Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urriak 18

Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida. UPN eta PPNk Gobernuaren “dinamika identitario eta bezerokeriazkoa” gaitzetsi dute eta PSNk “erdibidean” ikusten du aldaketa

Geroa Baik “inklusioa, dibertsitatea eta kudeaketa ona” aipatu ditu, Bilduk aldaketaren norabidea defendatu du, Podemosek balizko galgez ohartarazi du eta I-E harro agertu da aldaketa sozialaz

Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosen ordu eta erdi luzeko hitzaldia aztertzeko 30 minutuko etenaldia egin ondoren, talde parlamentarioetako eledunek hitz egiteko txanda hasi da. Handienetik txikienerako ordenan aritu dira, lehenik oposizioko alderdiak, UPN, PSN eta PPN, eta ondoren Gobernua babesten duten alderdiak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain eta, azkenik, I-E.

 

Arratsaldean (16:00), azken bi eledunen mintzaldien ondoren, Uxue Barkosek eledun guztiei batera erantzun die, denbora mugarik gabe, eta eledunek erantzuteko beste hamar minutu izan dituzte talde bakoitzeko, Foru Komunitateko lehendakariak eztabaidari behin betiko amaiera emateko hitzaldia egin baino lehen, hura ere denbora mugarik gabe. Iluntzeko 7:45ean utzi du azken aldiz tribuna lehendakariak, zortzi orduko eztabaidaren ondoren.

 

Segidan 15 minutuko tartea egon da talde parlamentarioek erabaki-proposamenak aurkeztu ahal izateko, gehienez bost proposamen talde bakoitzeko. Ostiralean, hilak 19, proposamen horiek eztabaidatu eta bozkatuko dira 09:00etatik aurrera.

 

UPN “guztientzat gobernatzen ez duen Gobernu” batez mintzatu da

 

Javier Esparzak (UPN talde parlamentarioa) baieztatu du Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek legegintzaldi honetan "beretarrentzat bakarrik" gobernatu duela, eta ez dela izan "nafar guztien lehendakaria".

 

Javier Esparzak Barkosen hitzaldiaren ondoren hartu du hitza Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan. "Lehendakariaren porrotetan porrotena izan da nafar guztientzat ez gobernatu izana", ziurtatu du, eta adierazi du Gobernuak eta laukoak iraindu eta mespretxatu egiten dituztela "bestela pentsatzen dutenak; berena ez da guztientzako Gobernua".

 

UPNko buruzagiak baieztatu duenez, "aukera berdintasuna haustea, euskara inposatuz funtzio publikora iritsi ahal izateko, ez da guztientzat gobernatzea, sindikatu nazionalisten aurrean makurtzea eta Nafarroarako enplegu planik ez lortzea ere ez da guztientzat gobernatzea, eta euskal nazionalismoaren bandera Nafarroan inposatu nahi izatea ere ez". "Aizu, Nafarroak badu bere bandera, eta nafar guztien bandera da", aldarrikatu du.

 

"Barkosen hitzaldiak duen gauzarik onena da Gobernuko lehendakari gisa egin duen azkena izatea", esan du Esparzak, eta Gobernua kritikatu du "ez duelako Foru Komunitatea kudeatu datozen urteetarako prestatzeko; oportunistak eta elektoralistak izan dira hasieratik amaierara arte".

 

UPNren eledunaren arabera, "datu ekonomiko guzti-guztiak egoerak berak hala ekarri dituelako etorri dira, eta ez berariazko politikak egin direlako Nafarroak emaitza hobeak izan zitzan. Hobekuntza guztiak etorri dira, soil-soilik, gobernatzea egokitu zaien garaia ikuspuntu ekonomikotik aldekoa izan delako, potentzialetik gorako hazkundea izan delako munduko herrialde ia guztietan, orekatua eta dinamikoa. Eta horretan egin dute porrot. Ez dute ziklo ekonomiko ona baliatu etorkizunaren alde apustu egiteko", azpimarratu du.

 

Hain zuzen ere "beste erkidego batzuekiko eta Espainia osoarekiko aldea laburtzen” ari dela azaldu du, eta adibide gisa hau esan du: "Nafarroan, oraingo legegintzaldian zehar, langabezia tasa ehuneko 2,62 puntu jaitsi da (% 12,55etik % 9,93ra), eta Espainia osoan, aldi berean, ehuneko 7,09 puntu (% 22,37tik % 15,28ra)".

 

Kritika egin du, halaber, "Barkosek legegintzaldiko lehen minututik erabaki zuelako Nafarroako herritarrak eta enpresak zergekin zigortu eta egurtzea, justifikazio faltsuak emanda eta zerbitzuak hobetuko zituela aginduta. Ez zen beharrezkoa, bidegabeko zerga igoera izan zen. Klase ertain eta langileei igo zitzaizkien zergak. Enpresa elkarteren batek konfiskaziotzat jo zuen igoera hori".

