Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Irailak 20

Kultura eta Kirol Batzordeak Castejongo Francisco Barreno “Kiko” futbol zelaia bisitatu du

Udalak aurrekontu-babesa eskatu du soropil artifizialaren proiektua gauzatzeko, argiztapenaren hobekuntza eta itxitura-hesiaren eraispena ere barnean hartuta 

Kultura eta Kirol Batzordeak gaur Castejongo Francisco Barreno “Kiko” futbol zelaia bisitatu du, belar naturaleko zelaiaren egoera eta klubaren beharrizanak ezagutzeko.

 

Parlamentari hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo, Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Legebiltzarreko ordezkariei harrera egitera azaldu dira David Álvarez, Castejongo alkatea; Aitor Sanz, C.D. Castejón klubeko lehendakaria; Álvaro Peña, idazkaria; Alberto Rodríguez, Zuzendaritza Batzordeko kidea; Fernando García, aparejadorea eta proiektuaren egilea; Pedro Corcuera, Udaleko zinegotzia; Rafael Del Amo, Nafarroako Futbol Federazioko lehendakaria, eta Teresa Íñigo, Nafarroako Futbol Federazioko idazkaria.

 

David Álvarez alkateak zehaztu du bisitaren helburua: “soropil artifiziala jartzeko proiektua aurkeztea, horren idazketa amaituta baitago, eta erakustea proiektu hori gauzatu beharra dagoela zelaiak modu bideragarriagoan eutsi ahal diezaion jarduera osoari”.

 

Castejongo futbol zelaian astean 23 entrenamendu saio egiten dituzte eskualde kategoriako taldeek eta oinarri-futboleko taldeek, gazteen, kadeteen, haurren, kimuen eta benjaminen kategorietan eta emakumezkoen F8 kategorian. Zelaiko jarduera “eskerga” eta gorabehera klimatikoak tarteko, ekonomikoki “bideraezinak” dira mantentze-lanak, eta gainera “jokalariak arriskuan daude, lesio ugari izaten baitute”, baieztatu du Aitor Sanz C.D. Castejón klubeko lehendakariak.

 

Proiektuak 700.000 eurotik gorako kostua du, eta Udalak hura finantzatzeko aurrekontu-babesa eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Futbol Federazioari. Soropil artifizialeko 100 x 64 metroko zelaia instalatu nahi da, eta horrenbestez bigarren mailako kategoriaren baldintzak beteko lirateke. “Castejongo emakumezko taldea aitzindaria eta erreferentea da eskualdean, bigarren mailan ibilia da eta orain maila horretara itzultzeko aukera sendoak ditu”, adierazi du Sanzek. “Horregatik, zelaia egokitu behar dugu legez eskatutako neurriak izan ditzan, zabaleran 4 metro falta baitzaizkio”.

 

Soropil artifiziala jarriz lortu nahi duten beste helburua, Fernando García proiektuaren egileak azaldu duenez, zelaia “jasangarriagoa” izatea da. Izan ere, soropil artifizialeko zelai batean “zortzi aldiz murrizten da belar naturaleko zelai bat mantentzeak eragiten duen gastua”.

 

Bide horretan, aurreikusten da led argien lau dorre berri jartzea zelaiko argiztapena hobetzeko eta, horrekin batera, argiztapen gastua murrizteko.

 

Gainera, proiektuan jaso da itxitura-hesia eraitsi eta eskudelak jartzea “Arartekoak gomendatu duen bezala”.

 

Hitz egiteko txandetan parlamentariek zenbait iradokizun egin dituzte; esate baterako, proiektua faseka gauza dadila, urte anitzeko aurrekontuarekin. Era berean mahai gainean jarri da Garapen Ekonomikorako Departamentuaren dirulaguntzak eskatzeko aukera, argiztapen atalerako. Bestalde, parlamentariek eskertu egin dituzte azalpenak, eta informazioa bildu dute, egokitzat jotzen dituzten ekimenak abian jartzeko, kasua bada.