Komunitatearen egoerari buruzko osoko bilkurak 29 ebazpen proposamen eztabaidatzen eta bozkatzen jarraituko du ostiral honetan
Gobernuko blokea eta oposiziokoa bat datoz, ikuspuntu oso ezberdinetatik, osasunari eta etxebizitzari buruzko politika publikoetan neurri berriak planteatzeko beharrarekin
Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidak aurrera jarraituko du ostiral honetan (09:30), erregistratutako 29 ebazpen proposamenen inguruan eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Horietako hiru, "osasuna, etxebizitza eta bizikidetzari" buruzkoak, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek adostu dituzte.
Ebazpen proposamenen eztabaidarako ordena (5 sigla bakoitzeko) eta parte hartzearena berdinak izanen dira, hau da, handienetik txikienera.
Talde parlamentario bakoitzak batera defendatuko ditu bere proposamenak, gehienez ere 10 minutuz. Ondoren, parte hartzeko txanda irekiko da, eta erantzuteko txanda (biak 5 minutukoak). Taldeek eztabaidako ordena bera mantenduko dute. Ondoren, bozkatu eginen dute. Prozesu bera zazpi aldiz errepikatuko da, talde parlamentario bakoitzeko behin.
Maria Chivite buru duen Gobernuaren oinarri den akordioa sinatu duten taldeek hiru proposamen adostu dituzte. Lehenengoa Etxebizitzaren Behatokia sortzearen aldeko apustua da, salmenta- eta alokairu-merkatuaren jarraipena egiteko tresna den aldetik, biztanle askoren beharrizan-egoerari erantzuteko, arrazoizko preziorik dagoelako itxaropenik ez baitute askok.
Bigarren proposamenak, PSNk, Geroa Baik eta C-Z-k sinatutakoak, “osasun sistema publikoa modernizatzea eta Osasunbide osorako ezarritako erronkak ahalik eta adostasun handienarekin gainditzea” planteatzen du. Horretarako, ohartarazpena egiten dute Osasunari buruzko Foru Lege berria onartzeko, osasun plan berria aurkezteko, Paziente kroniko eta pluripatologikoen estrategia berreskuratzeko eta Zainketa aringarrien estrategia bultzatzeko.
Era berean, dei egiten dute itxarote-zerrendak murrizteko plan integralarekin jarraitzera; lehen mailako arretaren rola sustatzera; eta lehen mailako eta ospitaleko arretan betetzeko zailak diren postuetarako pizgarriak ezartzera. Profesionalen lan baldintzei eta talentua erakartzeari dagokienez, proposatzen da 2023-24 EPEtik eratorritako deialdiekin jarraitzea, C eta D osasun-mailetako karrera profesionala garatzea eta mugikortasun-araudi berria aplikatzea.
Hirugarren proposamenak, PSNk, Geroa Baik eta C-Z-k hitzartutakoak, elkarbizitza baketsua sustatzea, aniztasuna errespetatzea eta gorroto diskurtsoen areagotzearen aurrean giza eskubideak defendatzea du helburu. Horretarako, Nafarroako Parlamentuak “ordezkari publikoen edozein deklarazio politiko kondenatzea” proposatzen da, baita bizikidetza demokratikoaren aurkako “gezurrak asmatzea eta zabaltzea” ere.
PSNk erregistratutako ebazpen proposamenek (2) gizarteratze eskubideak aurrera egitea eta sendotzea defendatzen dute, lanerako eta enplegagarritasunerako estimuluak hobetuta, baita laguntza eta trebakuntza pertsonala, soziala eta okupazionala ere. Hori guztia gizarte-elkarrizketaren esparruan eta orientazio eta bitartekotza eredu berri eta pertsonalizatuago baten bidez.
Bestalde, Nafarroako Funtzio Publikoaren Estatutuaren testu berria egiteko egutegia egitea planteatzen da, administrazio “moderno, humanista, malgu, efiziente eta eraginkor” baten beharrei erantzuteko. Proiektu horrek egutegia izan beharko du, “inplikatutako eragile guztien parte-hartzea” izanen du, eta parlamentuan erregistratuko da, eztabaidatu eta bozkatzeko.
Geroa Baik erregistratutako ebazpen proposamenek (2) Nafarroako klima-aldaketaren ibilbide-orrian (KLINA) eta Nafarroa 2030 energia plana nabarmentzearen alde egiten dute. Esparru horretan, honako hauek eskatzen dira: etxebizitza eta eraikin publikoen errehabilitazio efizientea bultzatzea; garapen jasangarriari lotutako Europako legeria egokitzea; trantsizio ekologikoari lotetsitako Europako zuzentarauak exekutatzea; energia-komunitateak, mugikortasun jasangarria (elektrikoa), intermodalitatea (bidaiariak eta salgaiak) eta sortzen ari diren energia alternatiboak (hidrogeno berdea) sustatzea.