 

Adierazi du, gainera, Foru Gobernuak ez dituela beteko "bere programa-akordioan herritarrei egin zizkien promesetako asko. Hiru urte geroago, ez dugu oinarrizko errenta unibertsalik, ez garapenerako % 0,5eko laguntzarik, ez Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko berririk, ez Desgaitasuna duten Pertsonei Arreta emateko Plan Integralik, ez da zorrotz betetzen PFEZaren % 0,7aren legea, eta ez da betetzen Kontratazioari buruzko Foru Legearen artikulu hori, kontratazio publikoaren % 6 gutxienez gizarte erakundeentzat nahitaez gorde behar dela dioena".

 

Eledun erregionalista azpiegiturei buruz ere aritu da, esanez Barkos "Nafarroako lehendakari moduan jokatu eta inbertsioak hona ekartzen saiatu ordez, inbertsioak oztopatzen ahalegindu" dela. Iaz hala egin zuten, AHTarekin, eta aurten egiten ari dira UPNk 2018rako Aurrekontu Orokorrei aurkeztu zizkien zuzenketekin. Inbertsio horiek onak dira Nafarroarentzat", azpimarratu du.

 

Jarraian hau adierazi du: "Barkos Nafarroaz arduratuko balitz eta UPNren aurka jotzen hain tematuta ez balego, Espainiako Gobernua hertsatuko zuen inbertsioak dagoeneko burututa egon zitezen, baina ez zaio interesatzen inbertsioak egitea".

 

Hala, Gobernuak eraikitzeaz hitz egiten duenean, "agian beren Gobernuaren inguruan eraiki duten euskotxiringitoen bezero sareaz, euskara inposatzeaz edo ingurune nazionalistako entitate eta kolektiboei mesede egiteko bere obsesioaz ari da. Patata tortilla lehiaketa baten antolaketa ere baliatu dute euskara sustatzeko, beretarrei mesede egin eta dirua emateko", esan du ironiaz.

 

Javier Esparzaren iritziz, "proiektu nazionalista horren barruan euskarak leku nabarmena izan du Gobernu ekintzan, euskara nazio eraikuntzarako elementu gisa, horrela ulertzen baitute euskara alderdi nazionalistek, beren proiektu nazionalistaren hanketako bat dute, sinboloekin eta hezkuntzarekin batera".

 

Gobernuak "aurrera egin du Euskal Herriarekiko integrazio irrikatuan, horixe izan da haien lehentasuna, haien helmuga eta grina", gaineratu du.

 

Ezparzak auzitan jarri du Barkos bizikidetzaz mintzatu izana "zirkinik ere egin gabe, bere gobernukide nagusiak, EH Bilduk barkamenik eskatu gabe ETA talde terrorista eta egin zituen ia 1.000 hilketak babesteagatik. Bizikidetza? Argitu gabe dauden krimenak ebazten lagundu dezala exijitu gabe? Bizikidetza? Ez ikusiarena eginez ETAko kide bati omenaldia egiten zaion bakoitzean, espetxetik irteten direnean heroi gisara hartzen baitituzte?", galdetu du.

 

UPNren eledunak Barkosi aitortu dio kalea lasaiago dagoela, "aldarri gutxiago entzuten dira, baina zuek gobernatzen duzuelako eta Bilduk gobernatzen duelako, horrexegatik ez dira jada kalera irteten zuek eta zuen bazkideek kontrolatzen eta erabiltzen dituzuen kolektibo, sindikatu, elkarte eta entitate horiek guztiak. Horrek lasaitasun handiagoaren irudipena ematen du. Eta zuzen diot, irudipena, zeren eta funtsean egiaztatzen dena da zenbaterainoko kontrol eta hertsapenaren menpean daukazuen Nafarroako gizartea", amaitu du.

 

PSN, sentsazio "gazi-gozoarekin"

 

María Chivitek (PSN talde parlamentarioa) legegintzaldi honen irakurketa "gazi-gozoa" egin du. Beraren ustez, "ez da egon aldaketa handirik" eta "ez da ezer berritu".

 

Idazkari nagusi sozialistak esan duenez, "legegintzaldiaren balantzea gazi-gozoa da", zeren, nahiz eta "arlo ekonomikoan hobera egin dugun eta aurrekontu hedakorrak izan ditugun", Gobernuak "ez baitu oparoaldi hori baliatu erronka berriei ekiteko".

 

Adierazi duenez, "oparoaldi ekonomiko horrek zenbait gizarte-politika hobetzea ahalbidetu du, baina krisi ziklo batean egin ziren murrizketetako batzuei buelta eman baizik ez dute egin. Erronka handia ez da gainditu, ez da ezer berritu legegintzaldi honetan", berretsi du.

