Kultura Batzordea bisitan izan da Santa Crizko arkeologia-multzoan
Eslabak laguntza eskatu du kultura-ondare hau garapen sozioekonomikorako tresna bihurtzeko plana landu ahal izateko, eta laguntza iraunkorra izan dadila
Kultura eta Kirol Batzordea bisitan izan da gaur Santa Crizko aztarnategian. Arkeologia-multzo honetan duela mende bat doi Eslabako udalerrian (Oibar) aurkitu zen hiri erromatarreko foroaren eta nekropoliaren hondarrak ikus daitezke. Erromatarrek antzinako herrixka baskoi baten gainean eraiki zuten hiri honek I. mendetik V.era bitartean izan zuen bere aldi gorena.
Bisita Navarra Sumak eskaturik egin da; Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Javier García, Ángel Ansa, Raquél Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Adolfo Araiz (EH Bildu).
Parlamentuaren ordezkariekin honako hauek bildu dira Santa Crizen harrera egiteko: Ignacio Barber, Sesmako alkatea; Félix Bariain, zinegotzia; Gabriela Orduna, Cederna Garalur-eko garapenerako agentea Zangozako eskualdean: Javier Andreu, historialaria eta Nafarroako Unibertsitateko irakaslea; Charo Mateo, arkeologoa; Nerea López, bisita gidatuen ardura daukan arkeologiako aditua; Chus García Azólaz, Nafarroako Gobernuko arkeologiako teknikaria.
Sarrera-hitzaldian Javier Garcíak bisitaren xedea zein den azaldu du: “arkeologia-multzoa ezagutzea eta jakitea nolako beharrizanak eraginen dituen Santa Crizko multzoa aztertzeko, antolatzeko eta balioan jartzeko lau-zortzi urteko plana prestatzeak, kontuan hartuta multzoa egokitu eta urbanizatuko litzatekeela eta bisitarientzako harrera-zentroa eraikiko litzatekeela”.
Ondoren, parlamentariak Santa Crizko aztarnategian barna ibili dira gidariarekin, eta indusketa-lanak (1994an hasi ziren) eta erromatar hiriko hondarrak atontzeko lanak noraino heldu diren ikusi dute. Multzoa jendearentzat zabalik dago 2017ko irailean inaugurazio-ekitaldi ofiziala egin zenetik.
Foroko hondar sendotuen artean prestatutako azalpen-ibilbidean berriz ere zutik ezarri diren hiru zutabe gailentzen dira; gainera, batzordekideak multzoaren monumentaltasunaz eta hondar epigrafikoen ugaritasunaz miretsi dira.
Izan ere, erromatar hiriaren aberastasuna salatzen duten hainbat elementu ikusi ondoren (hiru eskulturaren, korintoar estiloko hamaika kapitelen, zutabe-fusteen, harrasken, hainbat eratako moldurak dauzkaten harlanduen eta iztukuen hondarrak) parlamentariak induskatutako beste gunera joan dira, nekropolira, hau da, hiriko hilerrira; bertan errausketen eta mausoleoen hondarrak ikusi dituzte, eta horiez gainera hileta-kutxak, txanponak, buruko orratzak eta etxeko hornidura ere bai.
Javier Andreuren esanetan, Iturissa (Aurizberri) izenekoaren ondotik, Nafarroan aurkitu den mota honetako bigarren nekropolia da, eta bertatik bertara ikus daitekeen bakarra. Arkeologia-multzo hau sendotuko bada, Kultura Departamentuak aurkeztu berri duen proiektuaren arabera ezinbestekoa da “erakusketa iraunkorra izatea, berriz ere ikerketari eta indusketa-lanei ekitea, eta ustiapen turistikoaren bisitarien harrera profesionalizatzea (horretarako sarrera-azpiegitura egin behar da)”.
Aztarnategiaren bisita amaitu ondoren Kultura Batzordea Eslabako eihera zaharraren ondoan dagoen esparru museografikora joan dira, eta Javier Andreuk bertan bildutako 120tik gora piezen ezaugarrien eta jatorriaren berri azaldu die.
Erakusketa zabalik dago uztailaren 1etik, eta bisita gidatuak eginen dira abenduko zubiak arte, gutxienez. Oro har, bisitak asteburuetan egin daitezke; gainera, hamar lagun baino gehiago batuz gero, zeinahi egunetan egin daiteke talde-bisita, aurretik ordua eskatuta. “Joan diren hiru hiletan 950 bisitari etorri dira museora, aztarnategira baino gehiago, han 366 sarrera izan baitituzte (guztira, 5.000 duela bi urte ireki zenetik). Kopuru horien arabera Santa Crizko multzoa Andeloskoaren (Mendigorria) eta Arellanokoaren parean dago”, adierazi du Andreuk.
Gabriela Ordunak azaldu du aldi baterako erakusketa Eslabako Udalarekin egindako hitzarmen bat dela bide Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen programa baten barruan dagoela; programa hori Cederna Garalur-ek kudeatutako Nafarroako Gobernuaren landa garapeneko bi planen esparruan egin da, eta beraren bidez ekintza pedagogikoak eta zientifikoak eta bisita gidatuak egiten dira.
Ordunaren esanetan helburua da “aurrera egiten jarraitzea, ondare hau eskualdeko gizartea eta ekonomia sustatuko dituen aktiboa izan dadin. Ezinbestekoa dugu Santa Criz hobetzeko ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren iraunkortasuna bermatzea, eta horretarako multzoa atontzen jarraitu behar dugu, lanada garapenarekin lotuta”.
Horren ildotik, Cederna Garalurreko teknikariak hauxe esan du: “Proiektua turismoarekin eta ikerketarekin lotuta dago, baina herrietako kulturaren sostenguarekin ere bai, eta horregatik ari gara eskatzen sor dadila sailen arteko jarraipen batzordea. Eskualdeko udal guztiek uste dute proiektu hau estrategikoa dela. Santa Crizko multzoaren arrakastak eragin handia edukiko du herri hauetako bizimoduaren iraupenean. Laguntza eskatzen dizuegu, eta horretarako hoberena hitzarmena izango da seguruenik. Berriz ere esango dut: ez gara turismoaz bakarrik ari; aitzitik, herriak hutsik ez gelditzearen kontra ari gara, eta landa ingurunearen iraupena bultzatzen”.
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu alderdien eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, inoiz ekimenen bat abiarazi nahi balute ere.