Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da Jorge Oteiza Museora
Eskultorearen jaiotzaren 112. urteurrenean, parlamentariek proiektu estrategiko ezberdinak ezagutu dituzte, eta Rafael Moneorekin urruneko ikus-entzunezko komunikazio bat egin dute
Kultura eta Kirol Batzordea, Geroa Bai talde parlamentarioak eskatuta, Jorge Oteiza Museoan bisitan egon da gaur. Esentziaz eskultorikoa den autore-espazio horrek artista gipuzkoarraren (Orio, 1908-Donostia, 2003) ondarea ezagutaraztea du ardatz. Gaurkoan ate irekien jardunaldi batekin oroitarazi nahi izan da artista, haren jaiotzaren 112. urteurrenean.
Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Isabel Olave, Raquél Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari honako hauek egin diete harrera: Oteiza Fundazioko lehendakari Jaione Apalategik, Museoko zuzendari Gregorio Díaz Ereñok, zuzendariorde Juan Pablo Huércanosek, kontserbatzaile Elena Martínezk eta Ikasketa Zentroaren arduradun Borja González Rierak.
Bisitan, Ana Ansak sarrera gisa egiaztatu duen bezala, helburua izan da “Oteiza Museoaren egungo egoera ezagutzea, jakinda 2019. urtean, bere hamaseigarren urteurrenean, 27.148 bisita jaso zituela.
Jarraian, batzordekideek ibilbide gidatuari ekin diote museoa osatzen duten espazio ezberdinetan zehar. Bertan, 1.700 eskultura baino gehiago, Klarionen Laborategiko 2.400 pieza, 900 marrazki eta 44.000 inguru ikus-entzunezko, testu eta prentsako dokumentu daude.
Hala, bisita eginez erakusketa aretoetara, eskultura lanaren biltegira, Ikerkuntza eta Artxibo Zentrora eta Lantegi-etxera, Jorge Oteizak eskultura, poesia, saiakera, antropologia, arkitektura edo hizkuntzalaritzaren esparru askotarikoan egindako ekarpenaren berri izan dute parlamentariek.
Horri dagokionez, Gregorio Díaz Ereñok "kulturaren eta artearen sozializaziora" Oteizak bideratutako proposamenak azpimarratu ditu. Azaldu duenez, gipuzkoar sortzaile polifazetikoa "XX. mendeko artearen bilakaeran funtsezko eskultore bat baino askoz gehiago izan zen. Oteizaren ibilbide eskultorikoa da, esperimentazio estetikoan, formen desokupazioan eta espazioaren hustuketan oinarritua, gehien ezagutu dena. Baina hemen, hain berezia den eraikin honetan, haren sormen-ibilbide luzearen ondarea daukagu".
Jarraian, fundazioaren eta museoaren arduradunek topaketa bat egin dute batzordekideekin, eta horretan, azaldu dituzte abiarazita dauzkaten proiektu estrategikoetako batzuk, hala nola Oteiza. Ameriketarako itzulera, edo Jorge Oteizaren Hitzaren Katalogo Arrazoitua. Orobat heldu zaio programa horien luze-zabaleko garapena ahalbidetzeko "baliabide publiko gehiago" eskura izatearen premiari.
Amerika deituari dagokionez, Rafael Moneo arkitektoak, Oteiza Fundazioaren ohorezko lehendakaria izaki 2014ko martxoaren 23tik joan den urtarrilaren 14ra bitartean, urruneko ikus-entzunezko komunikazio batean erakusketa- eta argitalpen-proiektu horren zertzeladetan sakondu du, zeina "Oteiza Fundazioak orain arte aurrera eramandako garrantzitsuena" dela jotzen baita.
María Teresa Muñoz komisarioaren ardurapean, Amerikarekin asmoa da azterkizun hartzea Latinoamerikako egonaldiak Jorge Oteizaren obran eta pentsamendu estetikoan izandako garrantzia, eta artistaren eta bera aritu zen ingurune ezberdinen arteko elkarreraginak sakonki ikertzea, tokian tokiko artista-komunitatearekiko harremanaren testuingurua berrikusiz eta geografia hartan zeharreko iragatea seinalatuz. Hori guztia, garai hartan Latinoamerikan egiten zen arte modernoaren logiken eta elkarrizketen argipean.
Hori horrela, Oteizaren obran zeharreko ibilbide integral eta oso bat proposatzen da, halakoa non modua emanen baitu haren sormen-proiektuaren garrantzia ulertzeko eta XX. mendeko arteen bilakabidearen testuinguruan kokatzeko. Proiektuaren garapenari dagokionez, planteatzen da erakusketa Santiago de Chile-n has dadila 2023an, eta gero Latinoamerikako beste hiriburu batzuetara lekualdatzea.
Jorge Oteizaren Hitzaren Katalogo Arrazoituari dagokionez, asmo handiko ikerketa- eta argitalpen-proiektu bat da, Joaquim Dols-en zuzendaritzapekoa. Publiko orokorrarentzat pentsatua badago ere, balio handiko lanabesa gertatuko zaie artean espezialista diren nahiz Jorge Oteizaren pentsamenduan eta idatzizko obran interesatuta dauden guztiei". Lehenengoek, Gregorio Díaz Ereño-ren hitzetan, erreferentzia-corpus sinesgarri eta eskuragarria aurkituko dute lanabes horretan. Bigarrenek, bestetik, lan horri esker modua izanen dute globala eta plurala ez ezik ulergarria ere baden ikusmira bat berenganatzeko, XX. mendeko arte, estetika eta pentsamenduko sortzailerik gailenetako baten pentsamenduari buruzkoa.
Oteiza Fundazioak sustatzen dituen proiektu estrategikoez denaz bezainbatean, Jaione Apalategik nabarmendu du unibertsitate-jendearen eta ikertzaileen komunitatearengana hurbiltzeko aukera izatearen egokitasuna, eta horretarako komenigarria dela Jorge Oteizaren obrari eta pentsamenduari buruzko unibertsitate-master bat abiaraztea, esparru akademikotik haren figuran sakontzeko bitartekoa izan dadin.
Finantzaketari dagokionez, Oteiza fundazioak 2020an 1.041.900,00 euroko aurrekontua dauka funtzionamendu-gastuetarako eta jarduerarako; horretatik, 885.000 euro heltzen dira Nafarroako Gobernuak ematen duen dirulaguntzatik.
Bilera amaiturik, Kultura eta Kirol Batzordeko eledunek zoriondu egin dituzte Museoaren eta Fundazioaren kudeatzaileak, beren planteamenduagatik eta horren edukiaren nahiz plan eta ekimen ezberdinen interesagatik.
Oteiza Museoa, zeinak hormigoi gorrixkazko kubo itzel batean integratzen baitu hogei urtez euskal artista horren etxebizitza izan zena, Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoaren obra da. Eraikina berariaz izan zen sortua Oteizaren ikerketa esperimentalen eta haien esanahi espiritual eta metafisikoaren bilgune izan zedin, eta eskultorearen bilduma aterpetzen du, haren maketak eta eskuizkribuak barne.