 

PSNren eledunak adierazi du ez dela egon ez eredu ekonomikoaren, ez osasun ereduaren, ez gizarte politiken aldaketarik. "Ez da aldaketa handirik egon legegintzaldi honetan", esan du. Haren iritzian, "legegintzaldi honetako porrota da ezkerreko eremu sozialak ez duela pisurik izan Gobernu honetan, gutxietsi egin dute. Gobernu honek gutxi izan du sozialetik eta asko identitariotik", erantsi du.

 

Chivitek Gobernuari aurpegiratu dio "elkarrizketa” egin duela, bai, baina "beretarrekin bakarrik. Ez da gehiengoak hedatzeko gai izan", gaitzetsi du Chivitek. "Ez enplegu planik, ez Arartekoaren berriztapenik.... Badu gehiengo politikoa, baina ez du gehiengo sozialik", egotzi dio.

 

Chiviteren ustez, bazegoen "Nafarroan aurrera egiteko ingurune egokia, baina aukera handi bat galdu da. Garapenaren aurkako politikak dituzten taldeen bidez Gobernuari eusteak ondorioak ditu, ondorio negatiboak", azaldu du.

 

Buruzagi sozialistaren esanetan "ia lau urte joan dira eta iragarri zuten aldaketa motz geratu da, erdibidean. Sozialistok hurrengo Gobernuaren buru izan nahi dugu, eta helburu hori errealista eta eskuragarria da; lehendakariaren alderdiarekin 8.000 botoren aldea dugu", esan du, eta Gobernu "ausarta, konplexurik gabekoa eta aurrerakoia” litzatekeela zehaztu du.

 

Hauteskundeen ondoren "ez da gehiengo osorik izanen eta akordioetara iritsi beharko da", ohartarazi du Chivitek. Podemos eta Izquierda Unidari "eskua" luzatu die "ezkerreko Gobernu aurrerakoia osatzeko, anitza, inongo identitaterik eta inongo hizkuntzarik inposatuko ez duena".

 

Chivitek gaitzetsi egin du lehendakariak ostegunean enplegu plana "aipatu ere ez egitea", eta azpiegiturak Gobernu honentzat "traba" izan direla iritzi dio. Zehazki, abiadura handiko trenbidea dela eta, "deus ere" ez dutela egin eta "busti gabe” jarraitzen dutela esan du, eta Nafarroako Ubidearen bigarren fasea "geldirik” dagoela.

 

Buruzagi sozialistak deitoratu egin du hezkuntza publikoa "lur jotzeko zorian" egotea Gobernu honekin. "Hondatzen ari da, eta itunpeko ikastetxeetako matrikulak gora egiten ari dira. Eta kontu ideologiko bat dago atzean, alegia, eredu batzuei mesede egitea eta besteei ez", kritikatu du, eta ondoren "ardura partekatua eta erantzukizun eta eskubide berdinak” eskatu ditu.

 

María Chivitek adierazi duenez, "gobernu batek ez luke gutxiengo baten hizkuntza nahitaez ezarri behar, haren eskariari erantzun baizik", eta "gobernu batek ez luke indargabetu behar guztion sinboloak babesten dituen lege bat, Komunitatearen ordezkaritasun instituzionalik ez duten beste sinbolo batzuen mesedetan".

 

“Gobernua ez da gai izan aniztasunarekin batera bizikidetza sustatzeko”. “Alderdikoikeria” ere leporatu dio, “hizkuntza-politikan, adibidez; eta hori guztia, gutxiengo bati mesede egiteko". Gobernu honek "oraintsuko memoriaren arloan" lan asko duela egiteko adierazi du, eta eskatu dio ez ditzala "biktimak parekatu eta nahasi".

 

Chiviteren iritziz, Gobernuak eskumen gehiago nahi dituela esatea "itxurakeria" da. Autogobernu gehiago nahi duela frogatzeko, amei ordaindu egin behar die —amatasun-baimenen PFEZaren atxikipena—, auzi batetik igaroarazi beharrean; hiru euskal probintziek, beren autogobernuarekin, amei atzeraeraginez ordaintzea erabaki dute", nabarmendu du.

 

Eledun sozialistak, azkenik, lehendakariari aurpegiratu dio “arazoetatik ihes egiten duela eta ezkutatu egiten dela. Bukatu da Gobernu honen denbora, gobernu berri bat behar dugu, aurrera egiteko gobernua, kalekoa. Nahiago genukeen legegintzaldi emankorragoa izan balitz".

 

“Bildots larruz jantzitako otsoen” Gobernua, PPNren iritziz

 

Ana Beltránek (FPE) esan du Nafarroako Gobernuko kideak "bildots larruz jantzitako otsoak" direla, "gure lurra puskatzera etorriak".