Era berean, Nafarroako Trantsizio Energetikorako Agentzia martxan jartzea eta ekonomia zirkularreko Hub bat eratzea eskatzen da; nekazaritza birsortzaileko, laborantza ekologikoko edo elikadura osasuntsu eta jasangarriko ekimenak bultzatzeaz gain, (ekoizle lokalen babesa, merkaturatze-kanal laburren garapena edo digitalizazioa barne) despopulazioari aurre egiteko, besteak beste.
NFEBHLOri dagokionez, egungo legealdian erabat garatzea aldarrikatzen da, Estatuarekin “negoziazio-egutegi” bat egin ondoren, egungo legealdian transferitu gabe dauden eskumenak egikaritzeko. Guzti hori “autogobernuan” eta “aldebikotasun” mekanismoetan sakontzeko.
Contigo-Zurekin-en ebazpen proposamenek (2) Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea ahalik eta azkarren garatzearen alde egiten dute, gai horretan “Nafarroari ibilbide-orri bat emateko”.
Industria-arloan, eta departamentu eskuduna prestatzen ari den lege espezifikoari dagokionez, C-Z-k “lehiakortasuna, espezializazio adimenduna, garapen jasangarria eta gizarte-ekonomiaren sustapena bultzatzeko jarduketa-esparru baten diseinua” proposatzen du, baita “ETEei eta autonomoei lagunduta” ere.
UPNk sinatutako ebazpen proposamenek (5) “Nafarroako eremu eta leku guztietan elkarbizitza, errespetua eta berdintasuna sustatzeko” neurriak hartzea defendatzen dute, besteak beste “ETAk eragindako hilketak eta indarkeria kondenatuta”, baita “indarkeria-ekintza eta -adierazpen guztiak” ere. Era berean, “adierazpen- eta prentsa-askatasunarekiko konpromisoa, gezurren eta desinformazioaren fenomeno gero eta handiagoaren inguruko kezka (gizartea ezegonkortu eta amorratu egiten dute) eta botere banaketaren errespetuarekiko” konpromisoa jasotzen da.
Osasunaren eremuan, dei egiten da lehen mailako arretako eredua eraberritzeko; 14/2008 Foru Legean ezarritako gehieneko itxarote-epeak betetzeko; lan-ezbeharren aurkako urgentziazko plan bat abian jartzeko; Osasunbidearen egungo produktibitate-sistema eraldatzeko; landa eremuko osasunari buruzko plan integrala garatzeko (osasun plan berriaren barruan); Tuterako eta Lizarrako ospitaleetako osasun-zerbitzuen deribazioa herri horietatik kanpo lehengoratzeko eta Erriberriko osasun-etxeko larrialdi zerbitzua berreskuratzeko. Era berean, gazteen osasun mentaleko plan integrala ezarri behar da.
Etxebizitzari dagokionez, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio etxebizitzaren inguruko mahai bat sor dezala, eskaeraren presioak gehien eragin dien udalerrien partaidetzarekin, baita sektoreko eragileen, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen partaidetzarekin ere, “atzerapenik gabe babes ofizialeko etxebizitzen eskuragarritasuna handitzeko” helburuarekin.
Era berean, etxebizitza babestuetarako lurzorua eskuratzera bideratutako gastu nahikoko partida bat gaitzea premiatzen da; plangintza tresnak arintzea eta eraikin zaharretan etxebizitzaren eta bizigarritasunaren araudia aldatzea, “errehabilitazioak eta/edo erabilera aldaketak errazteko”.
Bestalde, eta hezkuntzari dagokionez, familiek haur-hezkuntzako Lehen Zikloan beren seme-alabak doan eskolatzeko eskubide unibertsala aldarrikatzen da; PAI programan ezarritako aniztasunari erantzuteko neurriak ebaluatzea eskatzen da (ikasturte honetan), programa sistemaren beste hizkuntza-eredu bat bihurtzeko prozesua hasi ahal izateko eta 2025/26 ikasturtetik aurrera pixkanaka ezartzen hasteko. Ikasturte horretarako, eskaintza familien eskarira egokitzea ere eskatzen da, “itunpeko sarean lineak gehitzeko debekua kentzeko, indarrean dagoen PSN, GB eta C-Z arteko gobernu akordioaren bitartez aplikatzen ari dena”.
UPNren azken proposamenak Errenta Bermatuari buruzko Foru Legea aldatzea aipatzen du, beharrezkoa baita “pertsonak subsidioa jasotzen egotea ez kronifikatzeko” eta inklusioa eta lan merkaturako sarbidea sustatzeko. Estrategia bat lantzea ere eskatu dute, itun sozialaren harira, “emakume eta gizonen arteko soldata eta pentsioen arrakala ezabatzeko”.
