Jokabide-laguntza positiboari eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeei buruzko XXV. Jardunaldien irekiera ekitaldia
Unai Hualdek behar bereziak dituzten ikasleen bizi kalitatea hobetzeko moduen inguruan hausnartzeko deia egiten du
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Jokabide-laguntza positiboari eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeei buruzko XXV. jardunaldiei hasiera eman die gaur arratsaldean. Adimen-desgaitasuna duten ikasleen bizi kalitatea hobetzeko jardunbide egokien inguruan hausnartzea da helburua, bereziki egokitu gabeko jokabideak dituztenean. Nafarroako Eskola Kontseiluarekin batera antolatuta, urtarrilaren 22an, 23an, 29an eta 30ean ospatuko dira Foru Legebiltzarraren egoitzan.
Jardunaldien helburua, Unai Hualdek azaldu duenez, jardunbide egokien trukea da, eta azpimarratu duenez, aukera paregabea da “gure erkidegoan Hezkuntza Bereziko ikastetxeek burutzen duten lana ezagutu eta honen garrantzia azpimarratzeko. Zalantzarik gabe gaurkotasuna duen gai baten aurrean gaude, LOMLOE Hezkuntzaren Lege Organiko berriaren onarpenarekin bat baitator".
Testuinguru horretan, "CREENAren eta Hezkuntza Bereziko lau ikastetxeen artean jokabide-nahasmenduei arreta emateko aurreko Gobernuak bultzatu zuen lankidetzaren emaitza onak” azpimarratu ditu lehendakariak, eta, horri dagokionez, beharrezkotzat jo du "jokabide-laguntza positiboari buruzko ikuspegi teoriko praktikoaren" berezitasunetan sakontzen jarraitzea. Horretaz hitz egingo dute jardunaldiek".
Unai Hualdek, amaitzeko, gogorarazi du "Nafarroa aitzindari izan dela behar bereziak dituzten ikasleen eskolatzeari dagokionean", eta Eskola Kontseiluaren, Foru Gobernuaren eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren (CREENA) "inplikazioa" eskertu du.
"Jakin nahi dugu zer egiten den eta zer egin behar dugun jokabidearen arloarekin lotutako premien arreta optimizatzeko. Jardunaldi horiek emankorrak izatea eta sortutako interesari erantzutea espero dugu. Hilabete batzuk barru, eleaniztasunari buruzko beste jardunaldi batzuk iragarri ahal izatea espero dugu. Eskerrik asko, eskerrik asko ".
Manuel Martín Nafarroako Eskola Kontseiluko presidenteak "baikortasun” mezua helarazi nahi izan du, eta “justizia soziala” ere aipatu du, “inklusioaren eta hezkuntza berdintasunaren eraikuntzarako erabakigarria" dela iritzita. “Ikasgeletan elkarrekin bizitzen ikastean datzan hezkuntza-filosofia hori eraginkortasunez bultzatzen eta inplementatzen jarraitu behar da, besteak hobeto ezagutuz”.
Martínek Jokabide-laguntza positiboan oinarritutako hezkuntza filosofia berri honekin hizlari guztiek duten konpromisoa nabarmendu du, eta adierazi du “edozein zerbitzutan lan egiteko modu bat dela, jokabide problematikoak egon ala ez, izan ere, eskola-testuinguruan, testuinguru judizialean eta pertsona nagusien arloan aplikatzen ari da. Eskerrik asko zuen analisiak eta ikerketak partekatzeagatik".
Manuel Martinek amaitzeko Parlamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren inplikazioa eskertu du, eta berariaz oroitu nahi izan ditu Aitor Etxarte, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohia, zendu berri dena, eta Koldo Sebastian, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko pedagogia terapeutikoko maisua.
"Espero dut jardunaldi hauek, 500 izen-emate inguru izan dituztenak, Aitor Etxarteri omenaldia egiteko balio izatea, baita Foru Erkidegoko irakasle guztien lana aitortzeko ere".