 

Beltránek baieztatu duenez, hiru urte geroago "nafarrei barruraino sartu zaie beldurra, gobernatzen ari direnen gehiegikerien aurrean".

 

"Hiru urtean zehar, egiaztatu dugu nola, besaulkian irautearren, makurtu egin zaren eta men egin diozun zure gobernukideek agindu dizuten guztiari", aurpegiratu dio Gobernuko lehendakariari.

 

PPren eledunak honako hau egotzi dio Uxue Barkosi: "existitzen ez den Nafarroa bat marraztu duzu zure diskurtsoan, zure irudimen beroan edo laukoarenean baizik existitzen ez dena".

 

Hiru urteko gobernuaren ondoren, gehitu du, "Nafarroa gero eta gutxiago da Nafarroa, eta zure atzean esertzen direnak poz-pozik daude, hala Geroa Baikoak nola Bildukoak, berek horixe nahi dutelako existitzen direnetik, Nafarroak existitzeari uztea".

 

Beltránek esan du berak "aske bizi daitekeen Nafarroa" nahi duela, "Altsasun eraso basatia jasan zuten guardia zibilak eta haien bikotekideak defendatzen dituen Nafarroa. Ez deitu horri tabernako iskanbila".

 

"Eta nahi dugu Nafarroa bat non Gobernua eta beraren inguruko alderdiak manifestazioan erasotuen alde irteten diren eta ez erasotzaileen alde, zuek egin duzuen bezala; aldi berean ez zarete gauza izan biktimei elkartasuna agertzeko elkarretaratze batera joateko", gehitu du.

 

Horregatik, "zuek zarete beldurra ematen duzuenak", adierazi du eledun popularrak; izan ere legegintzaldi honetan "ugaritu egin dira ETAren aldeko pintadak eta pankartak", Nafarroako Gobernuak "ETAko kideen aldeko omenaldi bat antolatu du", eta bada "ezker abertzale erradikaleko kideek legez kontra okupatutako eraikin publikorik".

 

"Duela hiru urtetik, abertzalea ez den Nafarroa honetan, abertzalea den eta bere sokakoentzat soilik gobernatzen duen lehendakaria dugu", azpimarratu du Beltránek.

 

Ildo beretik esan duenez, "iparraldeko auzoei begiratzen dien eta gainerakoak ahazten dituen Gobernua dugu, Euskal Herritik bereizten gaituzten mugak lausotu nahi dituena", eta Komunitatean "autonomia estatutuaren erreforma bat eztabaidatzen ari da, Nafarroa Euskadin sartzen duena haren atal gisa".

 

"Nafarroan dugun lehendakaria da bere erkidegoa desagertzea nahi duen bakarra", esan du Beltránek, eta, amaitzeko, honela kalifikatu ditu Gobernuko kideak: “bildots larruz jantzitako otsoak, gure lurra puskatzera etorri direnak, jada jauregi barruan dagoen Troiako zaldia dira, eta horregatik lehenbailehen utzi behar diote gobernatzeari, berandu izan baino lehen".

 

Geroa Bairen ustez, Nafarroak "egokiro egiten du aurrera"

 

Koldo Martínezek (Geroa Bai talde parlamentarioa) Nafarroa "egokiro" ari dela aurrera egiten esan du. "Bistan da oposizioa saltzen saiatu den apokalipsiaren arrastorik ere ez dagoela", erantsi du.

 

Geroa Bairen eleduna jokaleku ekonomikoaz mintzatu da. "BPGarekin alderatuta zor txikiena duten lau erkidegoetako bat da Nafarroa, Estatuan langabezia tasarik txikiena duen erkidegoa da, eta batez besteko soldatarik altuena duten hiruretako bat", adierazi du.

 

Azaldu du, gainera, Nafarroak 241 milioi euroko superabita izan zuela 2017an, eta horietatik 215 milioi datozela "Hitzarmen Ekonomikoari buruzko negoziazio arrakastatsuetatik" eta beste 26 milioi "oposiziotik hainbeste kritikatu zuten kudeaketa onetik eta erreforma fiskal egokitik".

 

Koldo Martínezek gehitu duenez "produkzio sektorea garatzea bezain garrantzitsua da behartsuenak zaintzea, eta gizarte estalduren eremuan ere egokiro ari gara aurrera egiten".

 

Hala, gogora ekarri duenez, "pobrezia tasa ehuneko 7,8 jaitsi da, mendekotasuna dutenentzako laguntza ehuneko 50 hazi da, alargun pentsioak eta pentsio txikienak handitu egin dira, eta inor bidean ez uztea ahalbidetzen duen errenta bermatua dugu".

 

Geroa Bairen eledunaren esanetan, "pertsonak lehenik” izan da Gobernuaren lema. "Oposizioak nazionalista, baztertzaile eta identitario gisa kalifikatzen duen Gobernua da, baina, esanak esan, hortxe daude egintzak. Nafarroak egokiro egiten du aurrera ongizate-estatuaren hedadurari eta sakonerari dagokienez", berretsi du.

