Kultura Batzordea bisitan joan da Nafarroako Museora
Erakusketa iraunkorraren zati handi bat eguneratzea aurreikusten duen proiektu museografikoaren birformulatze prozesuaren egoera eta norainokoa ezagutzeko
Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordea gaur bisitan joan da Nafarroako Museora, EH Bildu talde parlamentarioak hala eskatuta. Nafarroako Museoa (1956) orotarikoa da eta Nafarroako ondareko artelan bakanak biltzen ditu, Historiaurretik hasi eta XX. mendera artekoak. Urtean 35.000-40.000 bisita jasotzen ditu, 2018an zehazki 41.923, eta gainera 9.074 erabiltzaile ditu.
Batzordeko kide hauek joan dira bisitan: Mónica Doménech (UPN talde parlamentarioa), Consuelo Satrustegi, Virginia Alemán (Geroa Bai talde parlamentarioa), Miren Aranoa, (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa) eta Carlos Gimeno (PSN talde parlamentarioa).
Parlamentuko ordezkari taldeari harrera egin diote Mercedes Jover, Museoko zuzendariak, Susana Irigaray Nafarroako Museoen Zerbitzuko zuzendariak eta Marta Arriola Museoko teknikariak. Azken hori Arte oro garaikidea da proiektuaren arduradunetakoa da.
Hasierako hitzaldian Miren Aranoak azaldu duen bezala, “erakusketa iraunkorraren zati handi bat eguneratzea, biltegi berri bat egokitzea eta fatxada zaharberritzea, besteak beste, aurreikusten duen proiektu museografikoaren birformulatze prozesuaren egoera eta norainokoa ezagutzea” izan da bisitaren helburua. Eta Museoaren “premien” berri jasotzea.
Jarraian, Batzordeko kideek ibilbide gidatua egin dute museoa osatzen duten guneetan zehar. Museoko funtsek 50.000 pieza baino gehiago dituzte eta horietatik 6.000 daude ikusgai, Museoko liburutegi espezializatuko 50.000 liburuak kontuan hartu gabe.
Hala, erakusketa aretoak, biltegi-agiritegia, eskultura eta pintura biltegiak eta estalkipeko biltegia ikusita, parlamentariak museoko erakusgaien norainokoaz jabetu dira. Museoa 1990ean birmoldatu zen, eta Kontuen Ganberaren egoitzan 1844an irekitako galeria txiki batean du jatorria.
Bisitaldian zehar, Susana Irigarayk 2017an hasi zen zaharberritze proiektutik sortutako eskaintza berria zertan den azaldu du. Eskaintza horrek obraren eta bisitariaren arteko harremanari beste era batean ekitea du xede. Horretarako, aroen eta estiloen ohiko banaketari uko eginda, Erdi Aroko obrak modernoekin nahastu dira, eta espazio berriak zabaldu zaizkie beste arte-alor batzuei (musika, dantza, argazkigintza), interesari eusteko eta publiko berriengana iristeko.
Erakusketa iraunkorra gaurkotzeari dagokionez, azkenaldiko produkzioaren balioa nabarmentzearen alde apustu egiteaz gain, “obrak aurkezteko modua erabat berritzen duen” formula baten bitartez egin da. Hirugarren eta laugarren solairuetako edukiari dagokion aurreikuspen horren osagarri gisa, bi areto berri ireki dira erakusketa luzeetarako (urte bakoitzeko maiatzetik martxora bitartekoak), eta horietako batean dago urriaz geroztik Dora Salazarren erakusketa, kaperan. Espazio hori urtero erabiliko da, apirilean, bestelako arte-adierazpenak eskaintzeko, hala nola kontzertuak edo dantza-erakustaldiak. Bigarren gunea, jada laugarren solairuan, argazki erakusketetarako erabiliko da, eta hilero eginen dira halako erakusketak urritik aurrera.
Mercedes Joverren esanetan, “diskurtso aldaketa bat bilatu da, museografia zaharkituta zegoelako bai edukiaren aldetik bai aurkezpenaren aldetik. Diskurtsoa jada ez da kronologikoa eta estankoa. Arte ororen arteko bizikidetza lortu nahi dugu. Gainera, arte garaikiderako leku gehiago hartu nahi genuen, 90eko hamarkadatik eskatzen ari zen moduan. Baditugu proiektu eta ekimen berriak esku artean, baina langile urritasunak mugatzen gaitu oraindik”.
Beste jarduketa batek zerikusia du sotoa kultura ondasunen biltegiratze, kontserbazio eta jarraipen leku gisa egokitzearekin. Asmoa da “sarbidea ematea ikertzaileei eta, tarteka, interesa duten guztiei”.
Fatxadari dagokionez, harria garbitu da eta grabatutako letrak nabarmendu dira. Brontzezko ate berria ere instalatu da, sarrerako gunea egitarauen zabalkunderako eta aurkezpenerako hobeki baliatzea ahalbidetuko duena. Azkenik, esku-hartze horretan kaperako dorrea zaharberritu egin da.
Bilera amaitu ondoren, Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeko eledunek azalpenak eskertu dituzte, eta informazioa bildu dute behar diren ekimenak onartzeko, hala egokitzen bada.
Nafarroako Museoa (1956) Andre Maria Errukizkoaren ospitalea izandako eraikinean kokatuta dago, eta 25 langile ditu plantillan: 17 aretozain, bi administrari laguntzaile, mantentze-lanetako ofizial bat, bulegoburu bat, atalburu bat eta goi mailako hiru teknikari. Haren funtzionamendurako eta jarduerarako aurrekontua 2019an 1.204.460 eurokoa da.
Nafarroako Erdi Aroko artelan bikainak ditu ikusgai, esaterako Iruñeko katedral erromaniko zaharreko kapitelak edo Leireko kutxatila, Errenazimentuko, Barrokoko eta geroagoko obra ugarirekin batera.
Nafarroako margolaritzan funtsezkoak diren obra batzuk daude Museoan, besteak beste Javier Cigarenak edo Jesús Basianorenak, baita Nafarroarekin lotura duten artisten bilduma garaikidea ere (Martín Caro, Oteiza, Royo, Salaberri, Aquerreta edo Manterola), eta Francisco de Goyaren erretratu onenetako bat, San Adriango markesa.