Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Maiatzak 8

Kultur mezenasgoa arautzen duen legea onetsi dute

Xedea interes sozialeko aitortutako kultur proiektu edo jarduerak burutzean parte-hartze pribatuari aplika dakizkion pizgarri fiskalak ordenatzea da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta SNk haren alde emandako botoekin, PPNren eta atxiki gabekoen abstentzioekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren aurka emandako botoekin, kultur mezenasgoa arautzen duen legea onetsi du gaur.


Gobernuak bultzatu duen legearen xedea kultur mezenasgoa sustatzeari aplikatu dakizkiokeen pizgarri fiskalak arautzea da, horretarako, aldi berean, gizartearen eta kultur jardueren artean lotura sendoagoa sor dadin lagunduta.


Ildo horretan, kultur mezenasgotzat hartzen da gizartearen interes gisa aitortutako proiektu edo jarduera kulturalak burutzean alor horretan eskumena duen departamentuak egiten duen parte-hartze pribatua, salbuespenak salbu.


Proiektu edo jarduera horiek zeintzuk diren batzordean zehaztu zen in voce aurkeztutako hiru zuzenketen bidez, lehenengoa Socialistas de Navarra parlamentu-taldearena, alorrak zehaztera bideratutakoa, ikerketa proiektuei zegokiona barne; bigarrena Bildu-rena eta Aralar-Nabairena, euskarazko eta gaztelaniazko ondare materiala eta ez materiala berreskuratu eta hedatzera bideratutakoa; eta hirugarrena PPNrena, Nafarroako folklorea eta ohitura herrikoiak mantentzera bideratutakoa.


Testuak laguntza pribatu horren hartzaile posibletzat hartzen ditu irabazi-asmorik gabeko kultur entitateak, Foru Komunitateko Administrazioa, erakunde autonomoak eta haien mende dauden fundazio publikoak, toki entitateak, unibertsitateak, Eliza eta pertsona fisikoak, baldin eta haien urteko negozio zifra garbia 200.000 euro baino handiagoa ez bada.


Aldi berean, pizgarri fiskalak eskaintzen zaizkie diru-mezenasgo jarduerak burutzen dituzten horiei, bai eta ondasunak zein eskubideak emanda, ondasun higiezinen gozamena lagatuta edo interes kulturaleko ondasunak emanda mezenasgo jarduerak burutzen dituztenei ere.


Pizgarri fiskalak PFEZren, sozietateen, oinordetzaren eta dohaintzen gaineko zergei dagozkie eta beti emaitza egiaztatzeari eta egiteari lotuta egongo dira.


Pertsona fisikoen kasuan (PFEZ), aurreikusten da emandako lehenengo 150 euroetan zergaren kuota % 80 deduzitzea, eta zenbateko horretatik gorakoetan % 40 deduzitzea.


Pertsona juridikoei dagokienean, bi onura fiskal mota jasotzen dira. Batetik, mezenasgoan inbertitutako zenbatekoak sozietateen gaineko zergatik deduzitu daitekeen sail gisa hartuko dira. Eta, gainera, kantitate horiengatik beraiengatik kuota likidoan dedukzio bat egiteko eskubidea izango dute, % 30 lehenengo 300 euroentzat, eta hurrengoentzat % 20.


Era berean, gobernuak PFEZtik eta emaitza-egilearen errenta zergapetzen duen sozietateen gaineko zergatik salbuestea aurreikusten ditu aipatutako emaitzen arabera agerian jartzen diren ondare handitze eta errenta positiboak; eta hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergatik salbuetsiko dira lurren eskualdatzean agerian jartzen diren handitzeak, edo deskribatutako emaitzen arabera egiten diren eskubide errealen gozamena sorrerak.


Interes sozialekotzat hartuko da, zuzenean, kultur arloan eskumena duen departamentuak eta haren mendeko fundazioek antolatutako mezenasgo jarduera, bai eta toki entitateek eta Nafarroako unibertsitate publikoek eskatzen dutena. Halaber, berariaz aitortzetik salbuetsiko da Kultur Departamentuak babesten edo sustatzen duen jarduera, kasu horretan aurreko paragrafoan aipatutako onuradunen batekin egindako hitzarmenen bidez (laguntzailea ezagutzera ematea exijitzen du) edo diru-laguntzen bidez.


Mezenasgoa eta diru-laguntza ez nahasteko eta “salbuespen zein hautazko faktoreak” gehitzeko, diru-laguntzen onuradun izan ez, baina departamenduaren ustez nahikoa kalitate duten proiektuak interes sozialekotzat aitortzea aukera ezabatzen da.


Urte amaiera baino lehen, Kultur Departamentuak Zerga Administrazioari helarazi beharko dio, berariaz aitortu behar izan gabe, interes sozialekotzat hartu diren kultur proiektu eta jardueren urteko zerrenda.