 

Koldo Martínezek oposizioa kritikatu du "baldarkerian instalatuta dagoelako, nazionalista hitza bota du Gobernu hau iraintzeko, baina hori gezurra da". Hori dela eta, ukatu egin du Gobernua nazionalista dela, eta zehaztu du badirela lau kontseilari "nazionalista deklaratuak” ez direnak, laukoan nazionalistak ez diren bazkideak dauden bezala.

 

Koldo Martínezen iritziz, "Nafarroa erakusten ari da posible dela gizarte anitz bat gobernatzea aniztasunaren inklusioan oinarrituta". Triste dagoela esan du, "Parlamentu honen zati batek oraindik deus ere ulertzen ez duela ikustean, Parlamentu honen zati bat arrabol kolorebakarra aplikatzen zen urte haien minez dagoela. Eskema hori iragana da jada, batzuei min ematen badie ere".

 

Geroa Baiko parlamentariak esan duenez, UPN, PSN eta PPN ez dira egiten ari "Nafarroak eta haien boto emaileek merezi duten oposizioa. Oposizioko hirukoak egunero hautatzen du non kokatu, eta ez dago beti Gobernuaren kontra jartzera behartzen duen mandaturik, baina hala egiten du".

 

Koldo Martínezen esanetan, "zaila da bereiztea oposizioko alderdietako zeinena den diskurtso bakoitza, nahasi egiten direlako eta elkarren antza dutelako. Diskurtso trukagarriak dira", baieztatu du.

 

Geroa Bairen eledunak talde horiei "eskua luzatu" die "ahalik eta adostasun zabalena" bilatzeko Parlamentuak eztabaidatzeko dituen gaietan; hor ditugu, adibidez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin zerikusia duten legeak, kultura eskubideak, Foru Berriaren berrikuspena, edo beste gai batzuk, hala nola Hitzarmen Ekonomikoari buruzko Estatuarekiko negoziazio berria edo transferentziak emateko eskaera.

 

Koldo Martínezek ukatu egin du euskara "inposatu" denik, eta honako hau azaldu du: "Herritarren eskubide batzuk egikaritzea oztopatzen zuen hizkuntza politikaren aurrean, Parlamentu honek eskubide horiek ez oztopatzearen alde apustu egin du. Ez da euskara inposatu, bidea ezarri da inork euskara erabiltzea oztopa ez dezan, eta edozein herritarrek Administrazioarekiko harremanetan Nafarroako bi hizkuntzetako edozein erabili ahal dezan. Ez da inola ere inposiziorik erabili, aitzitik, dagoeneko Administrazioaren zerbitzuan ari diren langileen hizkuntza-kualifikazioaren bitartez ari da garatzen".

 

Azpimarratu du, gainera, Nafarroa "bakearen eta bizikidetzaren arloan ere egokiro" ari dela aurrera egiten, eta hau gehitu du: "Erakundeek, lehen aldiz, gure lurrean azken hamarkadetan gertatu diren gatazka eta bidegabekeria guztien biktima guztiei jartzen diete arreta, pertsona ororentzako giza eskubide guztiak dituztela bandera bakarra".

 

EH Bildu, “bide onetik”

 

"Bidaia honek merezi izan du", adierazi du Adolfo Araizek (EH Bildu). "Bide onetik goaz", gehitu du.

 

Araizek azaldu duenez, eztabaidan "amorratuta ikusi dugu UPNren eleduna, planteamendu anakronikoekin, planteamendu eraikitzailerik gabe; Gobernuan dagoen alderdia izatetik alderdi liskarzalea izatera igaro dira".

 

PSNren eledunari aurpegiratu dio "sei hilabete aurreratu dela eta hauteskundeetako mitin batekin nahasi duela eztabaida hau. Lehendabizi hauteskundeak gainditu behar dituzte, eta ikusiko dugu non jartzen gaituen gizarteak taldeetako bakoitza".

 

EH Bilduren eledunak esan duenez, "tarte handia dugu egiteko, baina bide onetik goaz, norabidea zuzena da. Oro har, pozik gaude, norabide orokorra zuzena delako", errepikatu du.

 

Beraren iritziz, "bidaia honek merezi izan du eta hemendik aurrera ere merezi izanen du. Ahalegin kolektibo horrek, 2015eko hauteskundeen ondoko auzolan handi horrek, inoiz baino biziago dirau".

 

"Gobernuak egindako urratsak" balioetsi ditu, eta lehendakariarekin bat etorri da gauza asko egiten ari direla esatean. "Nafarroako adierazle nagusiak 2015ean heredatu genituenak baino hobeak dira, eta hori ezbairik gabeko datua da", azaldu du.