EH Bilduk aurkeztutako ebazpen proposamenek (5) gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoaren garapena azpimarratzen dute (bere lau ildo estrategikoetan), baita “gobernantza eredu ireki eta feminista” baten sustapena ere, “eremu politiko-instituzionala herritarrengana eta eragile politiko eta sozialengana hurbiltzeko”.
Gizarte politikei dagokienez, zaintza sistema publiko-komunitarioa eraikitzearen aldeko apustua egiten da, eguneko zentroak eta udal programak indartuta eta hitzarmen kolektiboak betetzea bultzatuta.
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako borrokan, errenta bermatuaren eta BGDren estaldura eta babes gaitasuna sendotzera deitzen da, baita gizarte-inklusiorako eskubidea bermatzera ere, hezkuntza esparruan ere, non irakaskuntzaren kalitatearen eta sektoreko lan baldintzen garrantzia azpimarratzen baiten.
Osasungintzan, Osasunari buruzko Foru Lege berriaren prestaketa bizkortzea premiatzen da, legegintzaldi hau amaitu baino lehen (2027) onartu ahal izateko, ahalik eta adostasun handienarekin.
Lurralde kohesioaren eremuan, Despopulazioaren Aurkako eta Landa Garapenaren Foru Legearen proiektuan NUKFk garatuko duen prozesu parte hartzailearen ondorioak aintzat hartzeko eskatu dute.
Halaber, etxebizitza eskuratzeko plan bat behar da bizitegi-zona tentsionatuen deklaraziotik kanpo geratu diren 5.000 biztanletik beherako udalerrientzat.
Era berean, Pirinioetako plan estrategikoaren ebaluazio osoa eskatzen da, besteak beste, bere eredua despopulatzeko arriskuan dauden beste eremu batzuetara esportatzeko, landa eremuetan belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko eta lehen sektorea eta oihanen kudeaketa jasangarria bultzatzeko. Era berean, 2025ean, gutxienez, hiriarteko garraioko bi linea lizitatzea eta falta diren linea guztiak esleitzea eskatzen da.
Bestalde, trantsizio energetikoari dagokionez, eskatzen da 2025eko abenduaren 31 baino lehen bidaltzeko Nafarroako Energia Agentzia abian jartzeko Foru Legearen proiektua. Fiskalitate ekologikoaren sustapenean, trantsizio energetikoan herritarrei protagonismoa ematean eta industriaren eta mugikortasunaren elektrifikazioa erraztean ere jartzen da arreta.
Landa eremuaren garapenerako, benetako ekonomia zirkularrerantz eta elikadura-burujabetzarantz bideratutako neurriak hartzea eskatzen da.
Autogobernuari dagokionez, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela Nafarroa defendatzea termino “politiko, ekonomiko eta sozialetan” erabakitzeko gaitasuna duen “subjektu politiko” gisa, eta horretarako beharrezkotzat jotzen du “eskumen historikoak defendatzea, subiranotasun osoa berreskuratzea eta bermeen aldebiko sistema berri bat ezartzea”. Helburua da transferitzeke dauden eskumen guztiak “legealdi hau amaitu aurretik” transferitzeko prozesuan egotea.
Hizkuntzari dagokionez, «euskararen ofizialtasuna lurralde osoan» aldarrikatu dute. Soldaten eremuan akordio bat proposatzen da “hamar hilabeteko epean, Nafarroako errealitate sozial eta ekonomikoarekin bat datorren LGS bat finkatzeko, lan prekarietateari buelta emateko”. "Lanaldia soldaten jaitsierarik gabe murriztea" ere defendatzen da, eta, horretarako, “hiru hilabeteko epean lan mahai bat eratzea planteatzen da, eta beste bat, berariazkoa, sektore publikoan”. Azkenik, enpleguaren eremuan ere, “txoke-plan bat eskatzen da, 9 hilabeteko epean, ibilgailu elektrikorako trantsizioak enpleguan izan ditzakeen eragin kaltegarriei aurre egiteko”.
PPNren ebazpen proposamenei dagokienez (5), Foru Komunitatearen estatus juridikoa defendatzea eskatzen da, “alderdien interesen gainetik, Espainiarekiko eta bere erakundeekiko leialtasuna bermatuta”.