Hala ere, emaitzak, erabilera maileguak edo komodatuak eta elkarlanerako hitzarmenak egiteagatiko onura fiskalak aplikatzea, gizartearekin konprometitutako zigilua duten horien kasuan gertatzen den era berean, entitate onuradunek jasotzen dituzten ekarpenei buruz informatzera baldintzatuta egongo da, zerga araudian xedatzen den baldintza eta epeak errespetatuta.


Bereizkeriak saiheste aldera, 2014ko zergalditik aurrera Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea arautzeari buruzko 10/1996 foru legean aurreikusten diren kenkariak (mezenasgoari buruzko eta sozietateen gaineko zergari buruzko legeekin bateraezinak) egingo dira, baldin eta emaitzak edo ekarpenak entitate onuradunen aitorpen eguneratuetan adierazten badira.


Ildo horretan, lege honetan aurreikusten diren onura fiskalak aplikatzea errazagoa egin nahi du, hartara, Nafarroako Gobernuaren web orrian aplikazio informatiko bat jarriko da, zeinaren bidez interes sozialtzat aitortzen diren jarduera eta proiektuei emaitzak egin ahal izango diren.


Nafarroako kultur kontseilariari egokituko zaio interes sozialeko aitorpen eskaerak ebaluatzea, prozeduraren “gardentasuna eta objektibotasuna” ziurtatuko duten irizpide multzo bati jarraiki, baita eraginaren eta aurrekontuaren arteko aldeari dagokionean ere, kasu horretan (atxiki gabekoek hala eskatuta) ekimen txikiei pizgarria ez kentzeko.


Ezezkoa emateko ebazpenak motibatuta egon beharko dira, hartara proiektuak emandako argumentuetan oinarrituta berrikusi ahal izan daitezen.


Nafarroako kultur kontseiluaren osaerari dagokionean, Gobernuari hiru hilabeteko epea ematen zaio organo hori arautuko duen araudia egokitzeko, alegia, osaera “berriro pentsatu” beharko du halako moldez non administrazioen ordezkariak eta kultur elkarte eta entitateenak “orekatuko” diren, aldi berean, “entzute handiko kideei” ere parte-hartzeko aukera emanda.


Kulturako zuzendaritza nagusiak, bestalde, beste sei hilabete izango ditu praktika onak sustatuko dituen Mezenasgoaren Eskutitza delakoa idazteko. Sektoreari eta aurreikusten diren emaileei aholkua emateko funtzio zehatzak zein sustapenerako jarduera arruntak diseinatzeari datxikizkionak haren organigramako unitate jakin bati esleitu beharko zaizkio.


Nafarroako Kultur Ondareko Ondasunak Balorazio Batzordeari dagokionez, gehienez ere sei hilabeteko epean osatu beharko da.


Gainera, Gobernuari lege honen nondik-norakoak ezagutzera emateko informazio kanpaina bat egiteko eskatuko zaio, Parlamentuari hurrengo sei hilabeteetan Nafarroako sektore kulturalaren egoerari buruzko diagnostiko bat bidaltzeko zeregina ere hartzen duena.


Horrez gain, Gobernuak zergaldi bakoitzerako, lege honetan xedatutako kenkarien ehuneko eta mugak bost puntu arte igota, kultur mezenasgorako lehentasunekoak diren jarduera eta proiektu batzuk ezartzeko aukera mantentzen du. Prozedura azkartzeko, urtero egingo da foru dekretu bidez lege bidez egin ordez eta ondorioak izango ditu 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera.


Gainerakoan, kultur mezenasgoari aplika dakizkion pizgarri fiskalek 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izango dituzte ondorioak.

Horrez gainera, legeak pertsona fisiko eta juridikoek kreditu-entitateek kudeatzen dituzten finantza-produktu jakinei diru-ekarpenak egiteko aukera aurreikusten du.


Horretarako, exijitzen da ekarpenak ez daitezen finantza-produktuak onura ekarri nahi zion proiektu edo jarduera burutzen den denbora baino gehiagoan egon. Eta produktu bat aldez aurretik interes sozialekotzat aitortu den kultur jarduera edo proiektu bakarrarekin lotuta egon dadin.


Finantza etekinak oinordetza eta dohaintzen gaineko zergatik salbuetsita egongo dira. Etekin horien emaitzek kultur jarduera edo proiektuak sustatzen dituztenei egiteak lege honetan xedatzen diren onura fiskalak jasotzeko eskubidea emango dute.


UPNk, SNk eta atxiki gabekoek sinatu duten ordezkatze zuzenketa hori onetsita, berriro ere ezartzen da, ñabardura batzuekin, mezenasgoari lotutako finantza-produktu jakinetatik eratortzen diren onurei kenkariak aplikatzeko aukera. Aukera hori batzordean irizpen bidez ezabatu zen.


Osoko Bilkuran zazpi in voce zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira, aipatutakoa barne. Denek aurrera egin dute.


www.parlamentodenavarra.es
• Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 128. zk., 2013-11-08koa)
• Osoko zuzenketen argitalpena (NPAO, 16. zk., 2014-01-28koa)
• Hein bateko zuzenketen argitalpena (NPAO, 32. zk., 2014-02-26koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 50. zk., 2014-04-07koa)