 

Hizkuntza politikari buruz, Araizek esan duenez, "urrutirago joan eta ausartago joka zitekeen, baina pauso positiboak eman dira". Haren iritziz, arlo horretako ponentzia baten lanaren ondoren, "badugu garaia 32 urtean itxita egon den atea zabaltzeko, badugu horretarako aukera, eta baliatu egin behar dugu". Hala, Nafarroan "zonifikazioa gainditu" eta euskara "lurralde osoan ofizial" bihurtzearen alde agertu da. "Lege berri baten bidez herritarren eskubideak bermatuko genituzke", iritzi dio.

 

EH Bilduren eledunaren esanetan, "hurrengo hilabeteetan Parlamentuan jo eta ke aritu beharko dugu lanean, "asko dugulako egiteko. Legegintzaldia ez dago agortuta, eta ez da bukatu. Aldaketak Nafarroako gizartearentzako neurrietan sakontzen jarraitu behar du".

 

Hala, Araizek honako hau baieztatu du: "gure konpromisoa da aldaketa indartzea, garaile gerta dadila. Prest gaude, zuen esanetara gaituzue aldaketan sakontzeko gogotsu eta zintzo lan egiteko", esan du. "Desberdinak gara, eta horrek balio erantsia ematen dio", gaineratu du.

 

"Desberdinen arteko akordio batera iristeko gauza” izan direla azpimarratu ondoren, honako hau erantsi du: "Egin duguna izugarria da. Harrokeriarik gabe harro egoteko modukoa da, gabeziak eta akatsak gorabehera; aldaketa sakonagoak nahi ditugu". Gero deia egin du "hasi baino egin ez den bide horretan elkarrekin jarraitzeko".

 

Araizek azaldu duenez, "gabeziak" egon dira laukoaren baitan desadostasunak kudeatzerakoan, eta "hortik ikasbidea atera behar da".

 

UPNri zuzendu zaio honako hau esanez: "herriak erabakiko du eta zuek ez zarete Gobernura itzuliko, oposizioan egonen zarete, baina nahiago duzue egoera lohitu, Nafarroako gizarteari ezer eskaintzekorik ez duzuelako. Garrantzitsua da UPNk beste bide bat hartzea; Nafarroaren parte garrantzitsu bat zaretela uste dugu, horregatik zuzentzen gatzaizkizue begirunez eta eskatzen dizuegu zintzo joka dezazuela, gizartearentzat onuragarriak diren gaiak oztopatu gabe".

 

Eta PSNri ere zuzendu zaio. "Batzuetan boterea ukitzearekin amets egiten duzue, baina erregimenaren taupaden menpean jarraitzen duzue. Ez zarete fidatzekoak". esan die, eta azaldu du, era berean, Nafarroako gizartearen parte garrantzitsu bat direla. "Espero dugu iraganaren kontzientzia berreskuratu eta bestelako jarrera hartuko dutela".

 

Amaitzeko, Araizek aldaketaren aldeko "konpromisoa" agertu du "ahalik eta gehien aurreratzeko. Aldaketa ezer bada, bera ahalbidetu zuen gizartearen indarra da".

 

Azkenik, adierazi du EH Bilduk subiranotasuna nahi duela. "Nafarroak erabaki behar du nolako harremanak izan nahi dituen eta norekin, horregatik aldaketak aurrera jo behar du", esan du. "Beharrezkoa bada, hurrengo legegintzaldian Nafarroako estatus politikoaren inguruan eztabaidatu beharko da eta erabakiak hartu".

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik balizko “galgez” ohartarazi du

 

Laura Pérezek (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa) esan du "beldur" dela "Nafarroan aldaketak eskuinarekin eredu ekonomikoa partekatzen dutenen eskuetan jarraitzen ote duen", eta ezbaian jarri du, gainera, laukoko alderdi batzuek PSN erakarri nahi izatea akordioetara, horrek "aldaketa galgatuko” lukeela iritzita.

 

Laura Pérezen ustez, legegintzaldi honetan "pauso garrantzitsuak eman dira gaizkien pasatzen ari direnei eguneroko bizitza leuntzeko, baina funtsezko kontuetan, egiturazko politiketan, agian ez dira burutu guk nahi genituen aldaketak".

 

Foru parlamentariak azaldu du legegintzaldi honetan zehar Nafarroak 2.000tik milioitik gora gastatu duela ezkutuko bidesarietan, zorraren amortizazioan eta interesetan. Hori dela eta, zorra "aldaketa sakonagoak egitea eragozten duen uztarria” dela esan du.

