Jokoari buruzko Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartzea onetsi du Parlamentuak
Apustu-etxeak arautzeko Ponentziaren txostenean oinarrituta, ludopatiaren prebentzioan eta adingabe eta kolektibo kalteberen babesean eragin nahi da
Parlamentuaren osoko bilkurak Jokoari buruzko Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartzea erabaki du gaur aho batez. 2019ko urritik 2021eko maiatzera bitartean apustu-etxeen nafar araubidea prestatzeko burututako ponentziaren irizpenean oinarritzen da testua, bertan aztertu baitzen nola eragin ludopatiaren prebentzioan, adingabe eta kolektibo babesgabeen babesean eta joko arduratsuaren sustapenean.
PSNk eta Geroa Baik bultzatutako lege-proposamenaren helburua da jokoari lotutako ludopatien hazkundeak -kirol apustuak bereziki- eragindako kezka sozial eta politikoari erantzutea, osasun publikoko arazo bat dela uste baita, bereizki gazteak kaltetzen dituena.
Lege proposamenak hainbat iradokizun jasotzen ditu prebentzioaren, formazioaren, publizitatearen, lokalen baldintzen eta distantzien arloan. Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen du fiskalitateari buruzko berariazko azterlan bat egin dezan eta joko-lokaletan edari alkoholdunen kontsumoa debekatzeko aukera azter dezan.
Kirol-apustuetarako lokalei dagokienez, establezimenduen (etxeak eta joko-dendak) arteko distantzia 300 metrokoa baino gutxiagokoa izan ez dadila planteatzen da. Gutxieneko distantzia bera eskatzen du edozein mailatako ikastetxe, gazteleku, hezkuntza- edo kirol-instalazio eta tratamendu- eta errehabilitazio-zentroekiko, “eta udalerri bakoitzak distantzia hau handitzeko aukera izanen du".
Baimendutako ostalaritza-establezimenduek apustu-makina bakarra instalatu ahal izango dute, sari programatua duten B motako joko makinaz gain. Partidaren prezio mugatu baten truke, erabiltzen edo jokatzen denboraldi zehatz bat ematea eta noizean behin sari mugatu bat dirutan lortzea ahalbidetzen dutenak dira makina hauek.
Apustu-makinak, erabiltzen ez direnean, desaktibatuta egongo dira, eta urrutiko kontrol bidezko aktibazio- eta desaktibazio-sistema bat izan beharko dute, adingabeek eta jokoa debekatua duten pertsonek erabil ez ditzaten. Epe bat ezarriko da tresna hori ez duten establezimenduek tresna eskura dezaten.
Debekatuta dago horrelako makinak jartzea terrazetan, bide publikoetan eta lokalen kanpoaldean. Baita barruan ere, baldin eta tabernak edo kafetegiak ikastetxe, osasun-zentro, gizarte-zentro, gazteleku eta kirol-instalazioetan badaude. Lokaleko arduradunek izango dute arauak betearazteko erantzukizuna.
Bestalde, apustu-lokalek gutxienez 50 metro karratuko azalera izango dute, eta errotulu edo afixa bat jarri beharko dute adieraziz debekatuta dutela adingabeek eta debekuen erregistroan inskribatutako pertsonek apustuetan parte hartzea. Era berean, argi eta garbi azaldu beharko da apustu-jokoen gehiegizko praktikak mendekotasuna sor dezakeela.
Prebentzio-neurriak formazioaren esparrura iristen dira, hala, Hezkuntza Departamentuak prebentzio-programa espezifikoak ezarri ahal izango ditu, eta lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu erakunde eta elkarteekin, jokoari lotutako patologiak saihesteko.
Proposamenak, halaber, joko- eta apustu-jardueren publizitatea, laguntza eta promozioa ere jorratzen du, eta ezartzen du, besteak beste, aldez aurreko administrazio-baimena beharko dela legea betetzen dela ziurtatzeko, baita joko moderatua eta ez-konpultsiboa sustatzeari dagokionez ere.
Ez da komunikazio komertzialik baimenduko, baldin eta jokamolde zentzugabea, adikziozkoa edo patologikoa bultzatzen badute, edo jokoan parte hartzen dutenei mailegu-eskaintzak edo beste edozein kreditu-modalitate aurkezten badizkiete.
Era berean, kirol-klubei apustu-enpresen laguntza debekatzea eta Nafarroan finantzaketa publiko osoa edo partziala duen edozein kirol-jardueratan apustuen publizitateari betoa jartzea eskatzen da. Hortaz, kirol-jarduerek ezin izango dute diru-laguntza publikorik jaso, baldin eta osorik edo zati batean lagunduta badaude jokoarekin zerikusia duten enpresengatik edo enpresa hauen publizitatea egiten badute.
Testuinguru horretan, jokoarekiko adikzioa edo osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonen hezkuntza, osasun, kirol, kultura, jolas, egoitza edo errehabilitazioko zentroetatik 300 metro baino gutxiagora dauden euskarrietan publizitatea egiteari uko egiten zaio.
Oro har, etxera bidaltzen den publizitatea debekatzearen alde egiten da, posta, telefono edo bitarteko telematikoen bidez helarazten dena barne. Halaber, Nafarroako egunkari, aldizkari edo edozein komunikabidetan publizitatea debekatzea eskatu dute, baita Foru Erkidegoan dauden irrati eta telebistetan ere, 01:00etatik 05:00etara izan ezik, hori baita propaganda mota horri irekitako tarte bakarra.
Azkenik, zehazten da Tokiko Administrazioen jarduketa-esparrua –distantziak, gutxieneko baldintzak, etab- foru araubideak ezarritakoari lotuta dagoela.
Nafarroako Gobernuaren atariko lan batzuez gain, lege-proposamena ponentziaren ondorioen txostenean oinarritzen da. Ponentzia hori Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordearen barruan eratu zen, I-Ek eskatuta, apustu-etxeen nafar araubidea prestatzeko, eta irizpena 2021eko maiatzaren 25ean onartu zen, 20 hilabeteko lanaren ondoren. Jarraian, Osoko Bilkurara eraman zuten, eta ekainaren 10ean eman zioten oniritzia.
Behin aintzat hartzea onartuta, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordean emango da lege-proposamenaren gaineko irizpena, Osoko Bilkurara itzuli aurretik, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru Lege proposamena (28- NPAO, 2022-03-23koa)