Era berean, “guztiontzako etxebizitza duina eskuratzea bermatzen duen estrategia integral” baten definizioa eskatzen da. Horretarako, “lankidetza publiko-pribatua sustatzea, erosketarako eta alokairurako laguntza fiskalak ezartzea, gazteei etxebizitza eskuratzeko aukerak erraztea eta lurzorua mugitzeko administrazio-prozesuak hobetzea eta egiteke dauden hirigintza garapenen izapideak arintzea” proposatzen da. Era berean, eraikuntzaren sektorea “funtsezko” une batean babestea, “esku hartzea” saihestea eta “merkatuaren eremu tentsionatuen definizioaren alternatibak” bilatzea eskatzen da.
Osasungintzan, PPNren ekimenak oinarritzen dira lehen mailako arretako irisgarritasuna hobetzean, lankidetza publiko-pribatua bultzatzean, osasun mentalaren irisgarritasuna erraztean, berrikuntza teknikora bideratutako aurrekontuaren portzentajea handitzean, burokrazia murriztean eta adimen artifiziala osasun zerbitzuak emateko erabiltzean.
Fiskalitatearen eremuan, enpresa handientzako PFEZean eta Sozietateen gaineko zergan presio fiskala murriztu nahi da (% 25era), autonomoentzat ez ezik, baita inbertsioagatik eta modernizazioagatik ere.
Azpiegitura handiei dagokienez, PPNk AHTa Iruñera “2030a baino lehen iristea ziurtatzearen alde egiten du, Ezkiotik Euskal Y-arekin lotura bermatuta”. Errepideei dagokionez, eskatzen da “A-15 autobiaren bikoizketa bukatzea Castejón-Almazán eta Iruña-Jaka-Huesca-Lleida (A-21-A22-A23) tarteetan, Estatuaren inbertsio planetan sartzea lehenetsita”.
Nafarroako Ubideari dagokionez, azpimarratu da “administrazio-prozesua amaitu behar dela eta hori gauzatzeko behar diren funtsak ziurtatu behar direla, Espainiako Gobernuarekin lehen faserako eta hura handitzeko sinatu zen akordioaren antzeko baten bidez”.
Bestalde, CHEri eta CANASAri atzerapenik gabe jardutea eskatzen zaie, lanak premiaz lizitatu ahal izateko eta Foru Komunitatearen “segurtasun hidrikoan laguntzeko”.
Azkenik, Nafarroak, Aragoik, EAEk, Errioxak, Gaztela eta Leonek, Kataluniak eta Valentziak ahalegin bateratua egitea proposatzen da, Espainiako Gobernuak komunikazio-azpiegituretan eta funtsezko merkantzien garraioan inbertsioak handitzea lortzeko, tartean dauden lurralde guztiek etekina atera dezaten.
Voxek erregistratutako ebazpen proposamenek (5) Osasunbideko medikuen eta osasun langileen lan baldintzak hobetzeari egiten diote erreferentzia, eta uste dute azpiegiturak eta puntako teknologia eman behar zaizkiela; besteak beste, “gainkarga administratiboa murrizteko, osasun mentalaren eskariari erantzutea ahalbidetzeko eta herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzeko, prebentzio- eta hezkuntza-kanpainen bidez”. “Pizgarri ekonomiko espezifikoak” ere proposatzen dira (ostatua, garraioa, etab.) “medikuak landa eremuetara erakartzeko”.
Fiskalitateari dagokionez, PFEZa 70.000 eurotik beherako errentetan (% 15eko tasa bakarra) eta kopuru horretatik gorakoetan (% 25) murriztea proposatzen dute. Eta 22.000 eurotik beherako lan-errenten salbuespena eta seme-alaba bakoitzeko lau puntuko murrizketa orokorra, mota guztietan. Sozietateen gaineko zerga ere murriztu nahi da (% 25), oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga kendu, baita ondarearena ere. Eta autonomoei murriztea eta hobariak ematea beren diru-sarrera garbiak ez direnean LGSra iristen.
Aldi berean, enpresei zergak gutxitzea aztertzen da, are gehiago funtsezko sektoreetan inbertitzen dutenean (berrikuntza, digitalizazio eta teknologia berriak ez direnak). Eta ETEentzako kreditu-lerro eskuragarriak. Eta zama administratiboa murriztea, leihatila bakarra sortuta.
Azpiegitura handietan, ohartarazpena egin dute AHTaren garapena azkartzeko, Nafarroako Ubidearen bigarren fasea interes orokorreko proiektu deklaratzeko eta Komunitate osoan zuntz optikoa eta 5G sareak hedatzeko plan bat ezartzeko, landa eremuak lehenetsita, bertako errepideak hobetu nahi baitira bide-segurtasunean hobetzeko.
Azkenik, Voxek segurtasun publikorako plan bat sortzearen alde egiten du, “segurtasun indar eta kidegoen babes guztiarekin”, eta atzerritarrei buruzko legea “zorrotz” betetzearen alde.
Archivos adjuntos