 

Laura Pérezek adierazi duenez, "krisiaren arduradunak, miseriaren eta murrizketen kudeatzaileak Foru Gobernutik kanporatzea hil ala biziko premia zen. Nafarroako zoru publikoa bost halakotu zuen Gobernuari lehenbailehen eman zitzaion amaiera. Zorpetze horrek ez zuen inola ere lagundu produkzio eredu berri bat sortzen, aitzitik, azpiegitura erraldoietan oinarritutako garapen jasanezina sustatu zuen".

 

Podemos-Orain Bai taldeko parlamentariaren iritziz, "UPN, PSN eta PPNren politikek hondamenera eraman gintuzten, eta horregatik baino ez bada ere, ez dute merezi boterera itzultzerik".

 

Hala ere, baieztatu du, "lortu genuen haiek kanporatzea, baina oraindik hortxe dago haien itzal luzea, utzi ziguten zorraren zulo beltzean; oraingo Gobernua, kritikatu ordez, ez da ausartzen zor hori auzitan jartzen, eta horren kudeatzaile zintzoa bihurtu da".

 

Laura Pérezek esan duenez, "ez dago zerga erreformarik zorrari aurre egin diezaiokeenik, uztarri bat baita, eta gainetik kendu arte ez dugu izanen inor atzean utziko ez duen aukera emantzipatzailerik".

 

Parlamentariak azaldu du legegintzaldi honetan 2.000tik gora milioi ordaindu direla "ezkutuko bidesarietarako, zorraren amortizaziorako eta interesetarako", eta, horregatik, "dirurik ez dagoela esatea gezurretan aritzea” dela uste du.

 

Laura Pérezen esanetan, aurreko urteetako murrizketei ezin izan zaie buelta eman "UPN, PSN eta PPNren legeek galarazten dutelako. Ez da harago joan aldaketa sakonagoetan, legeek galarazten dutelako, eta legeak dira aldatu behar ditugunak. Geure burua miseria kudeatzen ikusi nahi ez badugu, jendea mobilizatu egin beharko da, batez ere UPN, PSN eta PPN ez daitezen gehiago itzuli erakundeetara", azpimarratu du.

 

Hala ere, Podemos-Orain Baiko parlamentariaren ustez, "zailtasunak zailtasun, Eskubide Sozialetako departamentuak lorpen garrantzitsuak izan ditu errenta bermatua bezalako partida garrantzitsuak blindatzeko garaian".

 

Hezkuntzaren alorrean, gastu sabaiak gora egin duela aitortu du Laura Pérezek, "baina, egia esan, baliabideak falta izan dira, eta horixe zen legegintzaldiaren hasieratik lehenetsi beharreko arazoetako bat. Baliabide gehien eman behar zaien departamentuetako bat da. Ez da gastua, inbertsioa baizik", amaitu du.

 

I-Eren balantze positiboa, “itzal baino argi gehiagorekin”

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) esan du legegintzaldiaren balantzea "positiboa” dela, "argiuneak askoz gehiago baitira itzalguneak baino", eta aldarrikatu du "ezker adoretsua" direla, "aldaketan egon dena".

 

De Simónek nabarmendu du oraingoa aldaketa politikoaren legegintzaldia dela, "ekintza politikoaren erdigunean pertsonak jarri dituena, arlo soziala lehenetsiz, eta gizarte anitz eta inklusiboaren alde apustu egin duena".

 

I-Eko parlamentariak adierazi duenez, "abiapuntuko egoeran murrizketa basatiak izan genituen, dozenaka mila pertsona krisiak, iruzurrak, pobreziak jota".

 

Haren iritziz, "2015ean adostutako aldaketa funtsezkoa izan da, norabide aldaketa, arlo sozialera eta diru publikoaren inbertsioa bideratua. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak hazi egin dira 2015etik: 552 milioi gehiago jarri dira, eta horietatik 384 inbertsio soziala handitzeko erabili dira, hau da, pertsonengan inbertitzeko".

 

De Simónek aldarrikatu duenez, programa-akordioak "ibilbide-orri berri bat markatu du, bestelakoa, Nafarroarentzat berariaz egina, UPNko gobernuek erabili dutenaren ordezkoa". Hala, "gaur I-En zalantzarik gabe berresten dugu Nafarroan aldaketa politikoaren prozesua babesteko eta hartan parte hartzeko hartu genuen erabakia".

 

Eledunak esan duenez, erabaki horrekin "I-Etik gure arrasto nabaria utzi dugu egindako aldaketan. Ezker adoretsua gara, aldaketa honetan egon gara eta I-Eren ekarpena erakargarria izan da".

 

Hala, honako hau azpimarratu du: "I-E ezker adoretsua izan da, Nafarroako botere faktikoen beldurrik eta menpekotasunik gabe eta konplexurik gabe parte hartu duena aldaketan. I-Ek ez du hutsik egin eta horretaz harro gaude. Ez dugu hutsik eginen.

