Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urtarrilak 19

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsari buruzko Lege Orokorraren aldaketa onetsi da

Aldeetako bat seropositiboa izateagatik diskriminatzen edo baztertzen duen edozein klausularen deuseztasuna deklaratzen da, eta antzeko beste gaixotasun batzuetarako ere gauza bera egitea proposatzen da

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsari buruzko Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina, abenduaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia, aldatzen duen Foru Legea onetsi du.

 

Legearen xedea da “deusez eta eraginkortasunik gabekotzat” jotzea edozein pertsona “GIB/HIESa edukitzeagatik edo seropositiboa izateagatik” zenbait prestazio edo zerbitzu eskuratzeko garaian “diskriminatzen edo baztertzen” duten klausulak, Konstituzioan jasotako eskubideen eta batez ere “berdintasunerako” eskubidearen erabilera eragozten dutelakoan.

 

Gainera, Espainiako Gobernuari urtebeteko epea ezartzen zaio lege proiektu bat egiteko, zeinaren bidez ezarriko baita foru legean jasotako printzipioen aplikazioa hedatu behar dela “harreman juridikoetan ondorio baztertzaile berak” ekar ditzaketen beste gaixotasun batzuetara.

 

Foru legea zuzenean eta irakurraldi bakarrean izapidetu da. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerrak sustatu dute.

 

Foru Legebiltzarrak 2011ko martxoaren 24an eta 2013ko martxoaren 14an onetsi zituen foru legeen errepikapena baino ez da. Lehen kasuan, Diputatuen Kongresuaren Mahaiak ekimena iraungitzat jo zuen legegintzaldia amaitzean, eta bigarren ekimena PPren gehiengo osoaren bidez baztertu zen, 2014ko maiatzaren 6an Sergio Sayasek (UPN), Roberto Jiménezek (PSN) eta Bakartxo Ruizek (Bildu) hura in situ defendatu ondoren.

 

Ekimenaren titularren iritziz, oraintxe baldintza egokiak betetzen dira, Foru Komunitateak eskumenik ez duenez, Kongresuaren babesa behingoz lortzeko. Hala balitz, Nafarroako ekimena, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren babesean formulatua, lege arrunt gisa izapidetuko litzateke.

 

Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarrek Kongresuaren Mahaiari lege proposamenak igorri ahal dizkiote (edo Estatuko Gobernuari lege proiektuak onartzeko eskatu), eta gehienez hiru ordezkari izenda ditzakete, Kongresuan ekimen horiek defenda ditzaten.

 

Gaur onetsi den lege proposamena Kongresuan defendatuko duten parlamentarien izendapena Mahaiak ezartzen dituen arauei jarraituz eginen da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.