta informazio gehiago lortzea”.

 

Mercedes Joverrek adierazi du, amaitzeko, ondare-berreskuratze honek aukera ematen duela orobat “ikusteko nola eboluzionatu duen gizartearen sentikortasunak iraganetik jasotako kultur ondarearen aurrean. Izan ere, eskultura antzinateko pieza bat izatetik kultur ondasun bat izatera pasatu da. Museoan ondarea herritarrengana hurbiltzen ahalegintzen gara, sinetsita baikaude kultur ondarea gure memoria kolektiboa dela eta ahalik eta ongien kontserbatu behar dugula”.

 

Bide horretan, eskultura eskuratzeko negoziazioak egiten ari direla eta pieza Nafarroako Museoan atxikitzeko “itxaropen sendoa” dagoela adierazi dute. “Eskultura honen ingurune logikoa Iruña da, eta gure hiriarentzat garrantzitsua litzateke hura berreskuratu eta herritar guztientzat museo publiko batean ikusgai jartzea”.