Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da Iratxeko monasteriora
Monasterio-gunearen instalazioen egoera ezagutzeko, gobernu zentralari 15 urtez lagata egon eta gero Nafarroako Gobernuak titulartasuna berreskuratu ondoren
Kultura eta Kirol Batzordeak gaur bisita egin du Iratxeko monasteriora, zeina Jurramendiren magalean kokatuta baitago, Aiegin. VIII. mendean sortua da, eta denboran zehar eginiko eraikin-multzo batez osatuta dago; horrenbestez, Erdi Aroko, Errenazimentuko nahiz Barrokoko eraikuntzen erakusgarriak aurki daitezke bertan.
Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Miguel Bujanda (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari Iratxeko monasterioan egin diote harrera, Aiegin, Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendari Susana Herrerosek, Museoen Zerbitzuko zuzendari Susana Irigarayk, Aiegiko alkate Leo Camacesek eta herriko zinegotzi Manuel Galdeanok.
Bisitaren xedea izan da, proposamena egin duen taldearen eledun Miguel Bujandak (Navarra Suma) azaldu duen bezala, "monasterioaren eraikinak zer egoeratan dauden ezagutzea eta Nafarroako Gobernuari hurrengo jarduketei buruz galdetzea, 15 urteren ondoren titulartasuna berreskuratu eta gero".
Jarraian, parlamentariek ibilbide gidatu bat egin dute monasterioan barrena, Susana Irigarayren eskutik, zeinak monasterio-gune honen balioan jarri baitu azpimarra: "Nafarroak X. mendetik gaur arte izan duen historia laburbiltzen du, eta etenik gabe erabilitako Nafarroako Erdi Aroko monasterio bakarra dugu".
Parlamentuaren ordezkaritzak bertatik bertara ikusi du aretoek beren historia luzean zehar izan duten erabilera ezberdinen ondoren pairatzen duten “narriadura”. Done Jakue Bideko ospitale, unibertsitate (1569-1824), karlistaldietako odol-ospitale, eskolapioen ikastetxe (1885 eta 1984), eta Nafarroako Museo Etnografikoaren 2007. urterainoko egoitza izan baita, izan ere.
Oraintsu zaharberrituriko XII. mendeko elizaz gain, XVI. mendeko klaustro errenazentista bisitatu dute, bai eta geroago eginiko eraikinak ere (XVII. eta XVIII. mendeetakoak).
Eraikinaren kanpoaldeak azken urteotan konponketa ugari izan baditu ere, gainerako parteetan ez da esku hartu. Museoen Zerbitzuko zuzendariak oroitarazi duenez, "monumentu-zaharberritzea monasterioak etorkizunean izanen dituen erabilerei eta horietarako proiektuei baldintzatuta dago".
Bestalde, Susana Herrerosek iragarri du elizaren zaharberritze-obrak eta hondeaketa arkeologikoak amaituta daudela, eta Nafarroako Gobernuaren asmoa dela klaustro errenazentistaren estalkiak aurten bertan konpontzea. Halaber, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak jakinarazi du titulartasunaren eskualdaketa "oraindik formalizatu gabe" dagoela.
Aiegiko alkate Leo Camacesek eraikina zaharberritzeko eskatu du, hartaz erakargarri turistikoa den aldetik gozatu ahal izateko. "Eraikina egoera oso txarrean dago, oso hondatuta. Saiatzen ari gara Nafarroako Gobernuak biziberritu dezan, sustapen-lana egin dezan, konpontzeko edo bertan ekintzaren bat egiteko". Halaber azpimarratu du eraikinaren kanpoaldea txukuntzeko premia, eta errepide nazionalerako sarrera-biribilgune bat, premien araberakoa, egin beharra.
Navarra Sumako Miguel Bujandaren aburuz, "urgentea" da erabakitzea zer erabilera emanen zaion eraikin-multzoari, eta, erabaki horretan oinarrituz, zaharberritze-estrategia bat taxutzea. "2006an, Espainiako Gobernuari laga zitzaion titulartasuna, turismo-paradore nazional bat bertan egiteko; eta, 15 urte igarota, titulartasuna itzuli dute, nabarmen narriatuta itzuli ere. Eskualde honetarako bizigarri turistiko bat izateko 15 urte alferrik galdu dira".
Bestetik, PSNko Carlos Menak azaldu du "Nafarroako harribitxi" honek "inbertsio handia" behar duela zutik irauteko. Orobat ohartarazi du aurreko gobernuen erantzukizunaz, "ez dituzte-eta instalazioak behar bezalako egoeran mantendu".
Geroa Baiko Ana Ansak nabarmendu du Iratxeko monasterioa bezalako ondare-lekuneek "tokiko garapenerako bultzagailu" gisa duten garrantzia. "Ezinbestekoa da Iratxeko monasterioa eta Nafarroaren ondare biziko gainerako tokiak eraberritzea, elementu dinamizatzaile sozial eta ekonomikoak izan daitezen".
Maiorga Ramirezek (EH Bildu) Nafarroako Gobernua premiatu du "ekintzak planifika ditzan, Nafarroaren ondare kultural, historiko eta artistikoaren erakusgarri hau bere balioaren pareko moduan erakutsia izan dadin". Zaharberritu beharra aldarrikatu du, turismorako erakargarria izan dadin eta eskualdearen garapen ekonomikoa dinamiza dezan.
Kultura eta Kirol Batzordeak 2019ko azaroan egin zuen Iratxeko monasteriorako bisita, bertako aurkikuntza arkeologikoak ezagutzeko xedez.