Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Apirilak 13

Kultura eta Kirol Batzordeak Beriaingo udal igerilekuak bisitatu ditu

2022ko ekitaldirako onartutako aurrekontu-zuzenketaren zuzkidura erabiliz Udalak egin nahi dituen obren berri jakiteko

Kultura eta Kirol Batzordeak gaur Beriaingo udal igerilekuak bisitatu ditu, aurrekontu-zuzenketa baten bidez eman zaion zuzkidura erabiliz Udalak instalazio horietan egin nahi dituen hobekuntzen berri jakiteko. Instalazioen eraikuntza 2009an hasi zen, baina urte berean etenda gelditu zen finantzaketa faltagatik.

 

Batzordekide hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo, Alberto Bonilla, Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).

 

Parlamentuaren ordezkariei harrera egin diete José Manuel Menéndez Beriaingo alkateak, Alfonso Herranz arkitektoak, eta Ana Llamas, Santiago Marcos, Isabel Jiménez, Fermín Legal, Jesús Ogayar, Solangel Quintana eta Gaspar Suescun zinegotziak.

 

Hau izan da bisitaren helburua, baieztatu denez: 2022ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren zuzenketa baten bitartez emandako diru publikoarekin Udalak egin nahi dituen hobekuntzen berri izatea.

 

Alfonso Herranz arkitektoak azaldu duenez, udal igerilekuen proiektua 2009an jarri zen abian, eraikin berri bat egiteko asmotan. Bertan kokatu behar ziren spa eremua eta gimnastikarako eta jardueretarako gelen eremua. Obrak geldiarazi egin behar izan ziren, ordea, finantzaketa faltagatik.

 

Geroztik zenbait jarduketa egin dira. 2012. urtean instalazioetarako eta kafetegirako sarbideak egokitu ziren, eta 2017an arazte jarduketak eta “konponketa lan txikiak” egin ziren. Aurten, 120.000 euroko aurrekontu-zuzenketa dela medio, Udalak igerileku estaliaren esparruko faseari ekin nahi dio. Igerileku estalia “udan soilik erabiltzen ahalko da, klimatizaziorako finantzaketarik ez dagoelako”.

 

José Manuel Menéndez Beriaingo alkateak esan du Udalak hasiera batean eraikin osoko obrei ekin nahi ziela, eta muskulazioko eta jardueretako gelak eraikin berrian kokatu ahal izateko guneak egokitu, gaur egun gela horiek kiroldegian baitaude. Horrela “langileria bikoiztea” saihestu nahi zen. Hala ere, gela horiek atontzeak “inbertsio handia eskatzen du egokitzapenerako eta klimatizaziorako, eta ezin diegu aurre egin halako gastuei”.

 

Hori dela eta, Menéndezek Parlamentuaren laguntza eta babesa eskatu du arazo horri aurre egiteko. “Arazo politikoa da, eraikin hau 2007an hasi baitzen eraikitzen, aurretik bideragarritasun azterketarik egin gabe. Urtetik urtera okerrera egiten dute obrekin jarraitzeko baldintzek, gastuek gora egiten dute, eta guretzat ez dago beste konponbiderik zuen laguntza eskatzea baino”.

 

Udalak, alkatearen esanetan, aurrekontu-zuzenketaz gain, Toki Inbertsioen Planetik 80.000 euro eta diruzaintzako gerakinetatik 170.000 euro hartuko ditu igerileku estaliaren obrak egin ahal izateko, baina laguntza behar dute “hainbeste urteren ondoren instalazio guztiak martxan jarri ahal izateko”.

 

Hitz egiteko txandetan, parlamentariek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekontu-ekimenak abian jartzeko.