 

De Simónen esanetan, "justizia sozial handiagoa dago zerga bilketa handiagoa dagoelako. Zerga erreforma arrakastatsua izan da diru bilketari dagokionez, eta erabakigarria izan da inbertsio sozialerako. Aldaketak Nafarroako garapenerako eta ongizaterako hainbat eta hainbat jarduketa ekarri ditu".

 

I-Eren eledunak aitortu egin du "desadostasunak" ere izan direla laukoan, eta zenbait arazo aipatu ditu, hala nola hezkuntzako zerrenda bakarra, hezkuntzako lan-eskaintza publikoaren banaketa, Geroa Baik AHTaren alde egindako apustua edo enplegu planik ez egin izana. Azken hori dela eta, deitoratu du "Gobernua sindikatu nazionalisten gatibu izan dela, akordioak lortzearen gainetik jarri baitituzte UGT eta CCOOrekin dituzten liskarrak".

 

Gainera, I-Etik "ezetz esan dugu agenda nazionalista areagotzeko ahalegina egin denean" Nafarroako lauko Gobernuko taldeen aldetik. "I-Ek heldutasun eta sendotasun politikoa izaten jakin du bere jarrera defendatzeko eta inori besoa bihurritzen ez uzteko; Nafarroa anitza defendatu duen ezkerra izan gara", adierazi du.

 

De Simónek erantsi duenez, "I-Ek aldaketa gehiago eta ezker gehiago nahi ditu. Ezin du onartu atzera egiterik, aldaketan aurrera segitzea baino. Sinetsirik gaude Nafarroako gehiengo sozialak nahi duela Nafarroa anitzak bidea irekitzen jarrai dezan eta Nafarroaren etorkizunak ezker sendoagoaren beharra duela".

 

Azkenik, "aldaketaren bermea gara, ezkerrarena, eskuineranzko bolante kolperik izanen ez den bermea".

 

Uxue Barkosen erantzuna

 

Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek gezurtatu egin ditu Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan oposizioko taldeek egindako akusazioak, eta laukoari eskerrak eman dizkio “bai adostasunean eta baita desadostasunean ere” egindako lanarengatik.

 

Barkosek bere ihardespen-txanda baliatu du UPN, PSN eta PPNk azaldutako kontuetako batzuk gezurtatzeko.

 

UPNri erantzunez, lehendakariak zenbait adibide aipatu ditu guztientzat gobernatu duela frogatzeko: mendekotasuna duten pertsonentzako zerga-arintzeak eta biztanle zaurgarrienak gizarteratzeko errenta, pentsioen igoera, funtzionarioei aparteko soldata itzuli izana eta itxarote-zerrendak laburtu izana.

 

Gainera, ukatu egin du Nafarroako bandera “mespretxatu” izana, Javier Esparza erregionalistak egotzi dion moduan. Horrelakorik inoiz ere ez duela egin erantzun du. “Zuek mespretxatu zenuen, frankismoaren laidoa 20 urte luze iraunarazi zenutenean”.

 

PSNri dagokionez, ukatu egin du “zenbait murrizketa” bakarrik kendu izana, María Chivite eledun sozialistak leporatu dion bezala. “Zenbait horien zerrenda oso luzea da —baieztatu du—, eta, zorionez, Nafarroak bide horretatik jarraitu izan balu kenduko zirenak baino askoz gehiago izan dira”.

 

Baietz, berrikuntza egon dela ziurtatu du, eta ukatu egin du aldaketa “laburra eta epela” izan denik. “Ez nago ados, ezta hurrik eman ere”, aldarrikatu du Barkosek, eta legegintzaldi honetan garatutako aldaketa “izugarri handinahia” izan dela adierazi du.

 

Ildo beretik, “Nafarroa gero eta gutxiago da Nafarroa” esan duen Ana Beltrán eledun popularraren baieztapen hori kritikatu du, “funts, sakontasun eta errealitate urrikoa” dela esanez.

 

“Sekula ez dut esan Nafarroa Euskadik anexionatzea nahi dudanik, hori gezurra da”, azpimarratu du lehendakariak, eta “onartezintzat” jo du popularrak goizean egindako akusazioa, alegia, “bildots larruz jantzitako otsoak izatea, gure lurra puskatzera etorriak”.

 

Aitzitik, lauko Gobernuko taldeei eskerrak eman dizkie “hiru urte hauetan hala adostasunean nola desadostasunean egindako lanarengatik. Balantzea positiboa da, ez soilik beren konfiantza eman ziguten pertsonak hemen ordezkatzen ari garenontzat, gizarte osoarentzat baizik”, gehitu du.

 

Adierazi duenez, aldaketak “izugarrizko sakontasuna izan du burutu diren jarduketetako batzuetan”, nahiz eta, “jakina, oraindik lanean ahalegin handiagoa egin beharko den hurrengo urteetan”.