2020an jardunaldiak atzeratu egin ziren pandemiagatik, eta Nafarroako Parlamentuak eta Eskola Kontseiluak sinatutako Hitzarmenaren barruan kokatzen dira, 2021etik aurrera hasitako lankidetzari jarraipena emanez.
Jardunaldietan aurkezten diren proposamenak IDEA aldizkariaren 53. zenbakian argitaratuko dira eta, gero, lan monografikoa editatuko da ekarpen horiekin. 500 pertsona inguruk eman dute izena eta streaming bidez jarraitzeko aukera egonen da.
Irekiera ekitaldiaren ondoren, Istrerria HBIko José Andrés Burguete eta Alicia Azkonak Jokabidea eta laguntza integralari buruzko hitzaldia eskaini dute. Carmen Márquez psikologo klinikoak eta Autismo BATA elkarteko haur eta gazteen alorreko zuzendari teknikoak Jokabide-laguntza positiboa: gaur egungo egoera eta etorkizunerako aukerak ponentzia eskainiko du jarraian.
Ekitaldian Hezkuntza batzordeko Pedro González (Navarra Suma) eta Jabi Arakama (Geroa Bai) parlamentariak egon dira, baita Gil Sevillano Hezkuntzako Zuzendari Nagusia, Iñaki Martínez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria, eta María José Cortes, Gizarteratze, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendaria.
Larunbatean, urtarrilak 23 (Osoko bilkuren aretoa, 9:30), El Molino HBIko Elvira Lacunzak, Beatriz Arbillak eta Sylvia Garcíak, Jokabidea eta Bizikidetza - tratu ona hitzaldia emanen dute. Segidan Ramón Novell psikiatrak eta Gironako Osasun Laguntzako Institutuko desgaitasun intelektualean eta osasun mentalean espezializaturiko zerbitzuko buruak Jokabide-laguntza positiboa: jarduteko proposamen zehatzak ponentzia eskainiko du.
Goizari Hezkuntza Bereziko ikastetxeak: Nolakoak izan beharko genuke 2025ean jokabidearen alorreko premiak hobeki artatzeko? mahai inguruarekin emanen zaio amaiera. Partaideak Mª José Cortés, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendaria eta Nafarroako lau HBIetako zuzendariak, José Andrés Burguete, Elvira Lacunza, José Luis Gamén eta Mª Carmen San Miguel izanen dira.
Jardunaldiek urtarrilaren 29an, ostiralarekin jarraituko dute (Osoko bilkuren aretoa, 17:30), eta Torre Monreal HBIPeko Abel Zardoyak Jokabidea eta Laguntza Positiboko Planak hitzaldia eskainiko du. Ondoren, Laura Escribano logopedak, Lehen Hezkuntzako irakasle eta Pedagogia Terapeutikoan espezializatuak, Jokabide-laguntza positiboa: koordinazioa eta sistematizazio operatiboa ponentzia eginen du. Arratsaldearekin amaitzeko, Marcos Ortega magoak Arretaren magia emanaldia eskainiko du.
Larunbatean, urtarrilak 30 (Osoko bilkuren aretoa, 9:30), Andrés Muñoz HBIPeko Charo Casas eta Mirian Hernándezek Jokabidea eta babesteko neurri erreaktiboak hitzaldia eskainiko dute. Jarraian Sergio Aguilera Nafarroako Ospitaleguneko neuropediatrak eta Medikuntzako eta Neurozientzietako doktoreak Jokabide-laguntza positiboa: egoera akutuak neurobiologiatik ulertzea hitzaldia eginen du.
Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilaria eta Manuel Martín Nafarroako Eskola Kontseiluko burua izanen dira ondorioak atera eta jardunaldiei amaiera emateko arduradunak, eta bukera gisa Isterria, El Molino, Andrés Muñoz eta Torre Monreal HBIetako bideoak jarriko dira.